zelan jan…
Autogestioa ez da soilik gaztetxeen lema bat. Ez horixe.
Autogestioa, autokudeaketa, ekonomikoki antolatzeko modua ere izan daiteke. Eta bada.
Herrian, esperientzia aparta ari gara bizitzen, Eskolako jantokiaren kudeaketarekin. Herriko dendetan (harategia, okindegia, denda, arraindegia…), herriko ekoizleekin (arraultzak, baserriko produktuak…)
Gurasoek kudeatutako jantokia eta sukaldea daukagu. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak -EAko Tontxu Campos sailburu zela- sukaldariaren soldata, langileen kostoa eta subentzioak ukatu zizkigun, gure erabakian mantentzearren. Eta horretan dihardugu.
Gurasoek bilera luze eta interesgarriak izan genituen orduan. Gatazkan sartu ginen, zer eta Jaurlaritzarekin. Hasieran eskola gehiago ere baginen, baina presioa itzela izan zen… Larrabetzun halan da be, aurrera jarraitu genuen. Jarraitzen dugu.
Gaur da eguna, ekonomikoki bideragarria egiteaz gain -eta ez da gutxi- osasun arlotik, kalitate aldetik pozik baino pozago gaudela.
Eguneroko jatekoak, guraso elkarteko batzorde batek erabakitzen ditu. Horretarako, aholkulari talde bat ere badago. Eguneroko erosketak ere guraso elkarteak bideratzen ditu.
Horrez gain, sukaldeko eta jantokiko langile guztiak, Guraso elkarteak kontratatzen ditu. Herriko ekonomia, zeozelan suspertu eta abian jarriz.
Jakiekiko sentsibilitatea asko igotzen ari da gurean, baserriarekiko begirunea, produktu fresko eta kalitatearekiko arreta, nekazaritza ekologikoaren inguruko kezka, soloen etorkizuna, baserriaren geroa… hizpide ditugu ohiko elkarrizketa eta berbaldietan.
Bizkaiko EHNEk argitaratzen duen Baserri bizia aldizkarian, bi elkarrizketa mamitsu argitaratu dira, Julen Guraso elkarteko partaidearekin bat, eta Aitor sukaldariarekin bestea. Biak be, esanguratsuak. Jan kontuekin jolastu ezin daitekela eta, gauza harrigarriak kontatzen dituzte biek.
16. orrialdetik 19. ra agertzen dira bi elkarrizketok.
Informazio gehiago: www.larrabetzukoeskola.org
Baserri bizia aldizkaria osorik