Aupa Tobaritx!
Agirre lehendakariari buruzko dokumentala egiteko enkarguarekin zetozen. Agirre, autodeterminazioa eta batasuna izango zuen izenburu. Zuzendaria eta gidoilariarekin batera bazkaldu nuen. Gerraz aritu ginen, Burdinezko gerrikoa ezagutu nahi zuten, bertatik bertara. Hegazkinlari alemaniarra non erori zen erakutsi nien, eta ordurako Euzkadi eta Eguna egunkarietako kronikak ondo irakurriak zituzten.
Behelainoa dut gogoan
Lokalizazioak egiten ari ginen, balizko filmaketarako. Eta pozik nenbilen langintza hartan.
Berbaz jarraitu genuen, ametsetan. Fikzioa sinesgarri egiten, etorkizunaz, zinemaz ere bai beharbada, eta politikaz apur bat.
Sagardotegiko berbaldia, osteko ibilalditxoak baino gehiago gogoratzen ditut. Ez zen giro inguruan. Ez genituen paraje ederrak bertatik bistaratuko.
Baina filmea egiteko aproposak zirela iritzi zion zuzendariak.
Iluntzean agurtu genuen elkar. Zuzendariak, idazleak eta hirurok.
Ez zen filmerik izan. Jeltzaleak izutu egin ziren dokumentalaren planteamenduarekin. Ramon Agirrek bere osabaren papela jokatu behar zuen, fikzioa eta orduko irudiak tartekatuko zituen dokumentala beste esku batzutan utziko zutela jakin nuen gero, eta Deia egunkariak banatu zuen halako dokumentaltxo bat, ez ona, ez historikoa, ez Agirreren mailakoa. Hartan geratu zen nire zinemazko amets historikoa. Behelaino artean.
Orain, zinema zuzendaria agurtu behar dugu. Bere filmeak, bere esanak, elkarrizketak, asmoak, ikuskak geratzen zaizkigu. Eta kontent gara. Harro. Baina behelaino bat somatzen dut inguruan, ez dakit zergaitik. Agirre lehendakariarena ez bada, beste filmeren bat zor diogu, dudarik gabe. Ia eguraldiak atertzen duen. Aterri ageri du handik…