bizi da, biziko da
Xabier: Euskara bizi da, euskaraz bizi garelako.
Eta biziko da, ondorengoei hala bizitzeko modua utziko diegulako.
Miren: Euskaldunak gara, ez Euskal Herrian bizi garelako, euskaraz bizi garelako baizik. Euskal gazteriaren eginkizun handi bat gazteria euskalduna izatea da.
Xabier: Euskara indartu da, ez zekien askok ikasi duelako. Edo ikasi ezin zuen askok hurrengo belaunaldiei jakiteko modua bermatu dielako.
Miren: Zaila da belaunaldi batek hurrengoari berak sentitzen ez duena transmititzea. Litekeena da hurrengo belaunaldiek aurrekoen galera berreskuratzea.
Xabier: Hemen konbinazio guztiak dira posible, galtzekoak zein irabaztekoak. Hemen argi dagoena da euskararen izatea borondate kontua dela.
Miren: Borondate indibiduala eta borondate kolektiboa. Borondate politikoa eta borondate soziala.
Xabier: Hemen argi dago, euskal herritar batzuek borondate handiegirik izan ez arren, gehienontzat euskara geure nortasun-ikurra dela. Argi dago, aurtengo Korrikara bildu den milaka eta milaka euskaldun bezala, jaioko direla berriak, berriak eta berriagoak.
Miren: Zorionak Korrikazale guztiei, eta aupa, batez ere, gazteoi. Ager dezagun euskaraz bizitzea munduan geratzen den pribilegio handietariko bat dela.
Xabier: Gora Euskal Herria euskalduna!!
Miren: Gora Korrika eta gora euskara!!
Xabier AMURIZA
Miren AMURIZA
2007ko apirilaren 1a