Bideojokoak aitite amonen kontuak direla?
Zur eta lur geratu nintzen, Aiora Kintana adiskideak esandakoak entzuterakoan. Belaunaldi berriekin jokoan, gusturen karta joko, bingo eta bestelako jolasetan ibilitako aiton/amonak direla ez digu esan ba?!
Bideojokoen ikuspegi hezitzailea, kolaboratiboa, gorputza lantzen duten joera berriak (wii eta horrelakoak), interakzioa, pentsamendua lantzekoak… mundu bat dago eremu horretan. Eta ni, barka, ezjakina naiz.
[ Txikitan horrelakoekin zaletasunik ez -makinetarako txanponak be urri poltsikoetan-, ordenadore kontuetan berandu hasitakoa, lehen ordenadorean 1996an izan nuen niretzat, aurretik gaztetxerako hartu genuen bat, unibertsitatean irakasleen bulegoetan egiten genituen autoediziozko kartelak… eta jokoei ez diet batere jaramonik egin inoiz. ]
Aste honetako telebista saioa prestatzen ordea, zeozer irakurri, ikusi eta murgiltzeko aukera izan dut. Jolasteko betarik ez dut hartu. Baina badago egon, mundu ikaragarri bat atzean. Softwarea, diseinua, interakzioa, ekonomia berri bat, lehiaketak, topaketak, garapenak, aplikazioak… eta gure inguruan ere jende ugari dabil langintza hoietan. Gehienak oso gazteak, baina era berean oso trebeak.
Belaunaldi berriagoek, aisialdian garrantzia handia ematen diete horrelako joko eta trikimailu digitalei. Harremanak, jolas kolektiboak, topaketa fisikoak ere bultzatzen dituzte… eta mundu horri so geratuko naiz bide batez.
Gogoeta bat, zer pentsatua ematen du gai honek. Horretan gaudela, hurrengo geltokia zein den pentsatzen hasi beharko gara. Asko egunotan BECen izango dute geldialdia.