agit/prop

Kartzelatik blogari

Euskal Herrian idatzitako blogak inprimitzen zizkion osabak. Eta kartzelara eroan. Irakurtzeko. Hemen zer berri jakiteko. Egunkarietakoez gain, aldizkarietatik landa… beste irrintzi batzuk ere badirela eta.

Poemak idazten zituela esan zidan bere neskalagunak. Idazten trebea zela.

Halako batean amarekin egon nintzen. Eta harro zegoen semearekin. Ikasle ona izan zela, militantea ere tamainakoa.

Gaur egun preso daukate Tolosan. Etxetik lau ordura edo. Autoz. Neskalaguna, anaiak, ama, osaba joaten zaizkio bisitan. Liburuak, paper inprimatuak, musuak, besarkadak eta Euskal Herriaren zati bana eroango diote, doazen bakoitzean.

Baina gaur, bere blogaren berri izan dugu. Eta bat batean, ideia guztiak batera etorri zaizkit burura. Ama, anaiak, osaba, neskalaguna, Durango eta gainontzekoak.

Oierrek idazten dituenak irakurriko ditugu aurrerantzean. Berak marraztutakoak ikusiko ditugu. Eta gorantziak bidaliko dizkiogu, blogean bertan. Eta berriz ere, bisitan doazenean, inprimaturik jaso beharko ditu. Bera eta gure artean, sare handi bat barik, beste zeozer dagoelako.

Aupa Oier. Irakurle gaituzu.