literatura
Irakurriaz idazten
-
Nazioarteko antzerki eguna – World Theatre day
Martxoaren 27an, urtero ospatzen da nazioarteko antzerki eguna. Gurean ere bai.
Eta urtero antzerkigile ezagun batek manifestua idatzi ohi du. Aurtengoan Dario Fo egileari suertatu zaio langintza hori. Eta mundu osoan zabaldu da bere mezua, eta hainbat hizkuntzatara egokitu dira bere adierazpenak. Euskaraz ere badago nazioarteko antzerki eguneko manifestua, eta zenbait antzerkilarik manifestua bera bideoan grabatu dute Bilboko Pabellon 6 aretoan.Nazioarteko antzerki eguna – Dario Fo
-
gure belaunaldia
Beñat Sarasolaren poema bat.
Gure belaunaldiak ez du deus balio, gure belaunaldia Aginako zero bat da. Ezin izan ditugu gurasoak akabatu; etxetik alde egin, komuna hippie batera joan. Gure gurasoek ulertu egin nahi izan gaituzte, eurek lotutako txirriak erre ditugu, gure alde jarri, gure bandora pasa dira. Irakasleek ikastoletan heziketa teknika modernoenak erabili dituzte gurekin; jolasak egin ditugu, drogen inguruan mintzatu gara, larrutan egiten irakatsi digute ia. Gu iristerako Historia amaiturik zegoen eta Artea, berriz, gure aurrekoek hil zuten. Dena dago honezkero idatzirik, ez da existitzen eskola literariorik haien kontra joateko, baina hala ere ezin konta ahala literatur sari eta beka antolatzen dizkigute gure karrera literarioak promozionatzeko. Utopia eta ideologiek ere, bestetik, ez dute lekurik gaur egun. Gure belaunaldiko inor ez da eromenez, gosez akabatuko. Modelo eta futbolariek tatuajeak eramaten dituzte euren errebeldiaren erakusgai, C&A-k Che Guevararen irudia erabiltzen du udaberriko denboraldirako. Ez dugu katekesirik egin, ezin izan gara apaizen kontra oldartu. Lanean, Giza Baliabideen departamentuak laguntzen gaitu, langileek brainstormingak egiten ditugu enpresaren kudeaketa hobetzeko, sindikatuek babesten gaituzte euren konbenio kolektiboen bitartez. Gure belaunaldiak, gainera, ez du diktadurarik ezagutu, ez dugu demokrazia besterik bizi izan. Gure belaunaldiak erreklamazio orriak ditu eskura bere kexak bideratzeko. Gure belaunaldia… -
Durango ugari
Aurrekoan lagun batek, Durangorako joan etorriak urteetara ekartzen zituen. Mende laurdena urteroko zitan. Eta gogoetan jarri ninduen. Noiztik?
Eta txikitako oroitzapena datorkit. Ikastolatik autobusean, atentatua Erletxetan. Liburu eta diskoak.
80. harmakadako Andramari elizpeko diskoak eta estetika gogoan dut, Tijuan in Blue eta Potatoren diskoaren inguruan Soinuakoen estand hura, Kortaturen aizkolariaren posterrak, Hertzainaken kartel marroi handia, lehen diskoarena.
Akerraren fisika liburua nire diruarekin erosi nueneakoa.
Arkeologia esaten diote horri. Oroitzapenak. Aititerena egitea, gerra kontuetaz berbetan.
Eta urteak joan urteak etorri, abendua, nobedadeak, musika eta letrak. liburuak eta diskoak besapean, diruak xahutu eta urte berriari ekin diogu, behin eta berriro.
Liburu artekoak
Eta bapatean konturatzen naiz, liburuak saltzen 20 urte eman ditudala konturatu barik. Eta aurten ere, gogotsu aritu garela Twist edo Egarri egunak portualdean, Kartzelako poemak eta Scanner, Zaharrak ez zuen hil nahi eta Zamaontzia jendearen eskuetan jartzen. Eta aupa, eta kaixo, eta zelan, eta zu be bai, eta musu bat eta besarkada beroak, eta joandakoak, eta etorri datozenak.
Idazle berriak, lagun zaharrak. Belaunaldiak eta ostekoak.
Poza eta ilusioa ere egiten digu Durangoko azokak. Ez da liburuengatik bakarrik, ez dira doinua eta berbotsa soilik. Badago beste zeozer. Herrigintza zela pentsatu izan dut beti, baina badago beste zeozer be…. lagunartea, jendea, keinuak, bat izate hori, etorri, joan, elkartu, aldarrikatu, erosi, irakurri, egon, sentitu…. eta agian bai, herrigintzaren zati da hori. Herri gara. Eta herri osoa karpa baten azpian sartzen dugu agian; ahots, soinu, letra, irudi eta amets.
Zer litzateke gure herria Durango barik?
Durango gara gu ere, han ez gaudenean ere.
eskerrik asko guztioi. -
Herria eta hizkuntza 1220 eurotan
Berriki Hasier Etxeberriak bere bizipozak eta bizipenak kontatu dizkigu blogean. Liburu elektronikoen salmentatxoak sortutako mezuen berri jasotzeak eta abar..
Tristeagoa iruditu zait, triste eta batez ere haserre jarri nau, Herria eta hizkuntza kantuaren ahapaldi batzuk dokumental batean jartzeko asmoagatik, 1220 euro kobratu nahi izan dizkiotela jakiteak.
Eta erantzunak ere arretaz irakurri ditut. Eta euskal kulturaren izenean egiten den iruzurra salatu nahi dut, ozen. Egile eskubideena patxanga bat da, goitik behera. Aitzakia merke bat. Eta Elkar erridikulua egiten ari da behin eta berriro, egile eskubideen afera horretan. Bahituta dauzka egileak, eskubideak, obra eta euskal kulturgintzaren zati bat… dirua ateratzeko helburuz. Eta euskal kulturgintzak, XXI. mende honetan ikuspegia aldatzen ez badu… hankasartze galantak egingo dituzte. Gaur negozioa dena, bihar miseria izango baita.Nik neuk, herria eta hizkuntza zein ditudan jakinik, aldarrikatzen dut kantu horren, Xalbadorren bertsoen publikatze librea. Ozen abestea, irratian jartzea… youtuben iragartzea… eta datozela Elkarreko euskal enpresari txit jatorrak, datorrela SGAE eta Audientzia Nazionala ere…
…
Batzu herriaz orroit, euskeraz ahantzi
bertzek euskera maite, herria gaitzetsi;
hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
berek nahi daukute konpreniarazi
bata bertzea gabe daizkela bizi.Herria eta hizkuntza, gorputza eta beste DRMpean edo museoko bitrina batean ezarri aurretik, hausnartu dezagun, mugitu gaitezen, egin dezagun zerbait… sorkuntza eta jakintza guztia negozio eredu neoliberaletan ezartzen duten jauntxo berri hauen aurrean.
-
Literatur Emailuak egiten 500 astez
Lekutan dago 2002ko urtarrila. Orduan igorri genuen lehenengoz Emailua. 400 helbide izango genituen, lagun eta ezagunak gehienak. Literaturzaleak, kazetariak, argitalpenetako jendea… eta gerora edukiak sortzen eta sareratzen bezala, hartzaileon kopurua areagotzen egin genituen ahaleginak. 1600 baino literaturzale baino gehiagoarengana heltzen da egun eposta helbidera, zuzen. Eta astero.
Literatur Emailuak eposta bidez banatzen den albistegia da. Efemerideak, literatur ekitaldien agenda, liburu osoak online, literaturarekin eta literaturaz beren beregi sortutako albisteak.
Susa literatura argitaletxearen ekimena da Emailuona. Eta aspaldi honetan, astero gainera liburu oso bat sareratzen da. Kontua ez da soilik albistea egin eta sarean hedatzea. Aurretik liburua aukeratu, eskaneatu, zuzendu, webean jarri behar da… eta astero. Eta hilero. Eta urtero.
Errazena, egun ditugun tresnak kontuan izanda, emailketa egitea da. Botoi bati hiru aldiz klik egin, eta ea modu automatikoan sortzen da Emailua, automatikoki igortzen da, eta zabaldu.
Atzean baino, hain automatikoa ez den lana dago. Lagun askoren lana. Gogotsu egindakoa. Astero, hilero, urtero. Nekatu arren, nekerik gabe. Gustagarriago egiteko gure literatura. Sozializatzeko helburuarekin. Guztion eskura altxor hauek guztiak jartzearren.
Mila esker armiarma literaturaren sarean hedatzen, lana egiten duzuon guztioi.
-
Gernika
Gernika gogoan.
Eta irakurgai batzuk:
Agur Euzkadi nobela
Paul Eluard poeta eta Gernikako garaitza bere poema
Gernika literatur aldizkaria
Gernikari buruzko Susa aldizkari berezia -
Literatura larriki saritua
Autoan nentorren. Pozik. Etxera bueltan, Arratsean saioa entzuten. Azken hiru eguaztenetan ohitura hori hartu dut, eta gustatzen zait. Atzo ere entzun nuen, aurreko batean ere bai… eta gaur ere Arantxa Iturberen kultur kezkarekin bat egiteko gogoa piztu zait.
Idoia Beratarbide ahotsetik eta kontestutik ezagutu dut, eta arte irrika sortu dit beraien elkarrizketak.Harkaitz Cano arratsean
Eta ostean, Harkaitz Cano gerturatu da mikrofonoetara. Krak bat da Cano, mikrofono aurrean ere. Gidoiak txukun prestatu, eta Arantxa ere lanean jartzen du. Ondo ulertzen dute elkar, eta medioa kontrolatzen dute. Gaiari beste buelta bat ematen diote… eta gaur Harkaitz Canok idazle sarituak izan ditu hizpide. Hemengoak eta hangoak. Vargas Llosaren aipu batek borobildu du hasiera: “Uste nuen nitaz ahaztuta zeundetela“. Bikain.
Eta buruz esaten ez nekiken idazle baten liburua aipatu du gero Canok. Eta idazle horren eta bere sarien anekdotak. Eta diruaren jukutria, zelan ez. Eta metafora berak egin du, beste ezer aipatu barik. Eta metaliteratura egin beharrik ez dago, gaurkoa berriz entzun, eta nork bere interpretazioak egin ahal izateko.
Euskadi Irratia hasi da podcastak igotzen, eta bihar edo etzi agian, egongo da Canorena, eta entzungarria denez… espero sarean egotea, eta jarriko dut hemen, eta komentatuko didazue zer.
Sariak eta biok
Ni ere, sarien gainean pentsatzen jardun naiz. Hasieran sarituari buruz pentsatzen nuen, gero saritutako obrari buruz, baina pentsatzen jarrita sariari buruz idaztea be, ez da gutxi.
Literaturzaletzat daukat nire burua, eta pentsatzen jarrita, ezer gutxi dakarkio dinamika honek zaletasunari berari. Besterik da beste gintza batzuetan, eta bertsoaren inguruan, txapelketak, demak… onura dakarkio zaletasunari ere, antza. Eta dirua. Eta ospea. Eta hedabideetako minutu, lerro eta etekinak. Eta on egiten digu guztioi, BECtekada batek.
Ezberdina da literatura. Ez da masiboa, ez du behar. Autokontsumorako zeozer da. Ez da mahaiaren bueltan hartzekoa, bakarka edo asko jota komentatzeko… asko jota.
Baina lehiaren bidez erabakitzen da, zer dan nor, nor dan zer. Eta ez zait gehiegi gustatzen. Niri. Baina antza, beste askori ere ez…
Bernardo Atxagaren zazpi etxeak….
Frantzian geratu dira, antza. Ez bide du bere liburua txapelketara aurkeztu. Eta beste askok ere ez. 23 aurkeztu dira helduen literaturazkoak. 2009ko obrak. Baina baziren gehiago… 111 akademiak dioenez… askoz gehiago. Zenbat? uffa! Irakurriko ote ditugu guztiak gero. (48 lan, helduentzako euskaraz).- Eta zergatik ez dira aurkeztu?
- Zeintzuk dira aurkeztu direnak?
- Lehiaketak bere horretan iraungo du datorren urtean?
Utikan manifestuak, uste baino eragin handiago izan du, izaten ari da, eta izango du aurrerantzean ere. Sariketa bera aldatu, idazleek jarrera hartu, eta dena desbirtuatuta ageri da, aidanean.
Eta guk, jarraituko dugu irakurtzen.
irakurketa gomendatuak:
- Jesukristo, Judas eta Autokarabana
- Aurtengo Euskadi sariak datutan
- Autokarabanari buruzko kritiken bilketa
-
bart
… bukatu da afaria. Eta utzi diogu hitz egiteari. Kafea amaitzearekin batera, amaitu dira gaurkoz gaiordeneko puntuak.
Dena ustez erabakita utzi dugu, eta posta zerrendan jarraituko dugu eztabaidatzen. Eta hobetzen.Eta kalean agurtu gara. Kale Nagusian alde batera egin dute batzuk, eta Musika plazarantza doan norabidean abiatu gara gu hirurok. Lasai asko, autoak hartu aurreko azken elkarrizketan murgilduta.
Musika plazatik bi ertzain datoz. Oinez. Baina ez diogu garrantziarik eman. Batek ohi baino -pertsona normalek baino, esan nahi baita- zabalago daramatza besoak. Pausu bat atzerago edo joango da bere kidea. Guk ez dugu imintziorik egin, eta berbetan jarraitu dugu hirurok.
Argazkiak.org | Txapel gorridun ertzainak Vaya Semanitan © cc-by-sa: sustatuGelditzeko eta karnetak emateko esan digute. Eta ia ia, brometan hartu dugu. Arrazoiak eskatu dizkiegu. Poesiaz mintzo ginen afari batetik gatozela esan dio batek. Poeta denak. Eta gero besteak, ipuingileak, gainera egia dela aitortu dio. Eta ematen du ez dituztela sinestu. Eta gaztelania batuan, gure antzekotasuna duten hiruren bila dabiltzala adierazi digute. Eta gure nortasun agirietako zenbakiak ematen hasi da bat telefonotik. Eta gero motxilak eta boltsak miatu dizkigute. Telefonoaren bestaldetik, gu ez garela nonbait beraiek ustez bilatzen dituztenak.
Handik gutxira, karnetak eman eta joateko esan digute. Eta joan egin gara. Eta ez diogu garrantzia gehiegirik eman. Eta literaturaz berbetan jarraitu dugu. Eta egia da.
-
liburuak eta egunak
Gaur ez da liburuaren eguna. Gaur ez dizu inork literaturaz berba egingo, gaur agian ez da irakurri ere egin behar. Telebista irrati egunkari eta egitarau ofizialetan, gauza garrantzitsuagoak dauz, gurean bederen.
Barikuan bai, barikua oso egun garrantzitsua zen, barikuan denok agertu ginen eskuan liburu bat genuela… cool_tura! you know!Liburuak izan be, bere eguna dauka, eta agerian geratzen da holangoetan gure kultura guztia. Zer garen, eta batez be, zertan ari garen.
Barikuaren inguruko erretratu batzuk grabatuta geratu dira nire burmuin nekatu honetan:
- Gure inguruko agerkari, egunkari, telebista eta irratietan, liburua zen protagonista.
- gure herrian be, ekitaldi pare bat egon ziren. Bata aspergarria, eskasa, ondo ordaindua eta txarto iragarria. Bestea koloretsua, partehartzailea, liburua/irakurketa/sorkuntzaren ingurukoa. Herritarrek antolatua, ez oso ondo iragarria baina jende asko batu zituen. Zero euroko gastua.
- Bezperan Eider Rodriguezek solasaldi bikaina eskaini zigun kultur etxean. Idazle ona dela ez genuen dudarik, pentsalari ederra izateko bidean da oreretarra.
- Eider Rodriguezen hitzaldian 14 emakumezko eta 6 ostantzeko.
- Gaur Kirmen Uriberi txakoli eguneko saria be eman diote. Idazle baten tokia, gizarte ekitaldietan.
- Zapatuan Carrefour baten, urgentziazko erosketa egin nuen. Toti Martinez de Lezearen poster handi handi bat ikusi nuen eskailera mekanikoen ondoko horman.
3dia: mattin @ euskaraz.netMundu guztia mintzo da eguraldiaz, gu ere ez.
Albisteak 2.0 wikipedia, hizkuntzak eta beste kezka batzuk…
-
Prest! aldizkariko 100. zenbakian
Ruper Ordorika:
“Nolabaiteko beharra sentitu behar da, kantuak sortzeko”
patxi gaztelumendi | Prest! aldizkaria 100. zenbakia
Aspaldian, oso aspaldian hurbildu zen Ruper Ordorika Deustu aldera. Filosofia ikasketa egin behar zituen unibertsitatean, eta bizi be San Inazio eta Deustun bizi izan zen. Aspaldian, Deustun bertan sortu zuten Pott literatur aldizkaria eta banda Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla eta enparauekin. 80. hamarkada geroztik kantari ari da Oñatiko koblakaria, eta Prest aldizkarian Garizumako haizea profitatu dugu, beragaz berba egiteko.Aspaldian hurbildu zinen Deustu aldera, zelan oroitzen dituzu garai haiek?
Baditut Deustuko oroitzapen zehatz batzuk baina gehienak nahastuta ailegatzen zaizkit orduko militantzia eta arrisku giro batean…Gauza zehatzak gogoan dauzkat, esaterako Bernardo Atxagarekin lehenengoz hitz egin nuenekoa Deustuko taberna batean, elizatik gora, “Antonia”-edo zeritzana…Handik gauza asko atera ziren…Edo Sarrionandia eta biok oinez joaten ginenean, ostegunero, Deustuko unibertsitatetik Barrenkale Barreneko Cantabricora, Iñakiren tabernara Pott-eko bileretara…Zabor industrialez beterikako hibai alboko ibilaldi hura, ilunkeran…
Oñatitik Biturixara, handik Bilbo aldera gero… zer topatu duzu bide bideotan, hiriz hiriz, edo solorik solo?
Neure hiriko auzoak bezala bizi izan ditut nik bizilekuok. Beti gorde izan dut Oñatirako maitasun haundia baina hirietan hazitakoa naiz. Gaur egun are gehiago…auzo askotako hiri handi batean bezala bizi naiz herri honetan.
Orain New Yorken edo Azkaraten, berdin grabatu dezakezu disko bat…
Bai, eta gauza haundia da hori! Niretako mundu bera dira, nolabait. Askatasuna ahalik eta handiena behar izaten da sorkuntza lanetan eta urruneko esperientziak askotan oso baliagarriak dira…Hori esanda, ez da ahaztekoa gaur egun oso grabazio onak egin daitezkeela norbere ganbaratik irten barik!
Eta kantuak, jartzen dituzun kantuok… non eta zelan sortzen dira? Zein dute sorlekua?
Hori ez dakit. Hori banenki gehiagotan hurbilduko nintzateke bertara, sorleku horretara…Ba hori nire ustez nolabaiteko beharra sentitu behar da kantuak sortzeko, halako grina berezia…
Musikaren munduan murgilduta zaude azken hamarkada luzeetan, eta gogotsu ikusten zaizu oraindik… zein duzu motiboa?
Ba, lehen aipatutako behar hori izango da, agian…Niretako hau ikasbide bat besterik ez da eta ikasbide horren hasieretan nabil.
Azken disko hau eginda hasi naiz pentsatzen zeozer ikasi dudala jada eta zenbait gauza kontrolatzen dudala, baina sensazio horrek irauten du hurrengo diskoa arte. Orduan, berriz hasieran bezala sentituko naiz, bai.Azken diskoan, Karibeko haizearen barri dakarzu, hango aireen doinuak… hango egoerak eta lagunak…
Bai azken Haizea Garizumakoa hortako hiru kantu ditut Karibe aldean eginak…Nik uste dut igartzen dela baina ez formalki. Oraindik ez naiz hango kantu moldetara hurbildu, ez formalki, ez erritmikoki, bistan da, jaja..
Zure ibilbidea ezagututa, koherentea da disko hau ere, baina uste dut zure diskorik konprometituena, pertsonalena…. dela… oharkabean pasatu badaiteke ere…
Deigarria egiten zait inguratu zaizkidan pertsona askok nola jaso duten disko hau, oso era emotiboan-edo. Nik ere halako zorabioa sentitu nuen lehen grabaketak burutu eta berehala: kantuak biluzik zeuden eta oso euskarri sendoekin baina bakanak…soil soilik. Uste dut horren puska bat gorde dela azkenera arte eta diskoa entzutean horixe jasotzen ahal dela. Alde horretatik badakar disko honek konpromezurik, bai. Oraindik oso goiz da, dena den, Haizea garizumakoa honen oihartzuna neurtzeko.
Memoriaren mapak diskoaren zantzuak ditu honek, baina zelan musika laguntzaile onak dituzun… bandaren babesa ere badu… zelan ikusten duzu zuk?
Ba, bai, nik uste dut baduela harremanik Memoriaren mapaneko giro musikalarekin baina aurreko beste disko guztiekin ere bai…kantuak bakarrik ontzen ditut eta neure “alorra†ondo markatua da, beti ere. Disko honen abiapuntua, hau da, kantaria non jartzen den kantuan egiteko…hor bai, ezberdintasun haundiak ikusten ditut hor, eta gaiari nola heltzen zaion ere ezberdina da, bai.
Orain be, kontzertuetan zabiltza, antzoki eta kontzertu aretoetan… jo behintzat jotzen duzu ezta?
Bai, bagabiltz batetik bestera…gero eta hobeto pasatzen dut kontzertuetan eta horrek asko balio du! Mundu guztiak esaten du aurten urte latza izango dela zuzeneko musikarako. Ikusiko. Halakoak entzun izan ditugu ni kantuan hasi nintzenetik, behintzat. Baina egia da, zuzenekoetan ontzen da musika, gehien bat.
Bilbon zaitugu aurki, publiko fidela duzu bazterrotan. Gustura zatozela ematen du, zuzenekoak be berton grabatzen dituzu eta…
Bai, kafe Antzokiara goaz eta pozik. Behin eta berriro esaten dudanez, etxean bezala jotzen dugu han eta hala bedi luzaro. Neure zuzeneko disko biak bertan grabatuta daude eta ez kasualidadez. Ni Bilbon hasi nintzen kantuan eta urteroko hitzordua gordetzen saiatzen naiz.
“Bernardo Atxaga Deustuko
Ramon y Cajal kaleko taberna
batean ezagutu nuen“Aspaldiko kontuak izango dira Deustukoak zuretzat.
Gogoan dut zita bat nuela Atxagarekin, artean ez nuen ezagutzen. Panpin ustela aldizkari batzuen dirua itzuli behar nion eta zita egin genuen Ramon y Cajal kaleko taberna batean, bertan ezagutu nuen. Gerora adiskidantza handia egin genuen.
Sarrikoko ikaslea zen bera, Ekonomiketan. Joseba Sarrionandia eta biok Deustuko unibertsitatean genbiltzan eta eguenero joaten ginen Pott bandako bilerertara, alde zaharrera oinez. Orduko Cantabrico tabernara, Iñakiren taberna zena.Ze tabernatan biltzen zineten Deustun orduan?
Txorierriko andra euskaldun batek kudeatzen zuen taberna zen. Han bazkaltzen genuen sarritan, La viuda esaten zioten, eta oso ondo jaten genuen. Orduko Deustu hartan ordu asko pasatakoak gara gu. Kontuan hartu berton bizi ginela gu. Sarri Ramon y Cajalen bertan, ni ere Deustun eta San Inazion bizi izan nintzen, gero Basauriko Pozokoetxera joan nintzen arren. Ikasi ere bertan egiten genuen, aspaldi, oso aspaldi. Halako oroitzapen zehatz batzuk baditut, baina ez gehiago.
pott_datak:
- Prest! aldizkariko elkarrizketa pdf formatuan.
- Prest! aldizkariko diseinu berria BO5T taldeko Armanek egin du… artista bat.
- Sareak oraindik eskaintzen ez dituen batzuk eskuratzen dira paperean, ezta?