Aurrera Ubuntu tribe
Ubunturen kutxa bat jaso nuen posta bulegoan. Autoan daukat.
Aurrera eta atzera. Noiz instalazio mordo bat egingo. Noiz jendearen artean ezagutaraziko.
Badugu horrelako zerbait egiteko asmoa, ekainean, gure herriko gaztetxean; Larrabetzu.org guneak urtea egingo duelako bidean, sarean. Ubuntu distribuzio librea, Live Cda, umeentzako software librea, hezkuntzarako egokitua… Ubuntu da aspaldion ezagutu dudan ekimen aipagarrienetako bat.
Sarearen bitartez ezagutu nuen Ubuntu tribe. Itzela iruditu zitzaidan ideia -egingarria oraindik-, itzela asmoa, eta isuri zuten gogoak nabarmentzen zituen. Marketing birala egiten trebe aritu dira. Han eta hemen jo dute atea. Zabaldu zaizkie batzuk. Munduratu egin dira.
Zabaldu.com-eko Arkaitzekin hizketan, marketing biral ekintza bat izan zitekela ohartarazpena egin nuen. Pozik ni. Euskarari bisibilitatea emango zion ekintza baitzen. Munduan bagarela erakusteko saioa. Munduko ere bagarela. Gu eta mundua. Munduan gu.
Euskaldunak munduan
Ona aukeratu duten zioa. Ubuntu. Oso ona aukeratu duten modua. Eta lanari ekin diote, eskura zituzten tresna guztiak baliatuz. Euskal Herritik mundura abiatu dira, eta Euskal Herrian sortutako tresnekin batera –zabaldu, bildu, irratia.com, tagzania, sustatu…- munduari begira ere egon dira. Twitter, del.icio.us, flickr, technorati… Internet borborka dabilen uneotan, nazioarteko ekimen txalogarria burutu dute. Burutzen ari dira.
Zarata ataratzen ari dira. Poztekoa da. Poztu egiten gara.
Gaur, mezu bat igorri didate. Nik nire lagunei berriz igortzeko. Eta nik normalean ez dut horrelako kateetan parte hartzen, gutxiago helbide guztiak agerian dituztenetan. Izan salaketa, izan zipaioen azken sarraskia kalean, edo Afrikako irudi exotikoen powerpointa… ez ditut gustuko horrelako kateak.
Zintzoa iruditu zait Ubuntutribetarrena. Asmo neurtua da. Asmoa luzea. Ibilbidea ez da zertan hazruido.com lehiaketa horretan amaitu behar. Etorri daiteke filmea egitea ere. Izan daiteke aukera bat, euskarazko software librea eta gure kultura nazioartean zabaltzen jarraitzeko. Eta blogean zabaltzea erabaki dut, eta blogeko mezua igorriko diet nire lagunei. Ubuntutribe ezagutu dezaten, eta Ubuntutribe ekimenaren berri edukita, nik neuk CDak autoan ditudala esango diet. Esan dizuet. Eta Larrabetzun install party bat egin gura dugula, ekainean, uda sartu aurreko asteburuan. Eta hori guztiori… badakizue.
Iruzkin Bat
ubuntutribe
Kaixo Patxi:
Ez dakizu zenbateraino lasaitzen gaituzten zure eta beste batzuen hitzek. Besteak beste, Pello Zabalak ere zoriondu gaitu!
Izan ere, manifestuan adierazi bezala, bagenuen kritiken beldurrrik. Euskal Herrian zorrotzak izan ohi dira eta.
Eta gaur iritsi da zorrotzenetako bat, Teknosexua blogean.
Esan bezala, edozein kritika entzuteko gertu gaude. Eztabaida eragitea ere helburua da eta.
Gauza bat barkatu behar diguzue. Eposta kateatuena narrats eginda dago, aitortu behar dugu, Azkarregi… Jasotzaileak agerian ez uztea utxienekoa zen… Ez dugu hori ondo neurtu.
Ondo izan!