#Patakon

Gipuzkoako kostaldea

Osteguna. Abuztuak 7. Gipuzkoako kostaldea

Izarpe aterpean gogotsu jaiki naiz ni. Literan lo egiteak, dutxak, ondo afaltzeak, jendearekin berbaz egoteak.. inguru giro honek mesede egin dit. Ondo gosaldu, astoa prestatu eta prest naiz bidean behera egiteko. Kalbariotik Debara ia dena aldapa behera dela esan daiteke. Eta lehenengoz itsasoaren altueran egongo naiz laister. 0 metrotara. Itsasertzean.

Tipi tapa, abiatu gara Debarantz Patakon eta biok. Mutriku herria bera ez ikusteak pena apur bat eman dit, baina bidaiariak prest egon behar du beti aurrera egin, eta atzean leku paregabeak uzteko. Bide honek hala ere, errepidez eta herriz ezagutzen ez ditugun mila txoko eta leku eder erakutsi dizkit.

Deba

IMG_20140807_092932313_HDR
IMG_20140807_100403007_HDR
Deba erreka gainetik igaro, eta herria zeharkatzen nabil ostegun goiz lasai batean. Hondartza ondoko kresala heldu zaigu. Eta kostaldeko bidea egiteko irrikaz gaude biok. Baserri, baso, mendi artetik, itsasertzeko paisaiak ditugu orain egun batzutarako.


Itziarrerako bidea hartu eta berehala ekin diogu kostaldeko GR ezagunari. Polita behar du bide honek. Hasi gara… baina laister zailtasunak. Oinez bai, baina lau hankakoak ibiltzeko moduko biderik ez dago hemen. Zama ere jausi zaigu halako batean… eta buelta eman behar izan dugu. Eta Itziarreko errepidea hartu dugu; ez Donejakue ez GR…. ze krixto!
Beti ez da asmatzen. Eta bidez bide, asfaltotik, autoak, kamioiak, motoak eta bizikletak abiada bizian jaisten diren errepide honetan gora goaz astiro astiro, ahal dogun moduan. Portua da. Gogorra guretzat. Ezkerretik goaz oinez goazelako, eta arriskuetan txikiena izango delakoan. Gasolindegitik pasa eta argazkiak egiteko umorea daukagu oraindik. Goratsoago atseden hartzeko taberna dago. Hor gelditu gara. Hor egin dugu atseden.

Itziar

Astoari zama arindu, eta tabernara sartu naiz, garagardo, pintxo eta prentsari errepaso bat egitera. Bertakoek umorez hartu dute gure bidaia. Eta lehenengo erosleak suertatu zaizkio gure astoari. Asko balio duela esan diet nik. Umoretsu. Enago ezer saltzeko.
Hamaiketakoaren ostean, barriro martxan.
Badira egun batzuk Patakon txaka txaka kordel barik dabilena. Bardin neure aurretik zein atzetik. Eta horrela ikusita, hain mantso, hain esaneko… ea emea den galdetzen dute abereen gainean zeozer dakitenek. Ezetz nik. Ar gaztea dela. Eta zikiratua ote den galdetzen dute ostera; ezetz nik, kapatu gabekoa dela. Eta potro eta guzti, txintxoa eta lagun onak garela biok. Hori ere ikasi dut Patakonen ondoan. Ikasten ari naiz.

Itziar igo dugun bezala, beheruntz ere egin dugu apur bat. Dexente. Baso bide batetik sartu gara, baina okerreko bidean goazela konturatu naiz, A8 autopistaren gainetik.. autopistaren ondora heltzean….. inguruko etxe baserrietan inor ez. Eta atzera buelta.

Elorrixa

Bide ondoko jatetxe batean galdetu, edatekoak hartu eta bokata bat enkargatu dut. Hamaiketakoa oraindik ahoan, enaiz gose. Geroko utziko dut. Basomutil batzu bazkaltzen ari dira. Eta gutxi gora behera jakin dute esaten nondik joan behar dudan. Eta bai, bide aproposa hartu dut. Erromesak hemendik etorri bide dira. Eta oso baso ederretan sartu naiz Itziarreko lurretan. Handia da Itziar hedaduraz, eta gaur bertako paraje asko ezagutzeko parada izaten ari naiz.

Berriz gurutzatu dut N634 errepidea. Baina oraingoan Elorriaga auzorantz egin behar dut. Gorantz dela baino ez dakit. Elorrixa esaten diote bertokoek. Eta gora egin dugu… beste bi kilometroz edo. Aldapa latza. Bizikletan ez dakit igoteko gai izango nintzatekeen. Eta autoek ere ez dute martxa askorik eroango errepide honetan gora.


Baina ekinez, lotu barik… iritsi gara Elorrixara be. Taberna bat. Gerizpea. Txinbo batzuk. Eta tortilla bokata eder bat daukat zain. Piperrak ere jarri dizkidate. Itxura itzela dauka. Eta ti ta baten ahoratu dut. Astoari ere eman dizkiot bereak. Eta inguruko belarrari be ez dio ezetzik esan. Atseden apur bat hartu eta inoiz ezagutu gabeko bideetatik jarraitzen dugu. Eta hor goragotik itsasoa be ikusten da. Itzela da leku hau. Natur babesgunea da, Zumaiako geoparkearen eremu da orain… baina sasoi batean hemen be zentral nuklearrak eraikitzekoak honen parean.
IMG_20140807_170149556
Atseden leku, asteburuetako merendero eta udako esparru ederra da hau. Eta gaur be jende asko dago. Urolaldekoak dirudite berbetagaitik. Eta ni nire astoagaz landa artetik estartarik estarta bidea egiten. Iturrira hurbildu. Ura. Inguruan argazkiren bat egin… eta kosta ertzetik Zumaia behar duen leku horretarantz.

Atzean geratu dira Mutriku, Deba, Itziar… eta orain Kantauri itsasertza hemendik ikusten dut. Harago daude Ondarroa eta Lekeitio be….eta beste aldera begiratuta Zumaia, Getaria, Zarautz behar duena… eta Lapurdiko kostalderaino. Egun ederra gure geografiari begirunez so egiteko. Baina guk aurrera ein biu Patakon! Eta hor goaz baserri auzo, landa, behi etxalde eta kresal/belar usain artean Zumaiarantz. Lekutan dago antza. Gero eta nekatuago. Ezkerreko belaunean min hartu dut. Nekea izango da. Eta erdi errenka noa aldapan behera. Pausu bakoitza luzea egiten zait.
Laugarren egunean hasi naiz nabaritzen kilometroak. Ez dakit noraino helduko naizen… eta gauzak ondo agian Zarautzeraino heldu beharko nukeen… baina enago ni trote handietarako.
IMG_20140807_172833063

Zumaia

Heldu da naiz Zumaiara. Gurutzatu dut udatiarrez lepo dagoen lehen herria. Arrastia da. Eta jendeak apur bat harriduraz begiratzen du. Nekeak ez du etsipenik sortu nigan… baina egoerara egokitu beharko dut. Zumaian nago. Nora noa? Non egin dezaket lo? Zelan ekin hurrengo egunei?
Zumaian parke batean gelditu naiz, bape lotsa barik. Astoa ondoan daukat eta leher eginda nago. Zarautzera deitu dut, aterpe bila. Askizura joango naiz. Hango aterpean ez dago lekurik. Baina hara nahi dut. Lagun batek baserria dauka bertan. Eta azkenean lortu dut beragaz berba egitea. Joateko lasai. Getarian Elkanoren lehorreratzea dago eta ezingo da gauerarte bera be Askizura heldu. Lehenago helduko naizela ni. Salbatu dut gaurkoa. Zumaiatik txiri txiri Askizura eta kieto. Helduko naiz zelan edo halan.

Zumaian Jon Artano gurutzatu dut. Korrika zihoan. Eta astoa eta biok ikustean buelta eman du. Berbetan hasi gara, eta biharamunerako telebistarako gai egokia izan daitekela ihardetsi dit. Ez diot nik bainarik jarri. Badakit jakin gaiak ematen duela. Kazetari handia da bera, eta informatiboetan ari da aspaldion. Telefonoak trukatu ditugu, eta gauean edo biharamunean berba egiteko geratu gara. Beste barik.

Askizu

IMG_20140807_194213460
Nahikoa eta lar gaurkoz. Asmatu dut bidea ere. Eta ondo joan naiz urrean. Gogotsu laister nintzen Azkizuko eleizaren ondoan, Serorategi baserri aurrean. Atzean utzi ditut Zumaia, Elorrixa, Itziar, Deba eta Mutriku. Euskal kostaldea, Geoparkea eta ostantzekoak. Lasaitu ederra hemen, Askizuko iturriaren ondoan.
Patxada ederrean nago hemen. Max etorri da gero, eta etxeko kontuak azaldu dizkit. Eta makailo ederra eskaini dit afaltzeko. Eta Xotei txakolina zein sagardoa aukeran. Afaltzeko sagardoa gaur. Txakolina neugaz eroangot. Afalostean. Gabon. Lo lehertzeko garaia.
IMG_20140807_201310668

324 Iruzkin