• gaztelumendi.eus

    Egunerokotasuna hautsi gurean, bitakora

    Hamaika urte baino gehiago dira kazetaritzaren munduan murgilduta nabilela. Irratian eta prentsan aritu naiz, baina Internet aspalditik darabilt. Orain, Informazioaren gizartean; egunero egin izan dudana, egunero egiten jarraituko dut, baina kasu honetan bitakora honetatik.
    Idatzi, gogoetak ekarri. Inguruan ikusten dudanaz informatu. Herriko giroa, Euskal Herriko gertaeren inguruko hausnarketa apalak, teknologia berrien inguruan ikusten eta ikasten dudana. Kontatu gura dudan guzti horretarako baliatuko dut gune hau.
    Ikasten ari naiz, eta gura izan ezkero nigaz murgildu zaitezkete honetan. Bidailagun eta bide lagun.

    Bitakora osatzeko urratsak

    Bitakora edo blog hau egiteko WordPress erabiltzen ari naiz, edukien kudeaketarako, eta batipat blogak egiteko dagoen software librean den programarik onenetakoa, aproposena bai behintzat. Une honetan euskaratze prozesuan dago programa bera, eta laister, gune honetako interfaze guztiak ere euskaraz irakurri ahalko dituzue.

    WordPress oso erraza iruditu zait. Erabilterreza. Aukera asko ematen ditu. Estiloei dagokionez adibidez, aukera asko eskaintzen ditu; css-etaz ezer ez dakienetakoa nauzue, baina Alexking adituaren gunean, estilo ugari ikusi ditut, eta gune honetarako WordPress css lehiaketan bigarren postua erdietsi zuen Rubrick estiloa hautatu dut. Denborarekin aldatuz joango naiz beharbada… ikasiaren podasuz.

    Hosting-a berriz blogthing gunean hartu dut, doakoa da, eta ikasteko oso oso aproposa. Unibertsitatean, Gorka Palazioren bitartez ezagutu nuen tokia, eta laister berak ikasle eta lagunentzat antolatutako berriemaile.com gunera abiatuko emigratuko dut. Laister izango da hori, bitartean hemen jarraituko dut ikasten eta nire froga guztiak egiten. Gero gune osoa eramango dut zerbitzari euskaldun horretara.

    Gune hau ikusteko, Firefox nabigatzailea aholkatzen dizuet. Oso ona da. Arina eta eraginkorra, eta laister oso emaitza onak erdietsiko ditu mundu osoan. Abiadura handiz ari da hedatzen, eta euskaldunok ere horren aldeko apustua egin beharko genuke. Euskaratze bidean da gure lukia ere, eta aurki izango dugu guztion eskura.

  • literatura,  musika

    Durangoko azoka hasi da, biba festa!

    Goizeko 10etarako Durangon geunden hiru lagunak. Herrian kafea hartu eta txiri txiri abiatu gara autopistatik. Atoan heldu gara, egia esan. Parking-ean furgoneta laga eta stand guztia txukundu dugu, saltzeko prest jarri edo.

    Buruan nekarren, Azokari buruz egunero idaztea. Durangoko Azokak ibilbide berria hasi du, tokia berria da (bigarren azoka du aurtengoa), tokia aproposa, tokia handia da, tokia gozoa da, atsegina. Bost egun eman behar ditugu berton, eta eroso egotea da kontua. Liburuak saltzeaz gain, jendeagaz berba egin, nobedadeak ikusi eta erosi, lagunak agurtu eta asmo ezberdinak buruan. Tartean, bertatik blog honetan idaztea. Horregatik, Azoka zabaldutakoan Euskaltel gunera abiatu naiz. Eta pantailak bazeuden, bai, baina denak telebista pantailak, bideojokoetarako.
    -Eta ez dago ordenadorerik? itaundu diot iñoso laranjaz jantzitakoari.
    -Ez, baina wifi dago. Erantzuna berak. To, XXI. mendea nik neure buruari. Wifi dago. Ah! bale, portatilagaz etorriko gara denok. Eta bideojoko erdaldunak instalatzen jarraitu du laranjadunak.

    Bueno, ba gauean ekin beharko etxetik idazteari. Eta une batez ahantzi egin dut bloga. Eta literaturari jarri diot arreta. Liburuei. Saltzeari.

    Goizean ez da jende askorik ibili. Baina gustura. Berbaz, jendea lehenengoz agurtzen. Apurka apurka hasi dira salmentak. Jendeak lehen kalendarioak erosi ditu, lehen idazle eta kantari ezagunak hurbiltzen hasi dira, eta boltsak betetzen ordurako.

    Zara parta
    Eta holan, bapatean, boltsa batzuk ikusi ditut, Bilboko denda haundietan ikusten diren bezalakoak, kartoizkoak eta soka lodidunak. Zarakoak izaten dira horrelakoak. Eta kalitateari erreparatzen niola, argazki ezagun bat boltsaren gainean inprimatua. Ni hemengoa naiz eta argazki hauxe:
    Joseba Sarrionandia
    Sarri
    Ez nuen sinestutakoa ikusten. Ezin begira jarraitu. -Zer? galdetu diot nire buruari. Megadenda baterako izena asmatu dute hauek ala?! Xalbador, Urretxindorra, Bilintx eta orain Sarri hil digute. Estanpatu digute. Ni hangoa naiz letra txikiagoan. -Hori ere bai? Nongoa? Hangoa? Beraz, kondenatu dugu, hemengotu eta hangotu. Ez dut konprenitzen ahal. Berdin du.

    Liburuak irakurri, burua arindu, jendeagaz berbetan jarraitu, aktibitatea behar nuen, zeozer egin. Eta holan heldu dira arratsaldeko 20:00ak. -Azoka itxiko dugu entzun dudan arte.

    Palentinora joan, lankideak agurtu, jende ezagunari aupa esan, eta etxera etorri gara. Txiri txiri. Ezin sinistuta. Bihar beste egun bat.
    Gabon.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Euskararen eguna omen den honetan, Egunkaria Madrilen

    Ez nuke lerro bakar bat idatzi gura bitakora honetan, Euskaldunon Egunkariako lagunak gogoan eduki barik. Egunkaria izan nuen eskola. Euskaraz irakurtzen erakutsi zigun, zer esanik ez euskaraz idazten. Euskaraz ondo pasatzen eta pentsatzen.
    Lerro asko idatzi ditugu Egunkariaren inguruan, denak aski interesgarriak eta aproposak.
    Gaur, orain, Madrilen Auzipetze autoa hartzera joan dira euskal herritar zenbait Madrilera. Egunkaria ixteko agindua etorri zen Auzitegi Nazionaletik, gaur, ia bi urte beranduago han dira Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Pello Zubiria, Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Iñaki Uria. Denak ezagunak euskal prentsa eta kulturgintzan. Ze delitu egin duten badakigu. Gu geu ere, delitugileak garelako.

    Horregatik, gaur Durangoko azokaren atarian, blog hau argitaratzea erabaki dut. Durangoko azoka hartan, gogoratzen dut Egunkariaren lehen alea. 13 urteko ametsa izango zenaren lehen harriak ziren, lehen aldarriak.

    Egunkariaren alde, prentsa askatasunaren alde, adierazpen askatasunaren alde. Euskararen eguna, esan dizuet.