hurrengo geltokia

harrabots ikasleen kazeta

 harrabots

Leioan izan gara gaur. Unibertsitatean. Aspaldiko partez. Betiko bidetik baino, ezkerrekotik sartu naiz. Zientzia eta Teknologien fakultatean. Paraninfo eraiki berrian.
Ikasle euskaldunak topatu ditut han. Gutxi batzuk. Edo asko… segun eta zelan begiratzen den. 75 zenbatu ditu nire lagun batek.

Andoni Egaña aurkezle. Ikasleak irakurle, esatari, idazle, kantari. Gero Anje Duhalde. Gero bertsolariak. Han izan da euskara errektereordea ere, Ludger Mees. Irakasle izan nuen alemaniar euskaldundu hau. Errektoregoa da egun. Euskararen alde edo…

Ezaguna da Leioan, beste kanpusetan antzera ziurrenik, gaztelaniazko kazetez beterik daudela bazterrak. Periodico universitario, Gaceta Universitaria… papera eta paper gehiago. Doan. Eskura. Baina euskarazko berba inprimaturik ez du topatuko ikasle euskaldunak.

harrabots ikasle kazeta
Eta hori estaltzera dator harrabots ikasleen kazeta hau. Unibertsitatearen laguntza doan inprimatuko da. Doan banatzeko. Doan eskuratzeko.
Ikasle abertzaleenak hor ari dira, burubelarri proiektuan. Unibertsitateak ikasleen kezkarekin bat egin du oraingoan. Txalotzekoa. Bide berri bat.

Baina nire harridura irakaslegotik etorri da. Gaur ere, ez dut Kazetaritza fakultateko irakasle bat bera ere kausitu han. Beraien bulegoetan egongo ziren agian, ikerketak zuzentzen, ikasten, edo metodologia hobeagoen bila. Gaurkoa historikoa izan den arren, irakasleak beti okupaturik.

Irakasle abertzaleak topatuko dituzu Leioan. Irakasle lab_eldunak. Irakasle progresistak, ezkertiarrak… bla, bla bla… Ikasleen ondoan argazkia? Ez, ez da komeni.

Ikasleen harrabotsa entzuten jarraitu gura dut nik. Irakurri eta erantzun. Eta bloga ere prestatu dute. Beraz, badoaz. Ari dira. Aurrera.