literatura,  musika

Prest! aldizkariko 100. zenbakian

Ruper Ordorika:

“Nolabaiteko beharra sentitu behar da, kantuak sortzeko”

Ruper Ordorika armiarma.com

patxi gaztelumendi | Prest! aldizkaria 100. zenbakia
Aspaldian, oso aspaldian hurbildu zen Ruper Ordorika Deustu aldera. Filosofia ikasketa egin behar zituen unibertsitatean, eta bizi be San Inazio eta Deustun bizi izan zen. Aspaldian, Deustun bertan sortu zuten Pott literatur aldizkaria eta banda Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla eta enparauekin. 80. hamarkada geroztik kantari ari da Oñatiko koblakaria, eta Prest aldizkarian Garizumako haizea profitatu dugu, beragaz berba egiteko.

Aspaldian hurbildu zinen Deustu aldera, zelan oroitzen dituzu garai haiek?

Baditut Deustuko  oroitzapen zehatz batzuk baina gehienak nahastuta ailegatzen zaizkit orduko militantzia eta arrisku giro batean…Gauza zehatzak gogoan dauzkat, esaterako  Bernardo Atxagarekin lehenengoz hitz egin nuenekoa Deustuko taberna batean, elizatik  gora, “Antonia”-edo zeritzana…Handik gauza asko atera ziren…Edo Sarrionandia eta biok oinez joaten ginenean, ostegunero, Deustuko unibertsitatetik  Barrenkale Barreneko Cantabricora, Iñakiren tabernara Pott-eko bileretara…Zabor industrialez beterikako hibai alboko ibilaldi hura, ilunkeran…

Oñatitik Biturixara, handik Bilbo aldera gero… zer topatu duzu bide bideotan, hiriz hiriz, edo solorik solo?

Neure hiriko auzoak bezala bizi izan ditut nik bizilekuok. Beti gorde izan dut Oñatirako maitasun haundia baina hirietan hazitakoa naiz. Gaur egun are gehiago…auzo askotako hiri handi batean bezala bizi naiz herri honetan.

Orain New Yorken edo Azkaraten, berdin grabatu dezakezu disko bat…

Bai, eta gauza haundia da hori! Niretako mundu bera dira, nolabait. Askatasuna ahalik eta handiena behar izaten da sorkuntza lanetan eta urruneko esperientziak askotan oso baliagarriak dira…Hori esanda, ez da ahaztekoa gaur egun oso grabazio onak egin daitezkeela norbere ganbaratik irten barik!

Eta kantuak, jartzen dituzun kantuok… non eta zelan sortzen dira? Zein dute sorlekua?

Hori ez dakit. Hori banenki gehiagotan hurbilduko nintzateke bertara, sorleku horretara…Ba hori nire ustez nolabaiteko beharra sentitu behar da kantuak sortzeko, halako grina berezia…

Musikaren munduan murgilduta zaude azken hamarkada luzeetan, eta gogotsu ikusten zaizu oraindik… zein duzu motiboa?

Ba, lehen aipatutako behar hori izango da, agian…Niretako hau ikasbide bat besterik ez da eta ikasbide horren hasieretan nabil.
Azken disko hau eginda hasi naiz pentsatzen zeozer ikasi dudala jada eta zenbait gauza kontrolatzen dudala, baina sensazio horrek irauten du hurrengo diskoa arte. Orduan, berriz hasieran bezala sentituko naiz, bai.

Azken diskoan, Karibeko haizearen barri dakarzu, hango aireen doinuak… hango egoerak eta lagunak…

Bai azken Haizea Garizumakoa hortako hiru kantu ditut Karibe aldean eginak…Nik uste dut igartzen dela baina ez formalki. Oraindik ez naiz hango kantu moldetara hurbildu, ez formalki, ez erritmikoki, bistan da, jaja..

Zure ibilbidea ezagututa, koherentea da disko hau ere, baina uste dut zure diskorik konprometituena, pertsonalena…. dela… oharkabean pasatu badaiteke ere…

Deigarria egiten zait inguratu zaizkidan pertsona askok nola jaso duten disko  hau, oso era emotiboan-edo. Nik ere halako zorabioa  sentitu nuen lehen grabaketak burutu eta berehala: kantuak biluzik zeuden eta oso euskarri sendoekin baina bakanak…soil soilik. Uste dut horren puska bat gorde dela azkenera arte eta diskoa entzutean horixe jasotzen ahal dela. Alde horretatik badakar disko honek konpromezurik, bai. Oraindik oso goiz da, dena den, Haizea garizumakoa honen oihartzuna neurtzeko.

Memoriaren mapak diskoaren zantzuak ditu honek, baina zelan musika laguntzaile onak dituzun… bandaren babesa ere badu… zelan ikusten duzu zuk?

Ba, bai, nik uste dut baduela harremanik Memoriaren mapaneko giro musikalarekin baina aurreko beste disko guztiekin ere bai…kantuak bakarrik ontzen ditut eta neure “alorra” ondo markatua da, beti ere. Disko honen abiapuntua, hau da, kantaria non jartzen den kantuan egiteko…hor bai, ezberdintasun haundiak ikusten ditut hor, eta gaiari nola heltzen zaion ere ezberdina da, bai.

Orain be, kontzertuetan zabiltza, antzoki eta kontzertu aretoetan… jo behintzat jotzen duzu ezta?

Bai, bagabiltz batetik bestera…gero eta hobeto pasatzen dut kontzertuetan eta horrek asko balio du! Mundu guztiak esaten du aurten urte latza izango dela zuzeneko musikarako. Ikusiko. Halakoak entzun izan ditugu ni kantuan hasi nintzenetik, behintzat. Baina egia da, zuzenekoetan ontzen da musika, gehien bat.

Bilbon zaitugu aurki, publiko fidela duzu bazterrotan. Gustura zatozela ematen du, zuzenekoak be berton grabatzen dituzu eta…

Bai, kafe Antzokiara goaz eta pozik. Behin eta berriro esaten dudanez, etxean bezala jotzen dugu han eta hala bedi luzaro. Neure zuzeneko disko biak bertan grabatuta daude eta ez kasualidadez. Ni Bilbon hasi nintzen kantuan eta urteroko hitzordua gordetzen saiatzen naiz.

Bernardo Atxaga Deustuko
Ramon y Cajal kaleko taberna
batean ezagutu nuen

Aspaldiko kontuak izango dira Deustukoak zuretzat.

Gogoan dut zita bat nuela Atxagarekin, artean ez nuen ezagutzen. Panpin ustela aldizkari batzuen dirua itzuli behar nion eta zita egin genuen Ramon y Cajal kaleko taberna batean, bertan ezagutu nuen. Gerora adiskidantza handia egin genuen.
Sarrikoko ikaslea zen bera, Ekonomiketan. Joseba Sarrionandia eta biok Deustuko unibertsitatean genbiltzan eta eguenero joaten ginen Pott bandako bilerertara, alde zaharrera oinez. Orduko Cantabrico tabernara, Iñakiren taberna zena.

Ze tabernatan biltzen zineten Deustun orduan?

Txorierriko andra euskaldun batek kudeatzen zuen taberna zen. Han bazkaltzen genuen sarritan, La viuda esaten zioten, eta oso ondo jaten genuen. Orduko Deustu hartan ordu asko pasatakoak gara gu. Kontuan hartu berton bizi ginela gu. Sarri Ramon y Cajalen bertan, ni ere Deustun eta San Inazion bizi izan nintzen, gero Basauriko Pozokoetxera joan nintzen arren. Ikasi ere bertan egiten genuen, aspaldi, oso aspaldi. Halako oroitzapen zehatz batzuk baditut, baina ez gehiago.

pott_datak:

4 Iruzkin

  • txerra

    Benetan uste duzu Prest-eko diseinu berria zoragarria dela? Niri kontrakoa iruditzen zait: letra gehiegi, oso txikia, zuri-beltzean, … XXI. mendeko aldizkaria ala XX. mendekoa? Eta hori ez aipatzearren, internet-en Prest ez dela ezta esistitzen ere ….. 80. fanzinea ematen du gehiago, auzo aldizkari bat baino.

  • iker

    Daltonikoa zara Txerra?
    Ikusi duzu gaztelumendik jarri duen pdf hori?
    …eta hala balitz ere, zer duzu zuk zuri beltzaren kontra?
    UK aldizkaria eskasa iruditzen zaizu?
    Eta fantzineak?
    Ba nik hori botatzen dut faltan euskal prentsa subentzionatuan… fantzineen freskura eta gogoa.
    Badirudi soldatapean ez bada, ezin dela egin aldizkari ederrik, kritikorik…
    Flipatzen…

  • ainhoa

    Arrazoia dekozu Txerra… Prest!-eko diseinua ez da polita, ez da modernoa… diseinurako, eta aldizkari modelikoa Txorierriko Aikor! notejode…

    Egongo da aldizkari kutreagorik Euskal Herri osoan… parainstituzionala, peloteroa…eta lotsagarria. Hori bai, ideologiarik bakoa… azkenengo aldizkarian egin gure daben antxoki (batzoki) horren modukoa…

    Inbidia puntu bat somatu dot zure erantzunean…

    ah! eta elkarrizketa interesgarria. Segi holantxik…

  • txerra

    Fanzineen tonu freskoa …. Prest-ek al dauka ala, Iker? Zeuk badiozu izango da …

    Eta Ainhoa: gauzatxo bat. Neuk ez dot Aikor aitatu inondik bez, ez onerako ez txarrerako. Baie gure bazu, egin leikegu berba trankil asko horretaz be, aproposena ez banaz be. Baie beste baten. Oingoan Prest aitatzen neban eta Patxiri egin dotzat itaune ….