Kukua entzun ostean
Domekako eguraldiaz berba egitea baino, egunaren probetxuaz aritzeko parada eman dit ibilian ibilian ikusitakoak.
Larrabetzuko plazan geunela, kanpai torretik hamarrak zirela, eta oinez ekin genion. Herriko paraje gertu baina aldapatsu batera joatea zen kontua. Leginagoiko baserrira. Legina auzoa zen lekura.
Uritik urten, eta Iturrikoetxetik Olarretara. Olarretatik Bersoara. Orain landak eta nekazal eremuak direnak, auskalo zer izango diren datozen urteotan. PNV-k onartutako arauek, etxeak zementua eraikuntza eta negozioa ezarri gura dute parajeotan eta.
Bersoatik, errepide nagusia gurutzatu eta Leginan gora egin gendun. Gora, baina gora. Aldatz handia dago Leginagoikora. Eta txarrago dena, aldapan gora zoazela, atzetik datozen mercedes, bemeuve, portxe 4×4 eta abarrak. Aberatsak golf zelaietara.
Zertan bihurtu da azken urteotan gure herria? Golfa Larrabetzun, itaungo duzue agian. Ba bai, neu be harrituta, gure kaleetatik, gure etxe ondotik ikusten ez den errealitatea genuen han, aldapan gora. Eskuindarrak bidean gora, beraien milioi askotako autoetan, abiadura errespetubakoan ganera.
Heldu ginen Legina auzora. Zelan utzi duten! Eta handik Leginagoikora. Jatetxe berria ireki dute baserri zaharra zen orubean. Pareko labean taberna. Ikuspegi handia. Ikuspegi ederra. Txorierriko herriak, Larrabetzu ia osoa, inguruko mendiak: Gaztelumenditik Bizkargira parez pare. Oiz mendia ezkerrerago. Eta ezkerretik hasita.. Anbotorainoko bista luzea. Gertuago A8 autopista. Erletxetako poligonoak. Progresoa.
Ondoan, kotxez igotako aberatsak pilota txiki batzuk landa batetik bestera botatzen. Goiz pasa. Ezkontzetara ere eramango ez genukeen erropekin jantzita.
Atzera be, Leginatik behera eta urira heldu ostean, Goikoelezaldera. Giro ona kalean, giro atsegina bidean. Oinez gelditu barik aritzeko gogoa.
Urira bueltatu, presoen aldeko kontzentrazioa, poteoa… berbetan lagunekin, eta bazkaltzera joateko ordua.
Baserrira joan, kanpoan eguzkipean bazkaldu, eta giro ezinhobea. Ernari dagoen astoa ikusi, ahuntz eta ardiak, bildotsak eta ahuntzkumea. Kolore ugari loreek, zaldiak urrunean batetik bestera lotu barik. Giro ederra Gaztelumendiko landa, solo, baserringuru eta bazterretan. Eguzki giro udaberrikoan. Arbolak loran, eta bedarra berde berde.
Iluntzeraino bertan. Iluntzerainoko giro epela, gozoa, atsegina aprobetxatzen. Domeka lasai eta gustuko bat. Eguneroko zurrunbiloari ekiteko indarra hartzen.
Baina ez nau domekako jardunak beste barik kezkatzen. Goizean goiz pentsatu nuen, eguna ezberdina izango zela. Oinez hasi eta gitxira, kukua entzun genuelako bidean. Lehenengoz aurten. Eta egunak ezberdin behar zuela pentsatu nuen. Dena ezberdin ikusten hasia nintzelako. Eta kukuaren oihartzuna dabilkit oraindik, oharkabean. Eta kukuaz idatzi baino, egunaren kronika kostunbrista bat egin dudala iruditzen zait, ia ia.
Baina berba bakoitza, gogoeta bakoitza kukuaren eragina da, izatekotan.
Iruzkin Bat
ku ku
Eta gaur goizean, Bilbo hiria irratian, Kirmen Uriberen ahotsean Kukua poema entzutean…
Kukua
Aitzoli
Apirilaren hasieran entzun zuen aurrena kukua.
Urduri zebilelako beharbada,
kaosa ordenatzeko joera horrengatik beharbada,
kukuak zein notatan kantatzen zuen jakin nahi izan zuen.
Hurrengo arratsaldean, hantxe zegoen basoan zain,
diapasoia eskuan, kukuak noiz kantatuko.
Diapasoiak ez zioen gezurrik.
Si-sol ziren kukuaren notak.
Aurkikuntzak bazterrak astindu zituen.
Mundu guztiak frogatu nahi zuen benetan
nota horietan kantatzen ote zuen kukuak.
Baina neurketak ez zetozen bat.
Bakoitzak bere egia zuen.
Fa-re zirela zioen batek, Mi-do besteak.
Ez ziren ados jartzen.
Bitartean, kukuak kantari jarraitzen zuen basoan:
ez si-sol, ez fa-re, mi-do ezta ere.
Mila urte lehenago bezala,
kukuak kuku, kuku kantatzen zuen.
Hitzak: Kirmen Uribe
Musika: Rafa Rueda