larrabetzutik,  teknologia berriak

Blogak eta garagardoak 3.0

Gara egunkariko azken orrian gaur argitaratutako kronika eta argazkiak.

Ostirala, lan guztiak amaituta, ordenadore portatila hartuta, blogariak gaztetxera jotzen du. Herriko blogariak bakarrik ez, beste toki batzuetakoak ere batu dira: Arrasatetik, Elgetatik, Andoaindik, Galdakaotik, Bilbotik edo Larrabetzutik. Berdin du nondik, baina euskal blogariak batzeko zita izan ohi dira Blogs&Beers topaketak. Garagardo artean, blogariak elkar ezagutu, berba egin eta elkarren berri izateko topagune bilakatzen dira. Orain arte, ia urte betean hiru ospatu dira; 2005eko apirilean lehenengoa -Elgetako Espaloia kafe antzokian- eta Bilboko Kafe Antzokian beranduago, 2005ko azaroan. Hirugarren zita izan da oraingoa Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean ostiral iluntzean ospatu zena.

bb3 larrabetzu

Deialdia Internetetik zabaltzen
Deialdiak egiteko ez dira gutunak egoten, ez da kartelik egiten normalean, Blogs&Beers 3.0 deialdia ere batez ere Internetetik zabaldu da. Post bat Interneten idatzi, eta erantzun eta trackback bidez zabaltzen da konbokatoria. Euskal Herrian, tokian tokiko blogez gain, Sustatu.com eta Zabaldu.com dira horretarako albistea hedatu eta zabaltzeko gunerik aproposak. Ostiralekoa ere horrela zabaldu zen, lehenbizi larrabetzuar blogariek zitaren berri eman eta gero sarean zabaldu zen.

larrabetzu.org komunitatea
Ostiraleko ekitaldiak, blogarien topaketa izateaz gain larrabetzu.org komunitatea aurkezteko ere bazuen helburu. Blog komunitate bat, herri txikiak Interneten paratzeko aukera, teknologia berriak eta euskara suspertzea… helburu asko ditu larrabetzu.org egitasmoak. Glokalizazioa ere deitu izan zaie horrelako ekimenei. Dena dago egiteko, eta partehartzea eta jendearen arteko auzolanean burutu ohi dira horrelako proiektuak. Larrabetzuko gaztetxean ikusi zenez, blogarien artean termino hauek ohikoak dira, auzolan telematikoa egunean dago, eta softwarea euskaratzen, proiektuak aurrera ateratzen edo salaketa telematikoak egiteko orduan, blogariak beti lehen lerroan egon ohi dira.

Ostiraleko ekitaldian, blogak eta garagardoak gainera musika onarekin uztartu ziren. Kingston hiria irrati emankizuna egiten duen musikazaleak, reggae musika pintxatu zuen zuzenean gaztetxean ere, eta normalean bere Interneteko emankizunetan edonork entzun dezakeen musika, kasu honetan zuzenean eskaini zuen. Bitartean beste blogariek, Klik bikoitza, 53R61, Teketen, Jozulin edo bestek ordenadore aurrean argazkiak Interneten publikatu, kronikak zuzenean idatzi eta gaztetxeko wifi konexioarekin pantaila handian bideoak erakusten zituzten. LarraB&Btzu ekitaldi honetako testuak eta irudiak jadanik Interneten daude eskuragai, eta bb3 etiketarekin aurkitu daitezke technorati.com edo flickr.com bezalako guneetan.

blogs&beers 3.0 Larrabetzuko gaztetxean

Ekitaldia Larrabetzun eta Txorierrin AEK egunaren aitzakiarekin antolatu diren ekitaldietatik lehena zen. Biharamunean toki berean, Larrabetzuko gaztetxean Ruper Ordorikak musika emanaldi akustikoa eskaini zuen. Kronikak eta argazkiak, zelan ez, irakurgai daude larrabetzu.org gunean, blogariren batek idatzita. Gune berean topatuko duzu gainera, datorren larunbatean, ekainak 10, AEK egunaren inguruko informazio guztia.