Gernika
20 urte gutxiago geneuzkan Ikerrek eta biok, akanpadan Gernikara joateko izan ginenean. Azkenean Aberri eguna Gernikan ospatzearekin konformatu behar izan genuen. Hango kontzertuak, punk mobidaren hasiera, gazte mugimenduaren indarra, nazioarteko ekimenak… kontatuta ikasi ditugu. Gu baino nagusiagoak zirenak joan ziren, eta makina bat fabula entzun ditugu gerora. Gazte belaunaldi oso batek oso gogoan du 37-87 ekimen hura.
Gerora, irakurri ditugu orduko kontuak. Entzun ditugu Laboaren, Kortaturen, MCDren kantuak. Kukubiltxo edo Maskaradaren antzerki obrak ikusi. Gernikako txoria ikur bihurtu zen, Picassoren eskuari kolorea gehitu zioten hemengo kartelgile ausartenek.
Gernika gure li-buruetan
Gernika beti egongo da gure buruan. Historia ikasi genuen ikastoletan. Liburuetan ez zetorrena ahopeka kontatu ziguten andereñoek arbelaren aurrean. Gu ez gintuzten horregatik zigortu. Guernica Gernikara margozten genuen ikastolan, ezdakigunora bialtzeko…. baina dagoeneko berandu da. Orain PNVkoek ere eskatzen dute, Agirre lehendakariak onartu gura izan ez zuen koadroa. Picassok Errepublikaren alde egin lana aurkeztu zuen Pariseko Nazioarteko Azoka batean. New Yorken egon zen gero margolana, eta badira zenbait urte Madrilen dela, bahituta. Euskaldunen ordezkariek uko egin zioten lanari, orain eskean ari zaizkigu. Memoria historikoa.
Memoria historikoa
Gernika, memoria, faxistak, hegazkinak. Astelehena, merkatua, jendea, kalea. Gernika, Euskal Herria. 1937, 2007. Gernika gezurrak, hegazkinak, paperak. Franco, Espainia. Alemania. Italia. Faxismoa. Euskal Herria eta bere eskubideak, Gernikan. Gernikan. Memoria historikoa diozu, baina gogoratuta, gaur egungo kontuak baino ez datozkizu gogora. Gernika, Euskal Herria. Gaur.
Iruzkin Bat
Pittu (Muxika)
Memoria historikorik eza eta gibel handiak behar dira,Gernikako udalak gidatuta, aurten egin duten “ospakizuna” ezer esan gabe joaten uzteko.500.000 Euro!! Kanpoko kudeatzaile trajeduna ezarri (Komunikazio munduan macro-entramatu batetako presidentea)eta hango eta hemengo alkate eta agintarirekin egindako kanpaina nazkagarria burutu dute. Herritarrei protagonismoa eman beharrean, edo orduko biktimei eman beharrean, politikarien agerraldiz betetako ordu mediatikoz bete dute dena. Bakea hitza barra-barra erabili dute garai batean Jainkoaren nahia aipatzen zen absolutismoaz. Bitartean poltsikoak bete, opariak onartu (kristau onei dagokien legez) eta semeei protekziozko etxea eta pribatizatutako enpresetan postu onak lortzen dizkiete, hori bai, modu baketsuan eta aurpegi xumea jantzita.
Gernika berregin zen, baina inguruan bizi garenok, berriro ere, sutan gaude!