larrabetzutik

Larrabetzutik Euskal Herrira

  • 18/98+,  agit/prop,  larrabetzutik

    Gazte eguna nahaste gaua

    Barriro be, gure artean Gazte eguna.
    Larrabetzun hasi gara garria mugitzen, herria eraldatzen…

    Dantzan hasi be… Larrabetzuko hondartzan.
    hondartzan


    Eta herrian Aste nagusia deitu diote hasi dugun asteburu luze honi: kontzertuak piszinan, san inazio eguna, kantaldi txiki bat Sirocco tabernan eta gero zapatuan….

    Gazte eguna….

    Zea Mays KOP eta Skakeitan>/h3>


    Revolutionary brothers eta King konsul

    Hori Bai sound system playlist


  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik,  musika,  teknologia berriak

    Larrabetzu Eskura webapp eta Badok.info

    Informazioaren aroan bizi gara, baita herri txikietan ere.


    Larrabetzu eskura aplikazioaren azken bertsioak aurkeztu ditugu gaur. Orain arte mugikorretarako garatutakotik, pausu bat emon eta webapp be aurkeztu dugu jendaurrean. Sarean dago jada: larrabetzu.net/app< gunean.
    larrabetzuAPP
    Tresna honek berdin balio du FirefoxOS sistema eragiledun mugikorrentzat zein iOS edo Android telefonoentzat -iPhone eta beste guztiak…-.

    Aurrerantzean gure herriko berri, askoz modu eraginkorrean eskaintzeko aukera izango dugu: kultur agenda, elkarteen berri, herriko abisu eta mezuak, albisteak, blogetako informazioa….

    Badok.info


    Ekitaldi berean Badok.info euskal musikaren ataria ere aurkeztu du Jon Eskisabel kazetariak. Musika entzuteko eta bizitzeko sekulako tresna sortu du Berria egunkariak. Zorionak!
    barkatu, ama

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik,  teknologia berriak

    Tokiko garapena eta berrikuntza

    Asko erabiltzen diren terminoak edo kontzeptuak dira. Ahoan hitzetik hortzera, txostenetan barra barra…. Erabileraren podasuz usteltzeraino ia ia.
    Egoera sozioekonomiko honek, kapitalismoaren unean uneko krisiak baina… gero eta gehiago harrapatzen gaitu, aktiboan edo pasiboki… zer egin, zer irakurri eta denbora zertan eman da kontua.

    langabezia datuak

    Gure herrian kasurako 110 lagun baino gehiago dago Lanbiden izena emanda. Inoizko langabezi tasarik handiena bizi dugu, txalet eder, taberna bete eta jai giro etengabearen artean. Kirolak eta kulturak dena estaltzen dute, eta euskal herri zoriontsu bat ematen dugu, hala ere. Eta kezka gutxi pizten dute etxebizitzak, edo krisi ekonomikoak, edo ikasleen etorkizunak, edo…. ikurriña, hizkuntza eta kontzertuak dira gure pentsamendu nagusiak une honetan.

    Tokiko garapena

    Asko harritu naiz Ernaik bultzatu duen kale inkestan, gazteek lan saria edo laguntza eskatzen dutenean langabeziari aurre egiteko. Eskaera justifikatu daiteke. Baina ezer egin barik bizi baino, hobeto izango da egoera aldatzeko tresnak sortzea, ezta?

    • zer egin dezakegu egoera ekonomikoari, herri mailatik, buelta emateko?
    • zelan sortu gazteentzako lanpostu berriak?
    • Egoera ekonomikoa ez du Troikak konponduko, ez da bake prozesuaren ondorio izango…. alternatibak gure eskutik sortu behar dira, sortzekotan.

    Larrabetzu ez da salbuespena. Oraindik krisiaren aurpegi ederra baino ez dugu bizi, ez dute inor etxetik bota, enbarguak ezkutuan bizi dira, enpresen galerak eta EREak familiako laguntzarekin konpesatzen ditugu… baina etorkizun argirik gabeko herria da gurea, planteamendu serio eta alternatiborik sortu ezean.

    Udalak ez dauka langabetuen poltsarik, sortzen dituen lan guztiak kanpoko enpresa handiei subkontratatzen die, lehiaketa bidez… eta plazan gero eta jende gehiago batzen da. Emakumeak eta gizonezkoak gehien, baina gero eta gehiago beti ere.. eta kafeak gora egiten du. Gora eta gora. Ogiak ere bai.

    berrikuntza, zer berritu baina?

    Teknologia berrien lilura bizi dugu ordea. Watssapp bidez komunikatzen gara, sare sozialetan mila lagun ditugu, pantailaz bete ditugu gure bizitzak, eta monitoreak behar ditugu komunera joateko ere.

    Teknologiarekiko subordinazioa lantzen ari gara, sujeto izan eta teknologia librea garatu barik. Eta enpresa erraldoien menpe bizi gara, telefono konpainiak, Google bezalako bilatzaileak, Sagarraren markaren azpian edo Facebook bezalako harrapakariekin.

    Tokiko garapena eta berrikuntza #eskura

    Langabetu kezkatuen antolakuntzatik datoz alternatibak. Herriko pentsamendu librea antolatzetik. Autogestioa… lema bat baino gehiago dela pentsatzetik. Adin guztietako jende zoriontsua batu, eta gauzak elkarrekin egitetik. Apurka apurka. Alternatibak posible direla ikustaraziz. Hemen eta han.

    Larrabetzu #eskura proiektua horrela sortzen ari gara. Orpoz orpo. Etxe zuloan. Garajeetan. Gaztetxeko doinuen artean. Frogatuz. Ikertuz. Ikasiz. Erakusten. Ahalegintzen. Indarrak batzen.

    eskuratablet
    Informazio lokala, kultur agenda, ezagutza partekatua, software librea, elkarlana, ilusioa eta kode apur bat landu dugu. Apurka apurka erreferentziazko tresna bat jartzeko herritarren eskura. Etorkizuna agenda batean. Agenda bat poltsikoan. Telefono mugikorra herriko informazioaren zerbitzura jarriz. Elkarteen lana bisibilizatuz, ikusgarriago eginez. Adin ezberdinetarako elkarteek prestatutako programazioa jendeari erakutsiz. Informazio lokal guztia -politikoa, kulturala, kirolak, udal gaiak, jaiak….- eskura jarriz, klik bakar batean. Eskuarekin, erraz erraz.

    Gogo eta izerdi, batzar eta programazio ordu nekaezin ugari, ilusio eta froga, merienda eta kontzertuetako komentario asko daude hemen inbertituta. Giza kapitalarekin eginda. Maitasun infinitu batekin. Apurka apurka, baina lotu barik. Herrigintzan ari garelako, auzolanean, tokiko garapena eta berrikuntza 1:1 eskalara ekarriaz. Gure artera.

    aurkezpena herrian

    ekainak26

    Herrian aurkeztuko dugu azken bertsioa. Tabletean ikusteko moduan, elkarteentzako atal bereziekin, sare sozialetan hedatzeko aukerarekin, webapp bat sarean, agenda edozein gailu eta markarekin ikusteko moduan (iOs, Firefox Os, Android…) eta beste berrikuntza gehiago. Sasoian sasoikoa, tokian tokikoa.
    www.larrabetzu.net

  • agit/prop,  baserritik mundua,  Elikadura Burujabeta,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Eskoletako jantokien ikasgaia

    Baserri Bizia

    Ikasturte bukaerako jaia antolatzen ari gara eskolan. Aurten ere, egun osoko egitarau aberatsarekin batera, bazkaria izango da eskola komunitatearen elkargune nagusia. Ikasle eta ikasle ohiek bazkalduko dute lehenengo, eta gero kalean eta patioan olgetan dauden bitartean, jantoki bete guraso batuko da, ezin menu ederragoa dastatzen.

    Urte guztiko asmo, gogo eta nekeen gailurra izaten da eskolako jaia, gurean bezala Euskal Herri osoko eskola, ikastetxe, ikastola eta abarretan. Eta gurean, egia esan, oso giro positiboa,baikorra, emankorra eta aberatsa bizi dugu, jantokiaren inguruan batez ere.

    Badira urte batzuk -seigarren ikasturtea irailean- Eusko Jaurlaritzak eskoletako jantokien dekretua inposatu zuela -Wert legea baino txungoagoa dela komentatzen dugu patioan- EAko Tontxu Camposen esku zegoen orduan Gasteizko Hezkuntza saila. Osteko bi kontseilariek ere; Isabel Celaa (PSE) eta Cristina Garmendiak (PNV) ez dute zirkinik egin egunero Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletan jaten duten 100.000 haurrek jantokian zeozer ikasi dezaten, elikaduraren garrantziaz ohar daitezen, osasunaren aldeko neurri gutxi somatu ditugu, dena esan behar bada.

    Gure eskolan, erabakia gure esku zegoela pentsatu genuen. Eta erabakia hartu genuen, guk geuk antolatzea jantokia, sukaldea eta elikaduraren inguruko ardura guztia. Dekretua bete barik, egunero egunero sukaldean herriko denda eta baserritarren artean erositako elikagaiak izan dira, herriko ogia, arraultzak, okela… dastatu, gozatu eta jan dituzte gure neska mutikoek.

    Jaurlaritzak diru laguntza oro ukatu zizkigun hasieratik. Ehundaka mila euro ukatu dizkigute azken 5 ikasturteetan. Baina guk herriko produktuekin, Gipuzkoako jogurrekin, Nafarroako olio, arroz eta lekaleekin ikasi dugu jaten. Sukaldatzen. Bizitzen. Herriko baserritarrak egunero etortzen dira eskolara, sasoian sasoiko produktuak ekartzera. Sukaldariek bihotz guztiarekin prestatzen ditzute gero. Eta ikasle eta irakasleek jan. Gure haurrak maiz joaten dira herriko soloetara, baserrietara, ikusi eta ikastera. Eskolan bertan solo bat daukagu.Sasoian sasoikoa. Berdin letxugak landatu edo marrubiak dastatu. Egunero mahaia ikasleek jartzen dute, batu ere bai, eta konpostaren ardura daukate. 2 tona konpost egin genituen iaz. Solorako baliatu dugu gero.

    Jantokia ikasteko leku bilakatu da. Gure baserria, gure elikadura, gure etorkizuna bertan lantzen dugu. Jaten duguna garelako, gure herriko tokiko garapena bultzatzen ari gara, herriko dendak -harategia, komertzio txikia, arraindegia-, ogitegia, soloak, hezitzaileak… guztia guk kudeatutako sistema libreago batean lantzen ari gara. Herriko ekonomian motore ere bada eskola eta guraso elkartea. Eta etorkizunean horrela jarraitu gura dugu.

    Erabaki garrantzitsuak hartu behar dira orain. Jaurlaritzan Hezkuntza sailak eta Nekazaritza departamenduak urratsak eman nahi dituzte. Gu laguntzeko eta egiten jarraitzeko prest gaude. Baserritarrekin, sindikatuekin, gizarte eragileekin, eskola komunitatearekin batera. Elikadura burujabetza lantzeko aukera aparta daukagu, eta guztia gure esku dago. Baliatu dezagun aukera historiko hau.

    Baserri Bizia 54. aldizkaria osorik:
    Baserri Bizia 54

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Larrabetzuko emaitzak Europar hauteskundeetan

    Inoizko kanpaina sosoenaren ostean, %62ko parte hartzea gure herrian. Ezker abertzalea nagusi -beste behin ere- eta jeltzaleen jeitsiera barri bat.
    Podemos hirugarren indarra da gure herrian, 30 bototxorekin. Bilbon 8.000 lortu ditu!
    m25hauteskundeak
    iturria: naiz.info
    Balorazio gehiago egiteko, oraindik goizegi da -edo beranduegi gauez-
    Asko dago esateko, hala ere.

  • gaztelumendi.eus,  larrabetzutik

    Duintasuna 1 – Kutxabank 0

    Norbaitek, gure baimen barik BBK-ko kontu batetik bestera 417,01 € aldatu dituela konturatu gara etxean. Apirilaren 30ean egin ziguten traspaso hori. Eta egun batzuk geroago, gure kontuan dirurik ez zegoela konturatu ginen -eskolako jantokiko erreziboak atzera bota zituztenean-.
    Maiatzean diru gehiago sartu dugu etxeko gastuak ordaintzeko -kiroldegia, gasa, argia, telefonoa, eskolako bazkidetza, jantokiko kuotak…- 350 eta 200 euro sartu ditugu hurrenez hurren, egunerokoari aurre egiteko, -eta baten batek 417,01€ aldarazi zituela ohartzeke-.

    Bulegora jo dut goizean, beste zeregin batzuen artean. Ea traspaso horri zeri dagokion. Eta DNIa eskaneatu behar duela erantzun dit BBK-ko bulegariak. Poker aurpegia somatu diot. Baina ez dit azalpenik eman. Ez da gai izan.


    Zuzendariarengana jo du, eta nik ere bai. Zuzendariaren bulegoko aulkian jezarri naiz. BBKeriaren bat izango zela otu zait. Inuxentea ni.

    Zuzendariak etzekien 417,01€ hoiek nork aldarazi dituen, berak ez, bulegariak ere ez. Bulegoan ez dago horren berririk, traspasoko beste kontua Caja de Ahorros Municipal de Bilbao sasoitik (Bilbo kutxa) 1990tik gutxienez, nire izenean dagoen kontu bat ei da. 901625XXX-130.4 kontua antza.

    Nik ez dut etxean joandaneko 11 urteotan -nire helbidea daukate, dena eguneratuta dago- ezelango notifikazio, gutun, edo bestelakorik jaso. Bulegoko zuzendariak ere ez daki non dagoen balizko zor horren iturria, jatorria eta ibilbidea. Egun, 700 €urorainokoa sortu du, -sorrarazi dute bbk-koek, antza-. Nik neuk ez daukat horren berririk…. Badakite jakin ez dugula kontu horretan ezelango mugimendurik egin.. gutxienez 15 urte edo gehiagotan.

    Baten batek, hala ere erabaki du… zuzenean gure etxeko kontutik, nirea eta beste pertsona baten izenean dagoen kontutik, inori esan barik, baimen barik, ezta bulegoko zuzendariari komentatu barik… aldatzea. Eta gure etxeko kontua 0€urotan utzi zuten apirilaren 30an.
    bbklapurreta
    Maiatzaren 23a gaur, eta ez zaigu ez gutunik, ez oharrik, sms mezu edo deus heldu. Larrabetzuko bulegoko zuzendariak eta bulegariak ere ez dakite deus.

    Zuzendariarekin ahotsa altxatu dut, bera ere urduri jarri da. Baina jakinarazi diot, enaizela bulegotik aterako kontua argitu, eta dirua itzuli arte. Kutxabank zentraleko arduradun batekin berba egin du. Ez zioten erantzuten. Eman dioten azalpena ez zaio nahikoa iruditu zuzendariari ere, eta berak ezin duela beste ezer egin adierazi dit. Aipatu diot, Kutxabank Konfiantza izeneko kanpaina bat egiten ari dela, baina nik aspaldi galduta dudala konfiantza bankuetan. Entzuten direnak entzunda… enaizela fidatzen. Eta enaizela bulegotik atarako… nirea ez den -familiarena baita- diru hori itzuli arte.

    Orduan telefonoaren beste aldean zegoen arduradunak -Leire izena omen zuen, euskaraz be badakiela esan dit- erdia itzuliko didatela proposatu dit. Familiako kontua bi pertsonen artekoa denez, erdia “hartu” dagokidala arrazoituz.
    -Adarrik ez jo niri! bota diot, gero eta berotuago. -Edo oraintxe bertan 417 € hoiek itzultzen dituzue edo enaiz bulegotik atarako. Zuek ikusi.

    Aurretik, Larrabetzuko zuzendaria saiatu da itzulketa egiten, baina ez zuen horretarako baimenik Kutxabank-en sistema informatikoan. Larrabetzuko zuzendariak konpondu gura zuena, ez zuen banketxeko sistemak ametitzen. Ikusi dut, prest zegoela konponbiderako.

    Bilboko zentralekoak ikaratu egin dira. Beldur ziren dirua jaso eta kontua anulatuko ote nukeen. Esan diot, aitortu, nire asmoa ez dela egoera ebaditzea… azalpenak eman, eta konponbidea nahi nuela nik. Egoteko lasai, eta deitzeko nahi duenean. Izango dugula elkarrizketa bat… eta 1990ko kontu horrena argituko dugula. Ea zer den, nik ere ez dakidalako. Eta nire NAN zenbakia, nire izen abizenak eta nire telefonoa eman dizkiot. Pertsona juridikoa naizela, eta erantzungo dudala. Baina mesedez, inorena den kontu batetik bestera dirua baimen barik pasatzearena ezdudala ametitzen.

    Eta zuzendariarekin hizketan jarri da gero. Eta zuzendariaren bulegotik atera naiz. BBK-n jarraitzen nuen. Bulegariak flipatzen jarraitzen zuen, eta ohiko lanei ekin die.
    Kontxi neukan alboan. Eta kontatu egin diot. Eta ez da harritu! Nor harritzen da gaur egun banketxeekin?

    Zuzendariak esan dit 5 minututan ingresoa eginda egongo zela. Eta 5 minutu gehiago itxarotea pentsatu dut. Jezarrita. Kontxirekin berbetan. Futbolaz aritu gara, Garmitxak datorren asteburuan antolatu duen txapelketaz, eskolaz, lanaz.. gure ohiko elkarrizketak. Txapelketarako sponsorizazioaren bila joan behar zuen gero… zuzendariarekin hitz egitera. Ea zer ematen diguten!

    Libreta eguneratu dugu. Sartu dituzte lapurtutako 417,01€uroak, eta ahotsagatik barkamena eskatu diogu Ainarak eta biok elkarri. Zuzendaria eta bezeroa. Biok egon gara urduri, guk geuk sortu ez dugun egoera batengatik.
    bbkitzulketa

    Duintasunagatik egin dut. Desobedientzia jarrera azaltzeko prest agertu naiz. Datorren astean berriro joango naiz bulegora, ohiko gauzak egitera… kontuak ordaindu, kuotak… txikikeriak.

    Udazkenarekin FIAREn jarraituko dut, badakite hori nire adiskideek. Eta eguneroko “nire” gastuak Ipar Kutxan egiten jarraitzen dut. Ez dut sekula arazo txikienik izan. Badira urte batzuk nominak, kuota pertsonalak, diru trukeak, autopista txartela, txartela… han ditudala. BBK aurreko Ipar Kutxa bulegoan.

    Duintasuna, gardentasuna eta konfiantza. Beste balore batzuk. Sano garrantzitsuak.

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Lasterbidean

    Sare sozialetan, espetxeetan, errepidean, etxean, herrian…


    Lasterbidean Larrabetzun.
    lasterbideanm18

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Herri bat

    herribattxikia bizia alaia gogorra euskalduna eta kementsua.
    Atzo, gaur eta beti.
    2014ko maiatzaren 3a bereziki gogoratuko dogu larrabetzuarrok, inposaketaren kontra eta gure nortasunaren alde garen moduan agertu garelako, ez besterik.
    Herri giroa, alaia eta kementsua. Herritar guztiok. Ezkerreko eskumako handi eta txiki, kolore guztietakoak, adin guztietakoak plaza baten batuta. Argazkiak ikusi eta txunditzeko modukoa. Herrigintzan gabiz, Urkijok behartuta.

    2014ko maiatzaren 3ko argazki bilduma: gurea ikurriña
    Informazio gehiago: larrabetzutik.org