larrabetzutik
Larrabetzutik Euskal Herrira
-
Mapak, mapak, mapak
Modan daude mapak. Beti erabili ditugu. Orain Internet bidez heltzen gara leku batetik bestera. Bidea markatzen digute, nora heldu ikusten dugu. Mundua pantaila batean sartzen da.
Kantu bat ere gogora datorkit horrelakoetan, Zaramak kantatzen zuenez, “egunkarietan gaude, mapetan ez“. Eta hor, beste aukera bat ematen digute sareko mapek, sareko bilatzaileek.
Aspaldi egina nuen froga txiki bat. Gure herrian den jatetxerik ezagunena, berria da, baina mundu mailako saria eman diotenez, Michelin izarra, mapetan -erran nahi baita albistegietan- agertzen hasi gara.
Zer diren kontuak, Michelin mapetan be ez da ondo agertzen hori jatetxeori.
Azurmendi jatetxeak berak be, lokalizazioa dioen tokian, Google mapa bat agertzen du, eta dagoen lekutik gitxienez kilometro batetara agertzen du.
11870.com guneak ere, ez digu toki zehatza ondo ematen. Larrabetzuko beste auzo bat agertzen du. Legina auzotik, tokitan dago Sarrikola.Larrabetzu.org ekimeneko lagunok, Tagzania baliatu dugu, Azurmendi jatetxea bere tokian jartzeko.
Azurmendi jatetxea map -
Zenbait mezu labur
Astelehena da, eta zenbait gai izan ditut buruan. Zeini heldu asmatu ezinik ibili naiz, eta labur labur aipatu gura nituzke, ahal dela.
- no time for love Harrituta geratu naiz duela astebete abiatu genuen ekimenak, ze indar hartu duen. Munduari bira eman dio dagoeneko, han eta hemen irakurri ditugu mezuak. Ordezkari politikoek baliatu dituzte, egunkarietako portada izan da, eta irratietan entzungai jarri dute kantu bera. Zorionak blogari ekintzaile guztiei!
- greba eta jarraipena Pozik emaitzarekin. Larrabetzuko argazkiek dena adierazten dute.Herriz herri mugitutako jende kopurua ere ikaragarria izan da, aurreko urte batzuetan baino gehiago. Egin diren kritikak nahiko eskasak eta argudio gabeak izan dira. Greba eskubidea eskubide bat dela ere ahantzi dute politikari profesionalek.Horrez gain, komunikabide alternatiboek eta sarean gabiltzanok egindako lana goraipatu nahiko nuke. Sarea gero eta gehiago baliatzen dugun seinale, baita horrelako ekimenetarako ere. Bereziki aipatu gura nituzke Hala Bedi, Tas Tas eta Eguzki irrati libreak hiriburuetan, Euskalerria irratia eta Bilbo Hiria irrati euskaldunak, eta batez ere Info7 irratia. Euskal Herrian zehar 20-30 esatarirekin aritu zena, goizeko 8etatik iluntzeko 8etako albistegi luze eta nagusirarte. Itzela.
- mikel artetxeri omenaldia herrian. Domekan 19 urtez bizikleta gainean ibili ostean, gure herrikide Mikel Artetxek bizikleta profesionala itxi eta merezitako omenaldia jaso du. Azken 9 urteak profesionaletan egin ditu. Herrian, bizikletaz ibilibide bat egin genuen goizean, omenaldi txiki bat gero plazan, bazkari eder bat Ankapalu sagardotegian, omenaldi ezin hunkigarriagoa han, eta parranda ederra gauean. Ez ahazteko moduan.
- larrabetzuko blog politikoak. Gero eta blog gehiago dago herrian. Aipatzekoak dira, udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek blog bana dutela dagoeneko. Auzoblogean ANVkoa, Danon artean -IU-Aralar izan zena- eta Larrabetzuko jeltzaleen proposamen berria. Pozik egoteko moduan. Informazio gehiago izango dugu horrela. Larrabetzu.org gunean denen jarraipena egiten da dagoeneko.
- Egunkaria libre! Eta otsailaren 20an 5 urte Egunkaria itxi zutela. Guardia Zibila, epaileen aginduz eguneroko euskarazko prentsa itxi eta zuzendaria eta arduradunak atxilotzen. 5 urte igaro diren arren, ondo gogoan daukagu. Guk be, Egunkaria libre! esango dogu.
-
Giro ona herrian egunotan
Egunero badago zeozer. Gaztetxeak beti gauza asko antolatu izan ditu gabonetan Larrabetzun. Kultur ekitaldiez gain, ostantzekoak be lekua izaten dute holakoetan, eta azkena kirolarien ekimena izan da. Herriko kirolariak batu, eta Euskal selekzioen aldeko ekimena burutu dute. ESAITen deialdiarekin bat egin, eta abenduaren 29rako Bilbora deitu dituzte herritarrak. Nazio bat selekzio bat deialdia bultzatu dute herritik bertatik.
Futbolari (mutil eta neska), korrikalari, aizkolari, pilotari edo txirrindulariak batu dira.
-
lau ertz eta saio borobila
Urteroko bertso saioa izaten da abenduaren 25ekoa. 1994an hasi ginen antolatzen. Ari naizela! Ari naizela! ekitaldietatik azkena izan zen ordukoa. 1994ko Euskal Herriko finalistak izan genituen orduan, Andoni Egañak lehen txapela jantzi eta astebetera. Frontoia bete genuen, eta hurrengo urtekoan pentsatzen hasiak ginen.
Egin genuen 1995ekoa ere, frontoian. Baina hotza gogoratzen dugu ordutik, eta Sarasua eta Egañaren bertsoak, Areitiorekin. Leire Bilbao hasiberria ere gogotsu zetorren, ahots ederragaz.
Hurrengo urtekoa gaztetxean egin behar zela zioskun Xabier Amurizak. Eta halan hasi ginen 1996an. Tartean eztabaidak ere izan ziren herrian, hobeto zela frontoian egitea, beroagoa gaztetxea, hau eta bestea. Kontua da 1996tik ari garela gabonetako bertso saioa Hori Bai gaztetxean egiten. Eta urtero betetzen da. Urtero berotzen da. Urtero gozatzen dugu bertsoagaz, aurten ere berdin, eta urtero ezberdin.
Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Fredi Paya, Xabier Silveira
Lau ertz zituen saioak. Lau bersolari ezagun. Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurditik, nor bere mahaitik jaiki, eta gurera bertsotara etorriak. Bertsolari handiak laurak. Beteranoak bere gaztetasunean. Zein baino zein.
Etxahun Lekue aritu zen gai jartzaile. Ondo. Sartu egin zen saioan, sartu zituen bertsokideak be. Bertso eskolan atondutako gaiak ziren, aproposak. Lana ondo betea zuten gaztetxean astero batzen diren bertsozaleek. Ondo egindako lanak, hobeto eskertzen ditu gero bertsolariak bezala, entzulegoak ere.
Entregatutako entzuleak.
Iluntzeko zazpiretarako ondo beteta zegoen Hori Bai. Epel epel gaztetxea, eta bertsolariak hurbildu zirenerako txalo zaparrada. Eskenatokitik kantuan hasi eta atoan girotu zen saioa. Etxahunek agindu, bertsolariek erantzun. Puntuak jarri, ofizioka aritu. Paperean sartu eta saio elegantea egin zuten.Larrabetzu.org gunean atoan egongo da saioa entzungai, eta zaleak badauka orduterdi atsegin bat igarotzeko aukera.
Entzun gura badozu:
[audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai071225.mp3] -
Olentzerori gutuna idatzi barik
Egunak aurrera doaz, eta ez dot Olentzerori gutuna idazteko astirik hartu.
Egunak aurrera, eta telebista iragarkiz bete da, kaleak argi garestienarekin apainduta daude, erregalutarako papera amaitzen ari da gure herriko estankoan, eta asteburuan umeak Olentzeroren bila joango dira solorik solo… ogie eta artoa eskutan hartuta.Egunak aurrera doaz, eta dendaz leporaino beteta, eskuetan ez da boltsa gehiago sartzen, diru kutxak gainezka eta eskaleak ere gabonetako paga hartzeko prest.
Egunak aurrera, eta Olentzero zer eskatu ez dakidala nago hemen, gutuna noiz eta zelan idatziko pentsatzen.
Idatzi duzue zuona? Eta zer eskatu? Kontsumismoa dala badakigu, baina umetan baino ilusio handiagoagaz kentzen diegu papera gure opariei… ezta?
Olentzero berbara ekarriz.
Irakurriko zenuten sustatun edo zabaldun. Baina Luistxok egindako pantailargazki honek, bakarrik egiten du berba. Argi dago. -
kirolariak ez daude geldi egoteko
Hasi dira mugitzen. Abenduaren 29koak historiko izateko zantzu guztiak ditu. Partida Euskal Herriaren izenean jokatuko du selekzioak -Urkullu bera be hasi da marmarka..- eta gainera Bartzelonan egiten duten antzera Nazio bat selekzio bat manifestazioa egingo da Bilbon.
Argazki hau esanguratsua da. Futbolari, txirrindulari, herri kiroletako partehartzaileak, arraunlariak, gizonak, emakumeak… zer ez den batu Donostian kamaren aurrean.
Doka kafe antzokia txiki geratu eta kanpora atara behar izan zuten argibila. Flashak ez luke guztia ondo hartuko eta. Poztu nau argazkiak, beti ez dira horrelako ekimenak ikusten eta.
Euskal selekzioen aferak, hari asko mugitzen ditu gure herrian. Konponbidea, konponbide handiago baten parte edo zati izan daiteke agian. Giltza, zerraila asko zabaltzeko bera da. Baina kirolariek eurek hartu dute lekukoa. Eta poztekoa da hori.
Gure herrian be, zeozer mugitzen ari da horren inguruan. Eta argazki horren zain geratzen garen bitartean, foto nazionalari begira gaude gu. Eta partidua mundiala izango ei da zaletuen iritziz. Ikustekoa hori be!
-
Ardiak, artzainak, musika, Bilbon
Spot bat egiten pasa genuen zapatu goiza. Bideo kamara, tripodeak, atrezzo apur bat. Ardi, ahuntz eta astoak landa batetik bestera eroan, lokalizazio egokia aurkitu eta han ibili ginen, grabatzen. Jolasten. Saiakera egiten.
Ekaitzek (split 77, Bilbo Hiria) kamara ia profesional bat eskuratu du. Eta guk irratia.com emankizunerako zeozer berezia egin gura genuen. Ideia aspalditik geneukan bueltaka. Egia esan Keith Johnsonen artikuluak zer pentsatua eman digu. Baina umorez erantzun gura izan diogu. Zirikatu.
Landa lana eginak, berriro baserrira joan ginen. Sutondoko epelean, pernila eta txorizoa jan, intxaur batzuk, ardao apur bat, eta berriz hirira.
Astelehenean ordenadore bat prestatu zuen Jabik (sarean.com, irratia.com) horretarako beren beregi, Premiere instalatu, eta Ekaitz lanean hasi zen.
Jimmy Arrabiten doinua ezagun egiten ari gara, apurka apurka. Gure sintonia da, Basque Electronic Diasporako diskotik dakargu, eta oso maite dugu.
Spot ttiki bat egin dugu, sarean zabaltzen ari dena. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu Haritzi (euskalTube, GARA), Gorkari (teketen, elurnet), eta sarean gurekin batera auzolanean ari diren guztioi (txioka sarea, irrati libreak, Info7, Bilboko kafe antzokikoak).
Bilbo Hiria irratian, giro izugarri ona daukagu. Mieltxoren gidaritzapean, teknikari eta esatari gustura ari gara. Orain 100. saioa ospatzea baina ez dugu falta. Eta hori asteazkenean, ez ahaztu.Bideoa ikusi gura baduzu. euskalTube>irratia.com kanala
-
Morgako eskaintza kulturala
Herritik gertu daukagu Morga. Baina beste mundu bat da. Mendian gora, Bizkargipean dago, Larrabetzutik hurbil. Baina berbaz be, sano ezberdinak dira morgarrak, esnie, mezie… esaten dutelako besteak beste.
Orain Urdaibaikoak ei dira, Busturialdera begira daudelako. Gernikarantz jotzen dute gehiago, gurera baino. Tira.
Busturialdeko Hitzan irakurritakoak arreta piztu du nigan. Titularrak erakarri eta sartu naiz albistean.
Datozen hilabeteetarako eskaintza
kultural zabala antolatu du UdalakMorga
Kontserben, turroien eta fruitarbolak inausteko ikastaroez gain, Txus Jaio pilotuaren hitzaldia ere izango da.
Kontserbak prestatzeko ikastaroa, turroia egin edo fruituarbolak inausi. Eta bukatzeko rally pilotu baten hitzaldia. Kultura txo!
Izan be, Atlhetic taldeari kalea ematen dion herriaz, edozer pentsa daiteke.
Kultura jeltzalea, ulertu da ezta?
Kultura, eta ez dago filmerik, ez dago erakusketarik, ez dago libururik edo kantaldirik. Ez dago arterik edo argazkirik. Turroia, kontserbak eta Txus Jaio. Hamaika ikusteko jaioak ez omen gara ba?
-
zutun!k oraindik be
Aspalditxo diseinatu nuen kamiseta da hau. Zutun!k lema plazaratu genuen Larrabetzuko gaztetxetik. Eta hemen eta han ikusi da.
Zutun!k kanpaina horretara bertsolariak ere gonbidatu genituen, gaztetxearen alde kantatzera, tartean Amuriza eta Iturriaga. Kamiseta bana oparitu genien. Unaiek behin baino gehiagotan erakusten du gutagutarrak blogean.
Eta norbera horrelakoetan poztu egiten da. Argazki baltz hau ere polita da, Asier Arroita diseinugileak ataratakoa. Gutagutarrak blogetik ekarri dut.
-
Larrabetzu jaietan
Hasi dire herriko jaiek. Ondo hasi be. Gaur txupinazoa dan arren, bart herri afaria izan da plazan. 300 lagunetik gora, kuadrilaka, kantuan eta afanean. Gogotsu hasi dira uriko jaiak, irailarekin Eleizalden amaitzeko. Gora Andramariek! Gora Emeteriek!
Herriko barri jakin gure bozu: larrabetzu.org