agit/prop,  larrabetzutik

Larrabetzun auzolanean ari gara

Domeka goiza. Goizetik. Ez gara poteorako geratu, ez goaz mendira, ez dugu kirola egin behar, laneko arroparekin agertu gara plazara.

Domeka goiza da, baina ez goaz igandeko arropaz jantzita. Lanerako gatoz plazara.

Domeka goiza da eta asteburu luzean ez dugu zubirik egin, lanerako irten gara plazara.

Baserrietako tresnak ekarri ditugu, erreka, erreka bazterrak garbitzea dugu helburu, eta horregatik etorri gara plazara. Andrak etorri gara, mutilak etorri gara, umeak etorri gara, gizonak etorri gara, neskak etorri gara.

Erreka bazterra goitik ikusita Erreka barrutik garbitzen

Herri txikia da gurea, baina hainbat batu gara. Domekan, plazan.

Aretxabala erreka garrantzitsua izan da gure herriaren historian. Errekaren inguruan sortu zen Larrabetzu. Errekaren bazterretan. Baserriak, olak, errotak… industria guztia errekari lotua. Urari. Bizitzari. Gaur egun ere, gure herrian dagoen industria txiki apurra, kasualitatea, errekaren ondoan dago. Errekak damaigu bizitza.

Sasiak kentzen auzolanean margozten

Baina ahaztuta daukagu erreka, utzita, baztertuta, arazo iturri daukagu erreka, zikinkeria guztien pausaleku, eta aldatzea, hobetzea, garbitzea erabaki dugu.

Sasiak mozteko bi tresna handi, inguruak batzeko beste hainbeste, koadaiña batzuk, kortamatosak, desbrozadorak, eskuberak, sardak, botak, guanteak… eta ekin diogu lanari. Goiz pasa. Auzolanean. Neska, gizon, ume, mutil, andra eta gazte danak alkarregaz, lanean. Auzolanean.

Barre egin dugu, izerdia egin dugu, lana egin dugu. Eta gure errekaren balioa, uraren indarra, erreka bazterretako utzikeria ikusi ditugu. Zementozko herriak eraiki gura dituzte negozioa besterik maite ez dutenek. Eta baserria, eta lurra, eta ura, eta ingurugiroa, eta herri albora uzten dute. Utzita dago. Horregatik, gaur errekarekin hasi gara. Bihar jarraituko dugu, herringintzan. Auzolanean.

Zubibarri ingurua genuen helburu. Serrako zubitik, Zubibarrira. Hain dago txarto, zikin, ezdeus, sasitsu, loi, uger, ikustezin. Auzolanean garbitu, egurrak eta plastikoak kendu, botilak atara, sasiak ebagi eta txukuntzen aritu gara. Ez da txarto geratu.

Gazteenak bitartean, horma zuria margozten ibili dira. Larrabetzuko udaberriari koloreak jartzen. Batean zein bestean jende mordoa ibili da. Eta amaitutakoan monjorra egin dugu. Txorizoa, urdia, baserriko ogia, ardaoa, ura… denetarik. Auzolanaren osteko monjorra. Larrabetzun beti egin izan dan lez.

Bertso jarriak entzun ditugu gero, eta bi hitzaldi zintzo. Iñaki Barzenak -ingurugiroan aditua eta unibertsitateko irakaslea- erreka eta uraren garrantziaz aritu zaigu. Ikuspegi globala eta herri mailakoa uztartu ditu. Egun, ura eskasten ari den iturria dugu, mundu mailan gerrak eragiten dituena, eta bertan ondo baliatzen, ondo erabiltzen ez dakiguna, eta uraren kultura aldarrikatu du berak. Gaurko ekintza goraipatu, eta herrian auzolanean aritzeak zer suposatzen duen adierazi du. Ostean Sabin Aranari eman dio hitza. Sabin, herriko historiadorea dugu, afizioz gure herriari buruz datu eta kontakizun gehien batu duen herritarra. Baserriak, olak, errotak, familiak ezagutu eta ezagutarazten ditu, batu eta kontatu. Irakurri eta idatzi. Larrabetzuri buruz, ez da egongo herrian gehiago dakienik, baina dakien hori beti kontatzeko prest, beti jendartean zabaltzeko, berba egiteko ondoan. Eta errekari buruz be, kontatu ditu, zelan gure herria errekaren ondoan sortu zen. Erreka baliatuz. Errekari garranzia emonez. Eta gaur egun, erreka ez dela zaintzen, ez zaiola daukan balio historikoa ematen. Eta bere hitzek, maisua da berbetan, arreta piztu dute aurrean zituen herritarrengan. Umeak eta helduak, gazteak eta nagusiak. Denek adi adi jarraitu dituzte Sabin eta Iñakiren berbak.

Eta hasi baino ez gara egin. Larrabetzu auzolanean. Orain udaberria, laster Euskal Herri berria.