agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  teknologia berriak

Eguneratzen

aztertzen, ikasten.

Bloga beharrezko tresna izan da azken urteotan teknologia berrien olatuotan murgilduta ibili garen bidaiariontzat. Kultura librea, software eta hardawareari buruzko ikasketa prozesu etengabea, informazioaren inguruko komunikazio ekintzak, sare sozialak, komunitatea… asko ikasi dugu. Asko eman dugu. Asko ezagutu dugu.

oztopen gainetik irudimena lau haizetara
oztopen gainetik irudimena lau haizetara

Eta bide horretan jarraitu behar dugu. Sareak askorako ematen du, eta bakoitzak bere lubakian, bere trintxeran jarraitzen dugun arren, kalean maiz batzen garen arren, gure ikasketa eta garapen prozesuek jarraitu behar dute martxan.

Ikasi dugun guztia hedatzen saiatu gara. Eta asko daukagu oraindik ikasteko. Garenaren zati garrantzitsu bat hemen dago. Hemendik sortu dugu. Hemen adierazi. Baina izaten jarraitzen dugunez, asmatu beharko dugu ere sorkuntza telematikoan irauten, gehiago sortzen, dinamika berriak pizten.

Laburrera eta azkarrera jo dugu maiz. Mikromezu intelegienteenetan murgilduta daude gure eguneko ordurik emankorrenak. Eta pentsamendu azkarrari, gogoeta gehitu behar diogu. Irudi gehiago, irudimen loriatsuagoa.

Behin eta berriro saiatzen garen arren, askotan ez dugu tabernarako astirik, iritzi artikulurik sakonenak aztertzen hasteko betarik, lagunekaz berba egiteko denbora hartzen, bisitatzeke daukagun toki horretarako tarte lortzen… baina saiatu beharra dago.

gaztelumendi.org proiektuak adar asko ditu, eta ikusgarriena hau izan da luzaz. Orain nagiak astindu, eta berrosatzen abiatzea egokitzen da.

Honetan jarraitzeko arrazoi asko dago, eta egin egingo dugu.