agit/prop,  teknologia berriak

Soitu.es itxi dute, Indymediarekin ezingo lukete

dont hate the media
become the media


Soituren itxiera izan zen atzoko albiste nagusia inguruko sarean. Espainiako albiste gune garrantzitsu eta ezberdinena itxi zuten, finantziazio arazoak tarteko. Gauza jakina da BBVA banketxeak diru mordoa zuela jarria Gumersindo Lafuenteren eduki digitalen proiektu honetan.
Nik aitortzen dut, soitu.es eta bere sareko ekimenak asko gustatu zaizkit. Jarraitzailea izan naiz, artikulu asko irakurri eta ideia asko konpartitu ditut soitun. Informazioa lantzeko beste modu hori erakargarri egiten zitzaidan.

Baina Interneten aspaldian berriz ere -batipat 2.0 aro berri honetan- negozioen inguruan dagoen eredu ustelak ez nau erakartzen. Ondo dago jendea partehartzen ikustea, oso ondo dago web sozialagoa egin gura izatea, ondo daude tresna guzti hauek… baina eredu ekonomikoa ustela dute askok eta askok. Pelotazoaren kultura (dotcom burbuila gogoan) ez da eten. Enprendedore eta CEO gazte eta ez hain gazte flipatu gehiegi somatzen da Interneti lotutako ekimen asko eta askotan.
Eredu horrek porrot egitea, normala da. Gehiago kapitalismoaren eta finantza globalen krisi honen erdian.

Indymediaren eredua
Partehartzea, argitaratze irekia, jerarkiarik eza, erredakzio horizontala ez daude hain modan. Baina ez dute zertan porrot egin behar. Indymediarena izan zen, komunikazioaren aroan ezagutu dudan aurrerapausu handiena. Urrats garrantzitsuena kazetaritza eta komunikazio molde hiritar eta partehartzailean.
Indymedia ezin du banketxe batek zarratu. Ez inbertsiogileen porrotak, ez krisi kapitalista batek. Agian polizia eta juezak saiatu daitezke Indymedia lokalen bati presio egiten. Baina sarea bera, globala da dagoeneko. Eta Indymediak hamaika gune ezberdin ditu. Ilusioa, borondatezko lana eta mundu libreago baten aldeko determinazioak egiten du, han hemenka ehundaka aktibistek informazio librearen alde jarraitzea.
Indymediak ere behar ditu aldaketak, berrikuntzak, itxura modernoagoa, software azkarragoak…. baina ziurrenik lortuko du hori eta gehiago ere.
Informazio librearen bidean urratsak emango ditu, emango ditugu.