larrabetzutik
Larrabetzutik Euskal Herrira
-
Bizkaiko bertsolari txapelketa, bapatean?
Astelehenean aurkeztu zen gure herrian, Bizkaiko bertsolari txapelketa. Domekan hasiko da eskualde honetan bertan aurtengo txapela erabakitzeko lehenengo saioa. Orain hasi eta abendu erdirarte, badaukagu nora joan eta zer entzun. Bizkaiko bertsolaritzak, iazko BECtekadaren ostean, erronka berria dauka.Esan eta esan ari dira batean eta bestean Unai Iturriaga eta Igor Elortzarik gabeko txapelketa dela. Kontua da, modu naturalean aurtengoan izenik ez ematea erabaki dutela bi durangarrek. Eta horrek, finalari begira behintzat, txapelketaren interes maila areagotu egin dituela.
Guk gure aldetik, astero bertso_afari_saio bat egingo dugu. Finalista izan daitezkeen lau lagun batuko dira eguaztenero gurean –Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Etxahun Leku eta Xabi Paia-. Txapelketa nagusirako prestatzen hasi ginen, eta laurak finalerdietara igarotzea lortu zuten. Orain laurak Bizkaiko finalerako txartela eskuratu behar dute. Finalean afariotako giroa izan dadin, eta txapelaren beltza dastatzeko. Afariotako kontuak ez ditugu blogera ekarriko, baina txapelketaren jarraipena egiteko asmoa badago gure inguruan. Bertsoak ere, mp3 formatuan eskainiko dizkigu, entzun gura dituenaren gozagarri.
Azken oharra:
Txapelketa Zamudion abiatuko dela eta, esan beharra daukagu, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, Larrabetzuko bertsozale batzuen eskariz, Larrabetzun saio hau egiteko tramiteak egin zituela. Baita baietza lortu ere. Baina alkateak, saioaren gastuak ez ordaintzeagatik, larrabetzuarrok ezin izango dugu txapelketa gure herrian ikusi. Tristea bezain lotsagarria da, eta inork salatu ez duenez, gaztelumendi.org blogean behintzat horren berri emango dugu. Tomas Ordeñana alkatea, hain da lotsabakoa, nahi dituen gauzetarako baino ez dago prest gauzak antolatzeko. Asteburuan herritarrei paella doan emateko ez dago arazorik, baina Bizkaiko kultura bultzatzeko, txakur txikirik bez.
-
Aezkoatik wifi bidez
Gazte eguna arrakastatsu. Astelehenean San Inazio. PNVren sorrera duela 110 urte, ETArena 59an edo, Hori Bai gazte elkartearena 1965an…. eta aurrera goaz. Gure herriko gaztetxeak, Loiolakoa barik, bere eguna ospatzen du urtero. Festa eguna. Herri bazkaria, karta jokoa, musika kalean, eromeria eta beste kontu asko.
Herri giroa. Parranda. Eta abuztuan ajea.Batzuk kostaldera, besteak mendira. Eguzkitara edo gerizpetara. Mugitzea da kontua. Gero jaietan kontatu ahal izateko bakoitza non egon den. Zenbat ordu eman dituen eguzkipean, zenbat milako igo dituen pirineotan edo ze kontzertu ikusi dituen Afrikako punta. Ipar zein Hegoaldean.
Aezkoara etorria naiz ni, Irati aldera. Giro lasaia, lo egiteko altura ona, eguzkitsu atzo, euri artean gaur. Eta Orbaran, wifia daukan guinness garagardoak topatu ditugu. Etxeko lanak egiteko ordenadore zuri hau ekarri genuenez, kafearekin, edo garagardoarekin konektatzen gara Euskal Herrira. Pirineora heltzen ez den euskarazko prentsako titularrak irakurri, rss harpidetza guztiei jaramon egin, eta spam apur bat borratzen dugu gure posta kontuetatik.
larrabetzu.org zerbitzarian dauden argazkiei begiratuta dakigu zeinen arrakastatsua izan den Gazte eguna. Eta laister, jaiak berriro herrian, Andramariek 06, eta barriro ere juerga eta parranda.
Bitartean, Irati aldean txango batzuk egin, errekan bainu freskoak hartu, jatordu onak ospatu, eta datorrenari aurre egiteko prestatu. Aezkoatik, biba zuek!
-
Gazte bitaminak
Badira 20 urte Hori Bai gazte elkartean murgildu nintzela. 1985ean lehen rock kontzertua egin zen Larrabetzun: Bap! Ximorrak, Kortatu eta Zarama izan genituen herrian. Gu ume moko batzuk ginen, auzoen arteko futbito partidua antolatu ziguten Hori Baiko gazteek. Eta pozik parte hartu genuen handiek bezala. Eta gero, gau hartakoa gure bizitzako lehen rock kontzertua izango zen. Bide berri bat.
Orduan ezagutu genituen BAP!ekoak, eurekaz berba egin genuelako; gainera, Andoandik jende piloa etorri zen Larrabetzura bizikletaz; Kortatukoek lehen lana zuten kalean (Mierda de Ciudad, Manolo Rastaman…) Jotakie, Cicatriz eta Kontuz Hi!rekin batera. Zaramaren kantuak ikastolan entzunak genituen, euskaraz zirelako, rocka euskaraz atsegin genuen ikastolan.1985. urtean 20 urte betetzen zituen Larrabetzuko Hori Bai gazte elkarteak. 20. urteurren hori lokal barik ospatu zen, gazteentzako lokalak aldarrikatuz. Hurrengo urtean ere kontzertua egin zen herrian, eta hurrengoan, eta baita hurrengoan ere.. urtero…. gazte eguna izendapenarekin. Rocka, hitzaldiak, bazkaria, ekitaldi ezberdinak… mugimendu berri bat, 80. hamarkadatik aurrera.
80. hamarkadako mugimendua(k)
1986ko gabonetan, lokala berreskuratu zen, okupatuz. Konponketak egin, argia eskuratu… eta olentzeroren oparirik onena izan zen hura. Larrabetzuk luzaroan bizi izan duen oparia. Ordurako mendira joaten ginen gu Hori Baiegaz. Baina handik aurrera, gurre herriak ere, Larrabetzu -k izango zuen gaztetxea. Asanbladak, batzordeak, batzarrak, aktak… kartelak, kontzertuak… bizitzan aurrera egin ahala, bide berrietan murgiltzen hasi ginen. Mugimendu sozial aberatsa izan da gaztetxeena. Tokian tokikoa bezala, baita Euskal Herri mailakoa ere, nazioarteko squat mugimenduaren irudi, ikur eta adierazpenekin. Herri bat gaztetxe bat! lemapean mobilizazioak egiten hasi ziren orduan Euskal Herri osoan.Musika lagun, kontzertuak, adierazpen kulturalak. Herri nortasuna eta izaera errespetatuz, gazteek herriarentzat makina bat ekitaldi antolatu ditugu urteotan. Urte asko, borroka asko. Gorabeherak. Haserreak. Enfrentamendua. Subentzioa ukatu, lokala desalojatzeko mehatxu etengabeak. Kamisetak, txapak, kartelak… zer egiten ez dugu ikasi Hori Bai gaztetxean. Mendira joan gara, Euskal Herria ezagutu dugu, militantzia ezberdinak uztartzen ikasi, mugimendu sozial alternatiboen txoko eta kultur erreferentzia bakarra herrian: areto, antzoki, zinema, jolastoki, eskola, euskaltegi… denetarik egiten da gure Hori Bai gaztetxean. Denetarik egiten dugu. Denetarik egingo da aurrerantzean be.
Gazte Eguna 2006
Eta bart, Gazte Eguna ospatu dugu. Beste behin. Gazte bitaminak topera. Juerga, gogoa, ilusioa, indarra, antolaketa eta kalean neurtzeko modukoak. Indarberrituta, ilusioz gainezka. Freskura eta gozotasuna. Gazte bitaminak. Eta goizean, gazteagoak direnekin gosaltzean… pentsamenduak joan egin zaizkit. Zirikatu egiten gaituzte. Historia oroitu gura dute, barre egiten dugu, elkar bazilatu…. eta 20 urteotako ibilbidea etortzen zait burura bapatean. Jatorrak dira oraingo Hori Baiko gazteak. Ausartak dira, trebeak, sekulako irudimena daukate… eta beraien ondoan edozertan ibiltzea gozada hutsa da. Berandu da, baina ez zara logura. Zelan ba?!
Eskerrik asko, Hori Bai. Bizitza honetan gertatu zaigun gauza ederrenetako bat daukazue esku artean. Eutsi, gozatu. Barre egin, zirikatu. Beti aurrera begira. Zapaltzaileei egurra. Kolorez eta ilusioz margotu Larrabetzu. Ametsez bete Andra Mari kaleko 23a. Aurrera bolie! -
Gazte eguna ( larrabetzu )
Heldu da, gaur da Gazte Eguna Larrabetzun.
Kartela programa eta argazkiak
Gure herria, Larrabetzu pozik jartzen da, alai, gogotsu egun honi aurre egiteko. Hori Bai gazte elkarteak antolatutako jaia da, gaztetxetik herrira, herritik Euskal Herrira. Jende asko, giro ona, musika, rock&rolla, garai bateko debekuek PNVren jarrera itxia agerian utzi zuten. Debekuen gainetik, gaztetxeak jai hau antolatzen jarraitu zuen, normaltasun guztiarekin. Antolaketa ona, Euskal Herriko zein atzerriko taldeak ekarriaz 1500 biztanle ez zituen herri txiki honetara.
1998tik, gaztetxea ere irekita egoten da gazte egunean. Disko jartzaileak egoten dira bertan, eta gaur ere aukera egongo da Makala eta Aritz sound system entzuteko. Musika ona, giroa, dantzarako uneak gaurkoak. Gonbidatuta zaude zu ere.
Argazkiak atara eta larrabetzu org gunean zintzilikatuko ditugu. Kronika bat zuzenean. Eta hemen daude, orain arteko lehenengo argazkiak.
-
larrabetzu.org aurrera doa
Hilabetea sarean, eta emaitzak ikusten hasi dira. larrabetzu.org aurkeztu genuenetik, apurka apurka garatzen joan da gure komunitatea. Larrabetzu herri bizia da, kalean, auzoetan, jendearen artean, eta hori isladatu gura genuen larrabetzu.org proiektuan be.
Sergiok eta biok, geure blogak herriko zerbitzarian jarri genituen lehendabizi, larrabetzu.org bloga sortzearekin batera. Gero blog gehiago etorri dira, eta ikasturte berrirako gehiago egongo dira.
Interneten hilabete batean gauza asko gertatzen da, eta alde horretatik ere gurera egokitzen ari gara. Wiki bat, argazki galeria bat, zabaldu.com plugina, audioak entzuteko aukerak, Google analytics… gure i+g (irudimena eta gogoa / ikerketa eta garapena) taldea ere martxan dago.
Larrabetzu.org komunitatea gaur:
gaztelumendi.org Neure bloga, irakurtzen duzuen hau.
53R61 Sergio, gure herriko hackerra
kukubel 2.0 Kukubiltxo antzerki taldearen antzezlan berria
Hegoafrikatik Gure herriko bidaiariak munduan zehar
literatura, Gabriel Arestiren etxea
Argazki galeria Apurka apurka Interneteko presentzia areagotuz.
Eta proiektu berriak be etorriko dira; blog gehiago sortzeko aukera martxan dago. Herriko pelota eskolak proposamena luzatu digu dagoeneko, eta ostantzeko aukerak be sortuko dira, seguru baietz.
Aurki.com atariko herriak sailean agertzen dira dagoeneko gure feedak, eta bertan beste herri batzuetako ereduak eta ildoak aztertzeko parada daukagu. Gurea herri txikia da, baina Interneten aroan, informazioaren garaian, herriok hor egon beharra daukagu, auzolanean eta teknologia berriekin batera.Zuongandik ere, ideiak eta proposamenak espero ditugu. Ondo etorriak izango dira eta.
-
Cerquita de España
Batzuetan ez dakit zer pentsatu ere. Kanbon eguerdian hasitako etapa, bertatik ezin jarraitu eta telebistatik egin dut. Behe Nafarroatik Zuberoara, Euskal Herrian egin dute tarte zabal bat. Gertuko herriak, ikuslego euskalduna, eta SantaGrazitik gora, Auñamendietara bidean maldak gero eta gogorragoak.
Gertu gertutik jarraitzen milaka euskaldun, ikurriñak, presoen aldeko banderolak, bide ertzean euskal herrian euskaraz zioten plastikozko pankartak… denetarik. Ikusleen artean, aurten ere laranjaz jantzitako ehundaka jarraitzaile.
Eta tve-tik jarraitzen ari nintzenez, jabetu naiz zelan aipatu ere ez zuten egiten gure zalegoaren presentzia. Ignoratu egin dute guztiz. Asteak eman dituzte, opa eta opa, eta orain deus ez txirrindularitza gurtzen duen gorri berde zuri laranja horretaz. Nazionalismoaren zama. Besterik ez.
Cerquita de España
Baina deskuidoan ez zaie ba okurritu telebistako esatariei, normala dela jende asko egotea, cerquita de España dagoelako inguru guzti hau. Barrezka hasi gara tabernan. Nazionalismoa bidaiatzen ere sendatzen ez dela ikusita. Zer egingo diogu ba?
Euskal Herria atzean utzi eta Arettera heltzear zirenean, tabernatik etxerako bidea hartu dut nik ere. Kafearen gozoa ezpainetan, etxean telebista piztu dut.Samako miña
Pentsatu dut, telebistari ahotsa kendu eta Euskadi Irratia jartzea. Euskaraz ari zirelako bertan Perurena eta enparauak. Mayogatik kezkati, Gorosperi mobilera deitu diote behin eta berriz irratikoek. Azkenean lortu dute Mañarikoagaz berba egitea. Ez die esan ba, samako miñagaz dabilela Iban. Eta klaro, giputzek tautik bez ulertu. Zer izango ete zan samako min hori? Garriko miña dala deliberatu dute, instantean, duda izpi barik. Garria, zama, pisutsua, miña… hasiko ziren pentsatzen. Konturatu direnean, hanka goraino sartu dutela, teknikoren batek edo ohartarazita ziurrenik, aipatu dute, lepoko miñekin ibili dela bezperetan Iban, euren akatsa ezin zuzenduta…Etapa polita
Kontuak kontu, etapa polita izan da gaurkoa. Iñigo Landaluze oso ondo ibili da, Iñaki Isasik be bereak eta bi eman ditu gaurkoan. JuanMi Mercadok merezita irabazi du gaurko etapa, bigarren egin du Cyrill Desselek. Geroago sartu da Iñigo Landaluze. -
Fernando Muniozguren gogoan
Fernandoren bloga: Hau ta hori ta bestia, joik buruakin postiaÂ
Donostiako KMtik Zarautzera bitarte egindako azken bidaia izango dot gogoan. Mikel Elorza, Fernando Muniozguren eta hirurok autoan, Estilo ariketak liburuaren aurkezpenean izan ostean.
Zer izango hizpide eta Zarautzen gazteek okupatu berri zuten gaztetxea. Tipo jatorra hau! pentsatu nuen. Jantzia bazela banekien, filosofia ikasketak zituela ere jakinarazi zidaten, bloga irakurtzerik besterik ez zegoen. Utzi gaitu, gogoan izango dut nik, luzaroan.
-
Blogetik euskaltegiko ariketara
San Juan sua barikuan. Antzerkia, musika, danborrak eta jai giroa nagusi gure herrian, eta sua. Zelan ez. Ez dut jakin, baina aurtengoan ere alkateak bereak eta bi egin ditu, oztopoak hamaika gazteek antolatutako ekitaldirik garrantzitsuenetakoa trabatzeko. Ez du lortu. Jaia arrakastatsua izan zen, beste behin.
Iazko erridikuluaren ostean, aurten be, ezin geldi egon gure herriko alkate faxista, beste izenik ez du eta. Zein alderditakoa den galdetu zidaten aurrekoan harriturik Iruñean. UPNkoa erantzun nien. Ulertuko zutelakoan. Barcinarekin ezkontzeko modukoa da Tomas Ordeñana, ondo ulertuko lukete elkar. Jeltzale egin da, inoiz nazionalista izan barik. Agintari egin da, inoiz obeditu ez badu ere, baina oraindik gure herriko alkate da, askoren borondatearen kontra, beste gehiagoren borondatez. Eta jainkoaren laguntzagaz, zelan ez. Asteburuetako pulpituetako esanek, bozkak ematen dizkiote oraindik euzko alderi jeltzaleari. Hori da gure herria.
Tira, mintza gaitezen sorginkeriaz. Akelarreaz. Sua eta festaz. Doinu debekatuez, trikitixaz. Sagardotan bustitazko txorizoaz, zeruan ikusitako su guztien azpiko gau ederra izan zelako barikukoa. Beste behin. Gurean bezala, gainontzeko euskal herri askotan ere.
blogetik euskaltegira
Iazkoa gogoan hartuta, nonbait AEK-ko didaktikariek baliagarri ikusi zuten. Jakingo duzue duela egun batzuk AEK eguna ospatu zela gure herrian, eta besteak beste blogetako zein Interneteko informazioa baliatu zuten. Euskaltegietako ikasleentzako ariketa batzuk sortu zituzten, eta besteak beste blog honetan Kale antzerkia tituluarekin iazko sanjuanen ostean idatzitakoa baliatu zuten.
Ariketa edo ataza hoiek sarean daude. Eta testua irakurri ostean, galdera eta ariketa hauek planteatzen zaizkio ikasleari:
* Hitz hauek erabilitz (zabaldu, sutan, harrituta, hitzetik hortzera) berridatzi esaldi hauek:
1. Ahoz aho herritar ia denak berriaz jabetu gara. …………
2. Jende guztia zur eta lur geratu da plazan bertan. ……………
3. San Juan bezperako giroa gori-gori dago………………….
4. Bolo-bolo ibili da albistea herrian …………………………..
* Larrabetzuko alkatea bazina, zer azalpen emango zenuke suak debekatzeko (idatz ezazu)?
*Azalpenak irakurriko ditugu eta onena aukeratuko dugu (irizpidea denon artean erabakiko dugu: logikoena, barregarriena…)
-
Blogak eta garagardoak 3.0
Gara egunkariko azken orrian gaur argitaratutako kronika eta argazkiak.
Ostirala, lan guztiak amaituta, ordenadore portatila hartuta, blogariak gaztetxera jotzen du. Herriko blogariak bakarrik ez, beste toki batzuetakoak ere batu dira: Arrasatetik, Elgetatik, Andoaindik, Galdakaotik, Bilbotik edo Larrabetzutik. Berdin du nondik, baina euskal blogariak batzeko zita izan ohi dira Blogs&Beers topaketak. Garagardo artean, blogariak elkar ezagutu, berba egin eta elkarren berri izateko topagune bilakatzen dira. Orain arte, ia urte betean hiru ospatu dira; 2005eko apirilean lehenengoa -Elgetako Espaloia kafe antzokian- eta Bilboko Kafe Antzokian beranduago, 2005ko azaroan. Hirugarren zita izan da oraingoa Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean ostiral iluntzean ospatu zena.
Deialdia Internetetik zabaltzen
Deialdiak egiteko ez dira gutunak egoten, ez da kartelik egiten normalean, Blogs&Beers 3.0 deialdia ere batez ere Internetetik zabaldu da. Post bat Interneten idatzi, eta erantzun eta trackback bidez zabaltzen da konbokatoria. Euskal Herrian, tokian tokiko blogez gain, Sustatu.com eta Zabaldu.com dira horretarako albistea hedatu eta zabaltzeko gunerik aproposak. Ostiralekoa ere horrela zabaldu zen, lehenbizi larrabetzuar blogariek zitaren berri eman eta gero sarean zabaldu zen.larrabetzu.org komunitatea
Ostiraleko ekitaldiak, blogarien topaketa izateaz gain larrabetzu.org komunitatea aurkezteko ere bazuen helburu. Blog komunitate bat, herri txikiak Interneten paratzeko aukera, teknologia berriak eta euskara suspertzea… helburu asko ditu larrabetzu.org egitasmoak. Glokalizazioa ere deitu izan zaie horrelako ekimenei. Dena dago egiteko, eta partehartzea eta jendearen arteko auzolanean burutu ohi dira horrelako proiektuak. Larrabetzuko gaztetxean ikusi zenez, blogarien artean termino hauek ohikoak dira, auzolan telematikoa egunean dago, eta softwarea euskaratzen, proiektuak aurrera ateratzen edo salaketa telematikoak egiteko orduan, blogariak beti lehen lerroan egon ohi dira.Ostiraleko ekitaldian, blogak eta garagardoak gainera musika onarekin uztartu ziren. Kingston hiria irrati emankizuna egiten duen musikazaleak, reggae musika pintxatu zuen zuzenean gaztetxean ere, eta normalean bere Interneteko emankizunetan edonork entzun dezakeen musika, kasu honetan zuzenean eskaini zuen. Bitartean beste blogariek, Klik bikoitza, 53R61, Teketen, Jozulin edo bestek ordenadore aurrean argazkiak Interneten publikatu, kronikak zuzenean idatzi eta gaztetxeko wifi konexioarekin pantaila handian bideoak erakusten zituzten. LarraB&Btzu ekitaldi honetako testuak eta irudiak jadanik Interneten daude eskuragai, eta bb3 etiketarekin aurkitu daitezke technorati.com edo flickr.com bezalako guneetan.
Ekitaldia Larrabetzun eta Txorierrin AEK egunaren aitzakiarekin antolatu diren ekitaldietatik lehena zen. Biharamunean toki berean, Larrabetzuko gaztetxean Ruper Ordorikak musika emanaldi akustikoa eskaini zuen. Kronikak eta argazkiak, zelan ez, irakurgai daude larrabetzu.org gunean, blogariren batek idatzita. Gune berean topatuko duzu gainera, datorren larunbatean, ekainak 10, AEK egunaren inguruko informazio guztia.
-
Blogs&Beers hasi da