hurrengo geltokia

gonbidapen #irekia

Ez naiz ni, zurekin ahaztu dena
beste norbait izango zen hura

Harrituta somatu nuen lagun baten emaila atzo, irratia.com ez zelako agertzen #irekia delako ekitaldi horren gonbidatuen zerrenda zabalduan. Ikatz kopia gorderik (BCC) gabe egindako emailketa batean.

Ez zuten irratia.com gonbidatu Ajuria Eneara, nahiz eta blogari pintxozale asko gonbidatuak izan. Eta ez ninduen harritu. irratia.com ez baitute gauza askotara gonbidatzen, ohituak gaude, aspaldian. Gurea, ez da erreferentzia euskal kulturgile gehienentzat ere; beraz, PSOEko trepa berrien kezka izateko moduan.
Blogariak joan dira, eta idatzi dute, eta gutxik jarri du zalantzan Gasteizko status quo berri hau; irekiaz mintzo den gobernu berri bat, hauteskundeetan ateak batzuei itxi ostean. Hortik abiatzen da irekitasuna, gero gerokoak. Pertsona guztien eskubide sozial eta politikoak bermatzen ez dituen gobernu bat, munduko software libreena erabilita ere, munduko blog eta creative commons guztiak baliatuta, ezingo da inoiz irekia izan…

euskal kultura irekia
Ajuria Eneara gonbidatzen ez gaituzten moduan, ez gara inor ARGIA astekariarentzat adibidez, Sareko ARGIA sariak banatzen dituenean. Ez gara inor sarean, nahiz eta astero astero sareari buruz ari garen, argi eta garbi. Sareko ARGIA merezi izan genuen duela ia 10 urte, baina geroztik ez dugu han izateko paradarik izan. Baina ez gara horregatik kexatzen. Ulertzen dugu. Gurea beste zeozer da. Subentziorik gabe egiten dugu saioa, militantzia eta sarea zaletasuna uztartzen saiatzen gara. Euskaraz egiten dugu, munduko txoko askotan entzuten den irrati emankizuna. Agian, nabarmen geratuko lirateke asko eta asko… diru asko gastatu arren, erredakzio, bulego, funtzionari, lege eta enparauekin… egiten dutena…. nabarmen geratzen delako.

(Argiako hau, adibide bat besterik ez da, urtarrilekoa, esaterako)

Baina gu ez gaitu horrek kezkatzen. Gure lanean dihardugu, batzuetan apal, bestetan harro. Astero podcast bat egiten saiatzen gara, sareko edukiak, kultura digitala…
Gu kultura irekiaren alde gaude, parteharzea sustatzen dugu gure eginkizunetan, software libre eta irekiaz mintzo gara, erabilita. Aurrera goaz, nondik gatozen ahaztu barik. Jendea gonbidatzen dugu, hitz egiteko, musika jartzeko, iritzia emateko, gauzak salatzeko… eta jarraitzen dugu gurean. Eta lasai gaude. Kontent gaude. Pozik gaude. Sarean gero eta gehiago isladatzen delako egin nahi dugun hau. Egiten ari garen hau. Eta gurea, euskal kultura irekiaren zati dela uste dugu. Eta aldaketa garaiak datozela, eta kurea, txungoa, hipokrita… berez eroriko direla. Apurka apurka. Eta gauzak aldatzen joango direla, aldatuko ditugula.

Herri eta auzo irekiak
Berdin ez gara molestatzen ere, zure etxeko atari edo portalean doan -eroski edo carrefourreko propaganda bezala- uzten duten euskarazko aldizkari horretako ekitaldietarako deitzen ez zaituztenean. Ez zara vip. Ez duzu izan nahi gainera. Eta berdin dizu. Izan ere, batzuk gonbidatu eta besteak alboan uzten dituen ekitaldi bat, ezin daiteke izan hizkuntza baten aldeko ekitaldia. Hizkuntza denok bagara, denok behar dugu gonbidatuta egon. Ateak zabalik. Banaketak, ezberdintasunak… jarrera itxia adierazten du.
Vip izan nahi duen hizkuntza hori ez dut neure egiten. Baserritarren hizkuntza, salerosketetako berbeta, dendarako jario, tabernan eskatzeko, eskolan ikasteko, autobusean joateko gura dot nik euskeria. Ez dot ulertzen, zelan euskarazko aldizkari batek, herritarra behar lukeenak… gonbidatzen dituen batzuk, eta besteak ez. Zergatik aita bai, eta semea ez. Zergatik irakaslea , eta ez ikaslea. Zergatik esataria bai, eta buzodun langilea ez. Nor da pedigree hori banatzen duena?
Famatuen homologazio bat behar dute antza gure ekitaldiek. Ez garena erakutsi gura dugu… baina dirua eskatu behar denean, pobreari eskatzen zaio, mundu guztiari. Ez dut ulertzen, ezin dot ulertu. Eta ulertuko banu ere, ez nuke onartuko.

7 Iruzkin

  • Benito

    Ba, ez da txakur zaharra izan behar herri honetan (eta guztietan seguruenik) klase guztietako konpadreo, mangoneo, kolegeo, zerrenda beltz, zerrenda zuri eta abar daudela. Arrazoi eta maila desberdinetakoak (politikoak, geografikoak, enpresarialak, familiarrak…) eta intentzio desberdinetakoak ere bai (debeku-entxufe deklaratu garbitik, fede txarrik batere ez duen despisteraino). Eta hori maila eta bazter guztietan gertatzen da.
    Bazterketak eta injustiziak egon badaude, eta irratia.com-en kasuan neuri ere hala iruditzen zait, ez da behar den bezala aintzat hartu, seguruenik goiko arrazoiren bat medio.
    Orain, inor arduratuta badago sariak, onespen publikoa eta halakoekin, lehenengo eta behin gauza bat gomendatuko nioke: zure lana publikoki zuk uste duzun beste errekonozitu ez bada, pentsa ezazu zeuk ere zer ez duzun ondo egin. Akaso erruduna ez da izango beti inor.
    Dena dela, neu behintzat ez nintzateke horregatik gehiegi arduratuko. Azken batean horiek guztiak 15 minutuko gloria, eta kasu askotan, 15 minutuko bizitza baino ez dira.
    Eta gehien bat, eskatuko nuke justuak izatea, izan ere, sariak, kanape-janak eta halakoak egiten dituztenak ez dira beti izaten politiko itxurajaleak, ez. Hain zuzen ere aipatu dituzun bi horien atzetik: Argia eta Aikor, ahalegin eta lan handia egindako jendea dabil, askotan lanean musutruk ibili dena dirua lortzeko (hau paradoxa!), euren lanaren fruitua buzoietara heldu dadin supermerkatuko katalogoaren prezioan edo ahal denik eta merkeen.  Beti asmatu ez dute egingo, batzuetan erratu, besteetan ahaztu eta besteetan erabaki bat  hartu beharko dute, baina -lantzean behin garbi berba egitea beharrezkoa bada ere-  eurek ere euren lana aintzat hartzea merezi dute, ezta?

  • Xabier

    Ai!!
    Begira, ulertzen dut gauza batzuk mingarriak izatea eta gaizki pasatzea.
    Halarikan ere, ez kendu besteei zuri eman ez zaizuna. Merezi izango zenuen? seguruenik baietz, ordea, horrek ez du esan nahi besteek ezetz. Botatzen dituzunak, egiak diren ala ez, ez naiz sartuko, baina garrantzitsua dena da eraikitzea nork berea, eta bere buruarekin argi. Nekez eraikiko duzu besteena lertuz.
    Normala da gaizki pasatzea, sentitzen dut, normala litzateke bakotzari berea ematea, baina normaltasuna gauza erlatiboa denez…

  • haritz

    “Eta gutxik jarri du zalantzan Gasteizko status quo berri” diozunean faltan bota dut bertaratu ondoren ekimena zalantzan jarri duten blogari euskaldunen idatzietarako erreferentzia. Eta akaso, baita zalantzan jarri ez dutenena ere.

    editorearen oharra: Haritz, eskertuko genizuke, jakin ezkero bederen… gaiari buruzko link edo lotura posibleak berton jartzea. html apur bat aski da horretarako eta. Urriaren 6tik post berririk ez zuen bloga bisitatzeko ohitura, galdua genuen eta. Zuzeun ere erantzun berdina jarri duzu, baina loturarik proposatu barik.

  • iturri

    Nik uste dut irratia.com badela norbait euskal blogosferan, baina ez dut ulertzen apuntean adierazi nahi duzuna, Patxi: berdin zaizu gonbidapenik ez jasotzea edo ez zaizu berdin? Jaurlaritzak gonbidatuz gero, *** hartzera bidaliko zenituzke eta.

    Argia Sariak direla-eta, ez naiz inoiz joan. Eta aurten gonbidatu egin naute, lehenengo aldiz, auskalo zergatik. Beti dago kanpoan gelditzen den jendea; tartean, zu bezala Argia Sariak jaso izan dituztenak ere.

    Editorearen oharra: “iruzkin hau, ez dut borratu, nahiz eta jite homofoboa hartu duen une batean….”
    Editorearen bigarren oharra: “Jaurlaritzak irratia.com gonbidatuta, irratia.com osatzen dugunok erabakiko genuke zer egin, aurre baldintzarik gabe. Eta posible da ere, saioa irekia egiten saiatu izana, jendearen iritzia modu libre batean eskatuz. Gobernuari buruz euki ditzazkegun iritziek, ez lukete zertan baldintzatu behar irratia.com saioen norabidea”.

  • haritz

    Lehenik eta behin, bai modu xelebrea blog batean jasotako iruzkinei erantzuteko… “Editorearen oharra” geuk idatzitako iruzkinetan? O_o

    Bestetik, iruzkinean ez diot nire blogean idatzitako post-ari erreferentzia egiten.

    Zu izan zara esan duena blogariak joan direla, idatzi dutela, eta gutxi batzuk zalantzan jarri dutela egitasmoa. Zehaztasun piska bat eskertuko nuke hor. Hipertestuaren garaian, eta zure hitzak parafraseatuz, “HTML apur bat” nahikoa zen aipatzen dituzun blog horien erreferentzia zuzena izateko, esaten dituzunak kontrastatu ahal izateko

    Eta ez, Zuzeun ez dut berdina idatzi. Zuzeun esan dut badirela afera honen inguruan euskaraz idatzi duten blogariak (tartean zu zeu). Hemen, aldiz, esan dut zuk zeuk aipatzen dituzun idatzi horien loturak faltan bota ditudala. Ez da berdina.

  • haritz

    Tira, egun batzuk pasa dira eta badirudi ez duzula informazio hori modu irekian konpartitzeko asmorik. Pena da, interesa nuen eta artikulu hau idazteko orduan zure irakurgaiak zeintzuk izan diren jakiteko.

    Portzierto, homosexualei ez ezik, heterosexual batzuei ere gustatzen zaie por ***tik hartzea.

    Ondo izan.