i+g,  teknologia berriak

Beti frogatzen ibiltzeko aukera

Egunetik egunera gune berriak ezagutzen. e-gunetik gunera gabiltzalako. surfin in the net. Sareak hori du, asko ikusteko, baina gehiago ikasteko. Eta beti ari gara txunditzen. Nork zer asmatu da kontua. Eta asko ari da asmatzen, itzultzen, garatzen, jorratzen. Eta sarea, gero eta aberatsagoa, anitzagoa, ezberdinagoa, gustukoagoa bihurtzen da.

e-gunetik gunera, gauza berri asko ikusten ditugu egunero.

Aspaldion ezagutu ditut aukera berri batzuk ere. Eta beti bezala, blogarekin, gure tresenekin frogatzen saiatzen naiz. Erabilgarritasunen bat ematen.

Telefonoa eskuan
Bere horretan gauza txikiak dira. Baina adibidez, bart telefonotik e-posta helbidera mezua igorri eta poztu egin nintzen. Are gehiago, webmailetik erantzun, eta telefonoko ahotsak nik euskaraz idatzitako erantzuna irakurri zidanean.

Ikusten dut, telefonoa eta Internet sarea gero eta gehiago elkarren osagarri izango direla. Telefonoetako pantailak izango dira aurrerantzean, informazioaren pantailarik garrantzitsuenetakoak. Eta horretan naizela, aspaldi Negroponteren Mundu digitala irakurri izana gogoan dut, zelan esaten zuen MITeko aditu horrek, informazioa eskura ekartzea zela beraien erronka. Eta azkar lortu da hori. Eskuragarritasuna, eskura ekarri dute eta.

Eskuarekin idazten, argitaratzen
Eta konturatzen naiz, telefonotik gero eta gehiago idatzi/argitaratu/irakurriko dugula. Nik ez daukat beste munduko telefonorik, baina aukera hori ematen dit dagoeneko. 3G belaunaldikoek, zer ez duten egingo!
Irakurri dugu, zelan Japonen, blogen eztanda honek, moblogina ekarri duela. Wifi bidez konektatzen dira mugikorretik, eta argazkiak eta testuak igotzen dituzte japoniar gazteek beraien blogetara.
Guk ere, berandu baino lehen antzeko gauzak egingo ditugula iruditzen zait. Mezu laburrak idatzi, eta azkar argitaratuko ditugu. Gauden tokian gaudela. SMSetatik, Interneten argitaratzeko mezu laburretara jauzia egingo dugu.
Autobusean goazela, bidean ikusten duguna kontatu ahal izango dugu blogean. Kalean egin dugun argazkia zabaldu dezakegu atzo baino azkarrago. Eta informazio eta komunikazio zereginetan gabiltzanok, aukera berriak ikusten ditugu horrelako urrats baten berri dakigun bakoitzean.

Twitxr
Sare sozialak aipatzen ditugu, egunetik egunera, gero eta maizago. Twitter, facebook… ezagunak dira. Twitter horretan oinarrituta, sortu zen iaz Txioka.net sarea ere. Erabilgarria, pratikoa, dinamikoa, bizia… emankorra beharko du. Facebook ere, sarea hedatzen joateko baliagarri da, eta gainera twitter-ekin zein beste mila programa txikirekin erabilgarri da.
Berriagoa da twitxr berriz. Entzunda euskarazkoagoa ematen du. tx horrek ezberdintzen du Foneko laborategian garatutako tresnatxo hau. Argazkia, geolokalizazioa eta mezu laburra uztartzen ditu. Zer ikusten duzun, nondik, eta zelan. Alegia, informazio mordo bat modu oso oso errazean.
Zer, non, nola, mezu laburrean. Informazioaren gizartea ezin laburrago. Argazkia, loturak, mezua, geolokalizazioa. Zer gehiago behar da? Gainera, modu automatikoan publikatu daitezke blogean ere, telefonoz igorri daitezke, iPhone bidez argitaratzen ari dira bere mezuak asko eta asko. Twitter sarean ere, berehala argitaratzen dira twitxr horretan argitaratutakoak, lotura batekin.

twitxr gaztelumendi.org blogean

Blogean gehitu daitekela aipatu dut arestian. Horrela egin dut froga moduan ere blogean. Eta asmoa daukat, telefono bidez, mezuak idatzi, argazkiak atara eta modu automatiko batean blogean argitaratzeko. Baserritik adibidez. Edo mendian. Hondartzan. Han ez daukagu Internet sarerik, ez daukagu wifirik, ez goaz ordenadorearekin, baina telefonoa eskura izan ohi dugu. Hango berri konta dezakegu, azkar azkar… eta modu ezin errazago batean argitaratu. Ikusteko dago, honek eman dezakena.

58 Iruzkin