herrigintza
Aspaldiko berba da gurean. Herri kandidatura izan zen 1979an Larrabetzun. Eta 26 urte besterik ez zituen Jose Antonio Lekuek udaletxea gobernatu zuen beste 5 lagunekin batera. Lau urtez. Ordukoak gitxitan kontatzen dira. Egin beharko da errepaso bat. Horrenbeste urte igaro eta gero.
Baina herrigintza, kandidatura bat eta asko baino gehiago da. Jarduteko modua da. Aukera bat. Bizitzeko modu bat ia ia. Eta horretan ari gara aspaldion 2.000 biztanleko muga gainditzear duen herritxo honetan.
Eta horrek kezka ugari sortzen dizkigu, eta kontraesanen bat edo beste, eta nekea, eta ilusioa. Harrotasun apur bat, harrokeria batzutan, eta jarraitzeko indarra. Eta adorea.
Herrigintza bizi dugu, umorez, gogoz, kritiko, sortzaile, kamuts, interesante eta baldar.
Herrigintza da hirigintza, urbanismoa. Herrigintza da kultura eta hizkuntza eta kirola eta herrriko ekonomia. Baserriak eta soloak, basoak eta kale bazterrak, errekako ura eta fabriketako kea. Umeen geroa eta jantokiko janaria, gaztetxeko oihuak eta jubilatuen dantzak, bizikleta karrera eta mendi irteerak, futbola eta minbizia, wifi konexioak eta plazako iturria.
Herrigintza da herri bat bizirik mantentzeko giltza. Funtzioa. Soziala eta politikoa.
Herrigintza da azoka bat, jai bat, asteburu bat, ikasturtea, logurea eta biharamuna.
Herrigintza danok gara, zu eta biok, gu, harek be bai, eta besteak. Danok beharrezko eta danok bakoitza beretik. Herrigintza da etorkizuna. hemen eta Euskal Herrian. Zorionez. Zorionak!
literaturia | hori bai | larrabetzuko eskola | informazioa | komunikazioa | udalgintza | kultura eta kirola
Iruzkin Bat
Pingback-a: