larrabetzutik
Larrabetzutik Euskal Herrira
-
Udaminez
Uda deitzen diogun hori badoa, astiro astiro. Egunak goizean hasi eta ilunkerarekin amaitzen ari zaizkidan aro honetan… ikaratuta nago.
Oraindik ez dut uretan segundu bakar bat eman. Ez dute nire besoek igeri egin, ez dut oraindik itsasoko kresalik, Iratiko urik ezta igerileku ziztrin bateko klororik dastatu.
Herrietako jaietara joan barik, txoznetan egon barik, garagardoen aparrik dastatu barik…
Uda badoa, eta hemen geldi nago ni.
Tourrak amaitu behar du, lanak iraunen du, goizetan eguzkia ateratzen da, eta hemen jarraitzen dut nik, geldirik.
Uda badoa, eta ez daukat bere berri.
Ezagutzen baduzu, kontaidazu, jakiteko irrikitan nago eta.
-
Miren Deun txaidiatik idazten
oharra: mezu hau duela hamar egun argitaratu beharrekoa zen, ziberespazioan galduta ibili da baina. Argitaratu botoia sakatu nuen. Ez zen argitaratu. Ez nuen berriz topatzen. Andra Mari kaletik abiatu, eta gaur itzuli da nire arbelera. Argitaratzea erabaki dut. barka eragozpenak. Â
Astelehena. Goiz eguzkitsua. Kalera irtetzeko aproposa. Gerizpetan be ondo, ezin hobeto. Egunkariak zabaldu eta futbola. Kafea eskatu eta futbola. Lagunen bat agurtu eta futbola. Baloiaren minak esnatu du gaur Euskal Erdia.
Bart, Athletic-ekoak ere berton izan dira, Azurmendi jatetxean afaltzen, eta ez da beste berbagairik bazterrotan. Bejondeiela!
Derecha unida Larrabetzun
Kezkatuago nago ni, zapatukoagatik. Euskal Herrian, aldaketak nagusi izan diren unean, Azpeitia, Ondarroa, Mendexa, Atxondo, Igorre, Arrasate… giro berria, alkatetza gorriagoak… Larrabetzun kaka zaharra.
Derecha unidak posible egin du gurean berriz ere Tomas Ordeñana izeneko alkate faxista, inposatzaile, erdaldun eta tontolaba hau berriro egotea. Aralarrekoek ahaleginak egin dituzten arren, koalizio horretan espainolzaleek agintzen dutela nabarmendu da berriz ere. 4 zinegotzi PNV-k, 4 ANV-k, bakarra Iu-Aralar koalizioak. Baina giltza bere esku. Ezkerretara egin, edo eskumatik jarraitu. Lotsagarri. Abstentzioak eskuma inposatzailea bermatzen du. Badakite jakin. Baina… zer egon da tartean? Bilbon Julia Madrazoren aulkia? PNV-ren eskaintza berton? Ezker abertzaleari ez aukerarik emateko determinazioa? Ala biolentzia da aitzakia?
Ezin ulertuta nabil. Baina, lau urte zailak izango dira hauek. Alkatea minorian dago, ez dauka ekipo onik. ANV ilegalizazioa gainditu ostean gogotsu, kandidatura berria, esperientzia eta gaztetasuna uztartuta, bi emakume eta bi gizonezko. Eta inoizko bozka gehien lanerako berme. Aldaketa indartzeko herri programa bat, ehundaka lagunen partehartzearekin. Ekonomia, gazteria, kultura, euskara, teknologia berriak, ogasuna, osasuna, hezkuntza, ingurugiroa, lurra…. gauzatzeko moduko proposamenak egongo dira lau urteotan ere. eta pleno bakoitzean erabaki beharko du Derecha unidak, zer egin, zer ebatzi, zer bozkatu. Beti boterearen alde? Eta programa? Eta botoak? Lau urte interesgarri duda barik.
Bitartean, segi aurrera!
Bitartean, gure herriak bizi bizi jarraitzen du, udalaren laguntza barik be, eta zer egingo diogu ba? 1937ko gerra antifaxista gogoratzeko ekimen ugari eta interesgarriak izan dira egunotan -funtziotan egon den alkateak ze oztopo jarri dituen ez galdetu niri- jende asko pasatu den, Larrabetzun inoiz egin den erakusketa interesgarrienetik, Hitzaldi entzutetsuak, Joseba Tapiaren kontzertu ahaztezina, Koldo Izagirreren memoria historikoa freskatzeko ariketa, Ezkaba filmea, mendi irteerak… denetarik.
Zapatuan bertan, eskolaren jaia, Eusko gudarostekoen kontzertua… zer esango dizuet. Pozik bizi gara hemen, atsekabeei aurre egiteko besarkadak eta maitasuna, indarra elkarri eman,
-
Joan da aste hau ere
…eta batzuetan gurago. Izan be, ondo hasten ez den astea, hobe ez hastea. Eta zenbat kosta amaitzea!
Ez genuen ondo hasi, baina hartu du tankera, apurka apurka. Egunak joan ahala, eginahalak eta bi izan ditugu, geldi ez gara egon, eta zapatuko gertakizunen zain, adi adi gaude, plazaren bueltan.
Asteleheneko kontatu nizuen, mezuak jaso ditut gero, eta horretaz mintzatu gara hemen eta han. Tristura nagusi astelehenean eta martitzenean. Hutsunea orain. ETBkoak, Larrabetzukoak, San Inaziokoak… denak kalean elkartuta. Agurtu dugu Txaber. Ez adiorik.
Lasaitzeko edo, irratsaioa egitea izaten da onena horrelakoetan. Estudioan sartu, musika jarri, eta berbaz jarraitzea. Saioa txukuna atera zitzaigun Jabi eta biori, martitzenean bertan.
Eguaztenean, San Antonio. Aitzakia ona Urkiolara joan eta zapatak urratzeko.
Koldo Izagirre eta Joseba Tapia eguenean Hori Bai gaztetxean. 1936-37ko gerra hizpide. Kantuak, egunkariak, pertsonaiak -gogoan hartzekoa Cristobal Errandonea- Joseba Tapiaren soinua… berandurarte.
Eta oharkabean, barikua. Badoa astea. Eta biharkoa hizpide kafe artean, lagunekin, herritarrekin. Udal berria osatzen da bihar Hego Euskal Herriko udaletxeetan. Gurean, berriago izateko aukera asko daude, ezkerrera egiteko modua egongo da, beti ere IU-Aralarrekoek gura badute. Ezker abertzaleak, inoizko emaitzarik onenak lortu dituen honetan…. ikusiko dugu zer gertatzen dan.
Bihar biharkoa, orain pantaila guztiak amatatu eta etxera noalako. Lanak ahaztu, eta asteburuaz gozatzera.
-
negar egiteko gogoa
Telefonoa goizean. Hartu eta dzzauss! Kolpea belarrira.
–Txaber hil dok.
Eta ezin sinestu. Ezin sinestu, aurreko astean agurtu duzun laguna, joan egin dela. Ezin sinestu, ahotsean zerbait daukala uste, eta minbiziak birikia jan diola, oharkabean.Txaber Ortuzar. Gure laguna. ETBko errealizadorea, Larrabetzuko gurasoa, erlezaina, Olarreta pilota eskolako kide, abertzalea, ezkertiarra. Zintzoa. Jatorra. Txaber, mekaendios!
Barikuan jakin gendun gaisotasun larri bat dekola, asteburuan berbaz aritu gara, ia zorterik dekon, ia aurre egiten dotson.. baie ezin, bart, goizaldeko 5ak aldera joan da.
Etxean geratu da Ines. Antton eta Joseba. Bi ume moko, alaiak, jatorrak, berbatsuak… jatorrak.
Eta ostia! zer pastan da gure herrian? Urtero notizia latzen bat, urtero lagunen bat, ezagunen bat… badoa. Oharkabean. Badoa, eta ezin ezer egin.
Herri bizia da gurea, ezagutzen gara, eta elkar maite dogu. Berba egiten dogu, kafeak hartu… eta batez be elkarrizketa atseginak izaten ditugu, auzokoen artean, herrira etorri diren guraso berrien artean, eskolakoen artean, kalean, frontoian… eta halako baten, dzzauss! ostia galanta.
Aupa Txaber. Leku atsegina izan bada hau zuretzat, ondo. Hutsunea itzela izengo da. Aurrera beti.
-
Gerra gogoratzeko
70 urte igaro dira, gure ingurua bonbardatu, erre eta erasotu zutenetik. 70 urte betetzen dira egunotan Gaztelumenditik, burdinezko garrikoa erasotuz faxistak Bizkaiko hiribururantza abiatu zirela.
Eta 70 urte betetzen diren honetan, gure herrian hainbat lagun horretan jarri da lanean. Memoria historikoa esaten zaion horri heldu gurean.
Hainbat batzar egin dituzte, eta egitarau oparoa sortu. Kultur ekitaldiak -musika, hitzaldiak, filmeak- , mendi ibilaldia, argazki erakusketa taberna eta dendetan, eta gerrari buruzko erakusketa itzel bat -trintxerak, ametrailadorak, gerrako erropak, armak…-.
70 urte igaro dira, eta herria atzera begira jartzea da asmoa. Gerra gogoratzea. Gerra antifaxista hura.
Guk gure aldetik, blog bat osatu dugu, memoria historiko guzti hori, memoria digital bilakatzeko. Hori da gure asmoa. Argazkiak, bideoak, audioa… dena gordetzen saiatuko gara, Interneten, dagoen artxiborik handi eta eskuragarrienean, gorde eta ezagutzera emateko.
-
Akordioak, mahaiak, bilerak
Sukaldeko lana aipatzen zen. Aupatzen, goratzen. Sukaldekoa batzen ari gara egun. Biltzen.
Bestelako bilerak egiten ari dira egunotan, alderdien egoitza, txoko, bazter eta inguruotan.
Akordioaren mahaia hutsik da. Akordio globalik ez dago, bakegintza eta herrigintza ahaztuak daude dagoeneko. Baina akordioen mahaiek protagonismo bizia hartu dute. Astelehenetik, dena da deia, dena zita, telefonotik elkarrizketa, akordiorako puntu… adostasun eta kritika.
Akordioaren kultura ez dagoela? Boterea partekatzeko, bereak eta bi egiten ari da hemen bat baino gehiago. Konbinazioek, pelotazoa ekarriko dutelako! Gora kolore konbinatuak.
Gure herrian ere, 4-4-1 emaitzaren ostean, Aralar-Iu-Independienteen zerrendak giltza eskuan dauka. Gaur bertan dira biltzekoak. Eta jakinmina pizten ari da herritarren artean. Bilera hauetatik, Larrabetzu ezberdin baterako urratsak eman daitezkelako.
Mahaiak izango dira lekuko. Mahaiak eta akordioak. Kultura interesgarri bat, galdu behar ez duguna. Eta sukaldean prestatutakoa, berriro ere mahaian zerbitzatu. Baina guztiontzat… ahalik eta partehartzaileen.
-
zer gertatu da Larrabetzun?
maiatzak 27, 2007. Egun historikoa azkenean.
1983tik udaletxean egon den alderdiak, EAJ-PNV, betiko nagusitasuna galdu du gure herrian, Larrabetzun.
Ezker abertzaleak (EAE-ANV) eta IU-Aralak-Independienteek, 200 boto gehiago lortu dituzte batera hauteskunde munizipaletan.
Blog honetan bertan, aurreikusi -gehiago amestu- genuen emaitza gertatu da azkenean gurean: 4-4-1.
PNV-ren gestioak, jarrera, harrokeriak, inposaketa giroak aldaketa ekarri du. IU-Aralar-Independienteen sorrerak, aukera bat eskaini die beti PNVri bozkatutako batzuek ezberdin bozkatzeko. Eta ezker abertzaleak, inoizko emaitzarik onenak -463 bozka EAE-ANV-k- eskuratu ditu.
Lau zinegotzi izango ditu aurrerantzean PNV-k -9 euki ditu azken lau urteetan, 6 edo 5 aurreko legegintzaldietan. 24 urte egin ditu herria gobernatzen. Eta herriak aski da! esan du ozen. Hori damaigute emaitzek. Historikoa izan da.
Ezker abertzaleak, paper garrantzitsua izango du aurrerantzean, PNV-rekin 35 bozka botoko diferentzia baino ez du gaur egun. Orain arte, ia 200 izan direnean gehienetan. Egoera berria sortu da, gazteenek eta herrira bizitzera etorritako hainbat familiak aldatu dutena.
Larrabetzun zer gertatu den badakigu, aurrerantzean zer gertatu daitekeen marrazteko dago, ikusteko, kontatzeko… gogoz kontatu, ikusi eta biziko dugu. Guztion artean.
postdata: Ez da kasualitatea, hauteskundeetako astean bertan, PNV-k badaezpada udaletxean oniritzia eman dio herritarren artean ezinegona eta haserrea piztu duten Arau subsidiario edo Plan Orokorrari. Badaezpada bozkatu eta onartu egin dute. Antza bazekiten zer zetorren. Pozik daude, egon ere, konstruktore, inmobiliario eta zenbait lurjabe eta kazike. Ikusteko dago, horrekin ere zer gertatuko den.
-
Ilusioa pizten denean…
Goizeko kontua da. Alestiko harpidetzak ikusi eta irakurri barik nituen artean. Goizetik gosaldu ostean, abokatu baten bulegora hurbildu naiz. Laguna dut. Kidea da. Auzoan bizi da bera ere.
Ley de Hont delako hori dela eta, Excel-en taula batzuk prestatuta dauzka. Eta numeroak egiten hasi gara. Honek horrenbeste, beste honek honeixek, eta honek hau atarata… aulkiak holan holan eta holan.
Estadistika, numeroak, portzentaiak… txarra naiz horretan. Letretakoa naizela esaten dut horrelakoetan. Baina beti nago estadistika, numero eta portzentaiei so. Beti emaitzaren zain.
Eta Larrabetzuko hauteskundeak izan ditugu hizpide. Lehengo datuetatik abiatuta, oraingo balizkoak ateratzen. Aulkien banaketa berriak egiten. Udala bera aldatuko luketen zenbakiak egiten. Amesten ia ia.
Zenbat atera beharko lituzke IU/Aralarrek zinegotzi bat eskurateko. Zenbatekin PNVk ez luke alkatetza ziurtatuta izango. Eta ezker abertzaleak 4 zinegotzi eskuratzeko, zenbat boto?Herri txikia da gurea. 1300 biztanle zentsuan. 9 zinegotziko ordezkaritza udaletxean. Orain arte 9ak PNVkoak izan dira -batzuk, lau urteotan plenoetara ere joan ez diren arren, herrian bizitzarik egin ez, edo bizi ez direlako-. Ezker abertzaleari 3 zegozkion.
6-3, 5-4 izan da azken urteotako portzentaia. 1979 lehen legegintzaldi hartan baina, ezker abertzaleko Herrigintza zerrendak lortu zituen boto gehien (5-4 orduan).Ezker Batua eta Aralarren presentziak, aukera berri bat sortu dezake herrian. Hirugarren ordezkaritza bat izateko agian. 100 bozatik gora eskuratu beharko lituzke. Ez daude merke.
PNVren jeitsiera batek -azken lau urte hauen ordainetan- eta ezker abertzalearen egoera legal berriak -ANV legala da Larrabetzun- sortutako giroak eta ilusioak, launa zinegotziko enpatea sortu dezakete.
D’Hont lege hori izan dugu horretarako epai. Hori kezka iturri. Exceleko taulak iragarle.
Eta gero, Sustatuk kalkulagailua plazaratu duela irakurri dut. Ordurako gure kezkak bolo bolo zebiltzan. Taberna kontu bilakatuko ziren. s
-
Bizkargira
Santa Krutz maiatzeko, morroiak siesta egiteko; San Krutz agorreko, siesta uzteko.
-
Larrabetzun auzolanean ari gara
Domeka goiza. Goizetik. Ez gara poteorako geratu, ez goaz mendira, ez dugu kirola egin behar, laneko arroparekin agertu gara plazara.
Domeka goiza da, baina ez goaz igandeko arropaz jantzita. Lanerako gatoz plazara.
Domeka goiza da eta asteburu luzean ez dugu zubirik egin, lanerako irten gara plazara.
Baserrietako tresnak ekarri ditugu, erreka, erreka bazterrak garbitzea dugu helburu, eta horregatik etorri gara plazara. Andrak etorri gara, mutilak etorri gara, umeak etorri gara, gizonak etorri gara, neskak etorri gara.
Herri txikia da gurea, baina hainbat batu gara. Domekan, plazan.
Aretxabala erreka garrantzitsua izan da gure herriaren historian. Errekaren inguruan sortu zen Larrabetzu. Errekaren bazterretan. Baserriak, olak, errotak… industria guztia errekari lotua. Urari. Bizitzari. Gaur egun ere, gure herrian dagoen industria txiki apurra, kasualitatea, errekaren ondoan dago. Errekak damaigu bizitza.
Baina ahaztuta daukagu erreka, utzita, baztertuta, arazo iturri daukagu erreka, zikinkeria guztien pausaleku, eta aldatzea, hobetzea, garbitzea erabaki dugu.
Sasiak mozteko bi tresna handi, inguruak batzeko beste hainbeste, koadaiña batzuk, kortamatosak, desbrozadorak, eskuberak, sardak, botak, guanteak… eta ekin diogu lanari. Goiz pasa. Auzolanean. Neska, gizon, ume, mutil, andra eta gazte danak alkarregaz, lanean. Auzolanean.
Barre egin dugu, izerdia egin dugu, lana egin dugu. Eta gure errekaren balioa, uraren indarra, erreka bazterretako utzikeria ikusi ditugu. Zementozko herriak eraiki gura dituzte negozioa besterik maite ez dutenek. Eta baserria, eta lurra, eta ura, eta ingurugiroa, eta herri albora uzten dute. Utzita dago. Horregatik, gaur errekarekin hasi gara. Bihar jarraituko dugu, herringintzan. Auzolanean.
Zubibarri ingurua genuen helburu. Serrako zubitik, Zubibarrira. Hain dago txarto, zikin, ezdeus, sasitsu, loi, uger, ikustezin. Auzolanean garbitu, egurrak eta plastikoak kendu, botilak atara, sasiak ebagi eta txukuntzen aritu gara. Ez da txarto geratu.
Gazteenak bitartean, horma zuria margozten ibili dira. Larrabetzuko udaberriari koloreak jartzen. Batean zein bestean jende mordoa ibili da. Eta amaitutakoan monjorra egin dugu. Txorizoa, urdia, baserriko ogia, ardaoa, ura… denetarik. Auzolanaren osteko monjorra. Larrabetzun beti egin izan dan lez.
Bertso jarriak entzun ditugu gero, eta bi hitzaldi zintzo. Iñaki Barzenak -ingurugiroan aditua eta unibertsitateko irakaslea- erreka eta uraren garrantziaz aritu zaigu. Ikuspegi globala eta herri mailakoa uztartu ditu. Egun, ura eskasten ari den iturria dugu, mundu mailan gerrak eragiten dituena, eta bertan ondo baliatzen, ondo erabiltzen ez dakiguna, eta uraren kultura aldarrikatu du berak. Gaurko ekintza goraipatu, eta herrian auzolanean aritzeak zer suposatzen duen adierazi du. Ostean Sabin Aranari eman dio hitza. Sabin, herriko historiadorea dugu, afizioz gure herriari buruz datu eta kontakizun gehien batu duen herritarra. Baserriak, olak, errotak, familiak ezagutu eta ezagutarazten ditu, batu eta kontatu. Irakurri eta idatzi. Larrabetzuri buruz, ez da egongo herrian gehiago dakienik, baina dakien hori beti kontatzeko prest, beti jendartean zabaltzeko, berba egiteko ondoan. Eta errekari buruz be, kontatu ditu, zelan gure herria errekaren ondoan sortu zen. Erreka baliatuz. Errekari garranzia emonez. Eta gaur egun, erreka ez dela zaintzen, ez zaiola daukan balio historikoa ematen. Eta bere hitzek, maisua da berbetan, arreta piztu dute aurrean zituen herritarrengan. Umeak eta helduak, gazteak eta nagusiak. Denek adi adi jarraitu dituzte Sabin eta Iñakiren berbak.
Eta hasi baino ez gara egin. Larrabetzu auzolanean. Orain udaberria, laster Euskal Herri berria.