Joan da aste hau ere
…eta batzuetan gurago. Izan be, ondo hasten ez den astea, hobe ez hastea. Eta zenbat kosta amaitzea!
Ez genuen ondo hasi, baina hartu du tankera, apurka apurka. Egunak joan ahala, eginahalak eta bi izan ditugu, geldi ez gara egon, eta zapatuko gertakizunen zain, adi adi gaude, plazaren bueltan.
Asteleheneko kontatu nizuen, mezuak jaso ditut gero, eta horretaz mintzatu gara hemen eta han. Tristura nagusi astelehenean eta martitzenean. Hutsunea orain. ETBkoak, Larrabetzukoak, San Inaziokoak… denak kalean elkartuta. Agurtu dugu Txaber. Ez adiorik.
Lasaitzeko edo, irratsaioa egitea izaten da onena horrelakoetan. Estudioan sartu, musika jarri, eta berbaz jarraitzea. Saioa txukuna atera zitzaigun Jabi eta biori, martitzenean bertan.
Eguaztenean, San Antonio. Aitzakia ona Urkiolara joan eta zapatak urratzeko.
Koldo Izagirre eta Joseba Tapia eguenean Hori Bai gaztetxean. 1936-37ko gerra hizpide. Kantuak, egunkariak, pertsonaiak -gogoan hartzekoa Cristobal Errandonea- Joseba Tapiaren soinua… berandurarte.
Eta oharkabean, barikua. Badoa astea. Eta biharkoa hizpide kafe artean, lagunekin, herritarrekin. Udal berria osatzen da bihar Hego Euskal Herriko udaletxeetan. Gurean, berriago izateko aukera asko daude, ezkerrera egiteko modua egongo da, beti ere IU-Aralarrekoek gura badute. Ezker abertzaleak, inoizko emaitzarik onenak lortu dituen honetan…. ikusiko dugu zer gertatzen dan.
Bihar biharkoa, orain pantaila guztiak amatatu eta etxera noalako. Lanak ahaztu, eta asteburuaz gozatzera.