Eskubide guztien aldeko kaleak

Atzo, Bilbon burura etorri zitzaidan lehen ideia irailaren 11koa izan zen. Egun horretan urduri eta temati jarri ziren guztiek, ea lasaiago egin duten lo. Manifestazioa egin egin behar zela ziotenek, ea manifestazio handiagoa -hagitzez luzeagoa eta jendetsuagoa gainera- egitearekin pozik diren.
Urduri zeuden ere Ares, Rubalcaba eta ultraeskuindarrak ere, ez zuten asteon atsedenik hartuko. Irailaren 11an egingo genuena baino handiagoa eta ozenagoa izan da gure aldarria. Tartean, asteotan gainera, ekimen gehiago izan direnez, norabidea hobetu zehaztu du bideak berak.
zuzeu.com eskubide zibil eta politikoak

argazkia: cc joseba barrentxea / zuzeu.com

Mugimendu berriago bat abian
Irailaren 11akoa prestatzen orduak eta orduak eman zituzten batzuk. Eta uda osoan prestatzen eta hedatzen aritu ziren adierazi EH ekimenekoak. Eta ETAren iraila hasierako komunikatuaren ostean, aste bakar batera, kaleetan agertuko litzateke egoera berriaren inguruko kezka. Eta horrek urduritu egin zituen Madrileko agintariak, eta Ertzaintzak -Barne Sailak- txostenak igorri zituen. Eta Adierazi EH ekimenean, gogotsu lanean ari diren ezker abertzaleko kideen kontrako auto judiziala abiatu zuten Madriletik. Eta debekuaren ostean, politikariek hartu zuten hitza, eta asmoa. Baina hori ere galarazi egin zuten.

Adierazi EHkoek, zein orduko deitzaileek, burua hotz eta egunean bertan, bertan behera utzi zuten manifestazio deialdia. Eskariak jarraitzen zuen. Eta handiago bat etorri da. Eta Adierazi EH biziago, indartsuago atera da mugimendu honetatik. Inteligentziaz jokatu du, eta irabazi egin du. Mugimendu horren muina Bilboko kaleetan ikusi da. Bere esparrua zein duen agertu dute milaka eta milaka lagunek. Eta horri erantzun beharko dio orain. Ezker abertzalearen estrategiak, jende gehiagoren nahiarekin egin du bat. Eta orain herri baten estrategia behar du izan, eskubide guztien alde. Eta hor lana dago. Ikaragarria.

Manifestazioa egin egin da. Mugimenduak abiatu beharra du. Irailaren 11an, goizean goizetik, erreflexiboena GARA egunkariaren editoriala izan zen. Eta denborarekin, arrazoia ere eman diogu.

Pozik itzuli nintzen etxera. Pozik egiten ari gara bidea. Jendea gehitzen ari da eskariotara, eta bideak aurrera egingo du. Izango dira trabak, atxiloketa gehiago, borondate eskaseko uneak, baina bideak beharko du egin aurrerago. Helmuga badakizu zein den, eta ez gara nekatuko. Esaten, adierazten, idazten, eskatzen, salatzen, kantatzen…. Euskal Herria.

887 thoughts on “Eskubide guztien aldeko kaleak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude