agit/prop

agitazioa eta propaganda

  • agit/prop

    Kataluniara begira

    Process-a hasi zenetik, denok ikasi dugu katalan apurtxo bat. Maizago joan gara hango kostaldera, diadetan parte hartzeko aukera izan dugu, eta joan etorriko bide ugari egon dira, kultur mailan, musikan bereziki, baina baita beste arlo askotan ere.
    Independentziaren aldeko herri mugimenduak, ANC eta Omnium elkarteen inguruan hedatutakoak txundituta utzi izan gaitu bat baino gehiago.
    Ez dugu horrenbeste maite izan ordea, alderdien mobida guztia.
    Eta azken hauteskundeetan, independentismoak nagusitasuna galdu duela esan daiteke. PSC-k aspaldiko igoera nabarmenena. Bozetan eta aulkietan nagusi. Ciudadanos desagertu. Cup eta ERC-k beherakada nabarmena, eta Juntsek gorantz. Lehen indar independentista. Baina PSCren atzetik.

    Vicent Partal-en baikortasuna

    Irakurri ditut azterketak, gogoetak, txioak eta bestelakoak. Baina Vicent Partal, vilaweb atariko zuzendariaren baikortasunak txundituta utzi nau. Urrirako berriro hauteskundeak espero ditu, eta independentziazaleen gorakada aurrikusten du. Espabilatuko dutela nonbait.

    Ondorioz

    Alderdiak, herri mugimenduak, independentzia… korapiloa askatzeko gogoeta egin beharko da. Dinamika nola piztu, eta horren hurbil izandako lorpenak nola berreskuratu.
    Parlamentua eta gobernu berriaren osaketa. Badirudi Puigdemont aurkeztu aurkeztuko dela, eta ERCrekin aski luke gobernatzeko, gehiengo nahikoarekin, eta zailtasun batzuekin.
    ERC-k giltza dauka. Illa president egiteko edo Puigdemonten proposamena aurrera ateratzeko. Azken aukera hau denbora irabazteko interesgarria izan daiteke. Eta alderdi abertzaleak suspertzeko.

  • agit/prop

    Hemen hasi zen dena

    Mende hasierarekin, blogintza izan zen Internet berriko aurrerapen handienetako bat. Norberak nahi zuena idatzi, adierazi eta argitaratzeko aukera. Blogak ezagutu genituen. Frogatu. Eta sarean abiatu. Plataformak sortu ziren, eta gerora pertsonalizatzen joan gara.

    Garai hartakoa da nire lehen bloga. Abenduaren 3an abiatu, eta azokan zehar idazten eta kontatzen. Zirikatzen eta hausnartzen. Eta hedatzen.

    Isil isilik daude asko, sare sozialen eztandaren ostean. Ziklikoa da dena. Baina interesgarria ere bai, garai bakoitzean nola jokatzen dugun aztertzeko.


    Urteurrenetan akordatzen gara egin genuenaz, izan ginenaz. Eta nostalgia ez dakit, baina berriro ekiteko gogoa ez da izugarria izaten.

    Badira, blogari fermuki eusten diotenak. Nire begirune osoa. Blog pertsonal/kolektiboari eutsi ezinik, oraindik wordpress ia egunero baliatzen dut, lan kontu eta bestelakoetan. Izugarrizko tresna da. Eta 20 urteotan, hobetzen baino ez da joan. Hautu ona egin genuen hasieran bertan.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Idazten, frogatzen, saiatzen….. bat ez da nekatzen

    Aspaldian ez diot astindu askorik eman blogari. Izan ere, gero eta gehiago, sare sozialetan ematen dugu denbora gehien. Baina haizeak daramatza berbok. Eta ia ezer ere ez da geratzen gero.
    Blogak ez daude modan, badakigu. Baina idatzi eta irakurtzeko hor daude beti. Bilatzaileetatik erortzen gara batzutan blog interesgarrietan, edota zerbait zehatza nahi dugulako ari gara informazioa bilatzen. Sakonagoa. Landuagoa.

    Gaur, basoan oinez ari nintzela blogerako hiru lau gai etorri zaizkit. Baina ez diet heldu. Baina heldu beharko nieke.

    Hasteko, uger apur bat kendu diot erabat herdoildu aurretik. Eta gero gerokoak.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Txillardegi

    Txillardegi idazle, pentsalari, euskaltzale, pianista, injeniari, aktibista eta kronista euskaldunak utzi gintuen duela 10 urte. Beti miretsi izan dut Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Beti.
    Oso gaztea nintzen, egin egunkarian Exkixu liburuaren berri izan eta nobela irakurri nuenean.

    Asko gustatu zitzaidan. Eta bere pentsamenduarekin bat egin nuen. Eta gerora, beti jarraitu izan dut bere ibilbidea, lana, pentsamendua, idatziak eta abar… Kritikoa izatean zekien, euskaldun moduan aritu zen mundu osoan, euskaltzalea, independentista sutsua, pertsona argia, eta bere ideiak argi adierazten zituena.


    Omenaldia Durangon
    Gazteak ginen, baina erreferentea zen askorentzat. Eta Euskal Herriko gazte mugimenduaren baitatik, orduko gazte erakunde gogorren aldamenetik, gerizpetik omenaldi bat antolatu genion 1998ko Durangoko azokan. Omenaldi xume bat. Baina berak oso eskerreonez hartu zuena, guk berarentzako baino hitz hobeak izan zituen berak gazteentzat. Borrokan jarraitzeko. Bi hitzetan. Eta ulertu gura izan genion, ikasten jarraitu beharko genukeela, saiatzen, euskalduntzen eta berreuskalduntzen, borrokatzen eta kritikoak izaten. Eredu zen, eta eredugarriago gure ondoan ezagutu genuenean.
    Gazte kultur gunea asmatu genuen orduan. Eta azokan ere egon ginen. Fantzineak, egutegiak edota agendak saltzen. Eta omenaldia egin genion. Eta Mattin marrazkilariaren irudia oparitu genion kuadro apal baten.

    Txillardegi idazlea Euskal Herrian Euskaraz, Euskara batua, ETA, Altsasuko mahaia, Egunkaria edo beste hainbat ekimen garrantzitsuetako partaide, sortzaile, asmatzaile izan denak merezi du omenaldi sendo bat bere herrian. Eta uste dut, herritarron artean, euskaltzaleen baitan… baduela onespenik eta omenaldi jatorrik. Ofizialki gehiago saiatzen dira ezkutatzen, zailtzen, beldur direlako, gai ez direlako, inkopententeak direlako azken finean. Hizkuntzari eta literaturari egindako ekarpena eskertzeko modurik zintzoena, bere lanak irakurtzea izango da ziurrenik. Txillardegi liburutegiaren alde egingo dugu, baina Txillardegiren lanak liburutegitik jaso eta irakurtzea bai izango litzatekela iraultzailea. Gaur, Txillardegi idazle euskalduna gogoratzeko eguna dela uste dut. Eta, bihar ere bai.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  musika

    bidea garrantzitsua da

    Domeka Larrabetzun. Athleticen ajea eta pandemiak kalea girotu dute. Jendea asko dago eguzkipean. Hori Bai gaztetxean Nafarroatik etorritako Ibil bedi taldeak bi pase egingo ditu.

    Lehen saiokoak atera dira gaztetxetik, eta badirudi pozik datozela kalean gora. Gaztetxera hurbildu, eta atoan bete dira aulkiak. Kantuan hasi aurretik txaloak. Hasi eta jarraian girotzen doa gaztetxea. Bigarren pase honetakoek kantuak ezagutu eta jarraitzen dituzte. Musikariak oso, baina oso motibatuta. Gazteak eta eskarmentu askokoak dira Ibil bedi. Bigarren lana aurkeztera datoz: Beltxarga beltza.
    Konektatzen dute, bere musikak aire berri bat dakar. Ez dira betiko doinuak. Distortsio barik ere, gauza ederrak egiten dira. Kitarra elektrikoak, ondoan ditu bioliña, saxoa edo teklatua. Atzean erritmoa eta oinarria. Drum & bass. Sekulako konboa.


    Itzela izan da kontzertua, eta bere zati bakoitza. Kantu bat bera ere ez soberan. Eta oroz gainetik sortutako atmosfera. Musikazaleek, musikariek, gaztetxe bat zelan girotu dezaketen domeka arrastiluntze baten. Mila esker Ibil bedi. Bidea sano garrantzitsua da. Segi errekak eta herrialdeak gurutzatzen, nostalgiari nostalgia eta gu gozatzen. Zorionak.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Adierazpen askatasunik gabe | Demokraziarik ez!

    #arteaPabloHaselekin

    Raperoen, txiolari, kazetari eta kulturaren eta artearen ordezkarien kontrako jazarpena, etengabea bilakatzen ari da. Artista eta sortzaileak adierazpen askatasunaren eskubidea baliatu baizik ez du egiten bere lanean.

    Gauzak horrela, Espaniar Estatua da, abestien edukiengatik artista gehien errepresaliatu dituen herrialdeen zerrendako lehenengoa. Une honetan, Pablo Hasel kantariaren kartzelaratzearekin, Turkia edo Marokorekin parekatzen ari da, han ere hainbat artista dauzkate giltzapean estatuen gehiegikeriak salatzeagatik.

    Pablo Haselen espetxeratzeak nabarmenago agertzen du Estatua eta bere erakundeen gehiegikerien kontrako salaketa egin dezakegun artista eta pertsonaia publiko guztien gainean daukagun ezpata.

    Egoera hau nazioartean hedatzea funtsezkoa da; besteak beste bizi dugun egoeraren berri emateko. Pablo Hasel espetxeratu dezaten uzten badugu, bihar gutako edozeinen kontra etorriko dira, horrela disidentziaren ahots guztiak itzaliz, pixkanaka.

    Hau sinatzen dugunok, arte eta kultur munduko ordezkari gisa, Pablo Hasel sustengatzeko elkartu gara, bere askatasuna eskatu eta Zigor Kodean horrelako delituak ezabatu daitezen eskatzeko, izan ere eskubideak murriztu baizik ez dutelako egiten; adierazpen askatasuna ez ezik, ideologia askatasuna, edota askatasun artistikoa.

    Zure atxikimendua helbide honetara bidali: llibertatpablohasel@gmail.com

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Plateruena, XXI. mendeko kulturgintza berri baterako oinarri

    Kooperatibaren amaiera

    Orain arte ezagutu dugun Plateruena kudeatzeko ereduaren amaiera ekarri du bart ezagutu genuen albisteak. Plateruena desagertzea.
    Egoera ekonomiko larriak, ekarri du kooperatiba desagertzera eramateak. Langile eta bazkideen batzarrak erabaki du.
    Eta langile/bazkide/kulturgile/ekintzaile kooperatiba horretan eredu izan da. Sortu zen momentutik bertatik.
    Eta gardena izan da azken unean ere.
    Anboto Durangoaldeko agerkarian informazioa zabaldu zen lehen unetik, eta Igor Elortza bertsolari durangarrak ere datuak jarri zituen sare sozialetan, aspaldiko isiltasuna hautsiz twitter sarean. Biak ala biak, eskertzeko modukoak.

    20 urteko ibilbidea. Berbaro hura gogoan

    Durangoko alde zaharrean kokatuta zegoen Berbaro taberna ezagutu zuenetakoa naiz. Orduko kontzertuak gogoratzen ditut. Giroa. Gorakada. Gogoa eta ilusioa. Gertutik ezagutu nituen tabernari eta kudeatzaile boluntarioak. Eta beraien eredu berritzailea. Gehiago egiteko gogo hura.
    Plateruena proiektua sortu zen gero Hutsetik. Huts hutsetik… ilusio ikaragarriarekin. Auzolanaren zentsu pratikotik. Inplikaziotik. Zabaltzetik. Bilbon funtzionatzen hasi zen ereduaren bidetik. Eta lan asko. Asko. Eta euskal kulturak ikusgarritasun, pratikotasun eta dinamika foko berri bat piztu zuen beste eskualde baten. Ekonomia, kultura, herri mugimendua, dinamika soziokulturala… eredugarri. Durango, urte osoan kulturaren erreferentzia. Nazionala. Lokala.

    Bidea -baina- ez da amaitzen

    Etena dator orain. Ezina. Ekonomikoki. Kultur zikloa oso ondo bete du Plateruenak. Fase ezberdinak izan ditut, prozesu ezberdinak. Baina eredugarri.
    Igor Elortzak publikoki emandako datu hoiek kudeatzea zailagoa izango da kultur programazio eta produkzioa sustatzea baino, bistan denez.
    Baina Plateruena espazioaren beharrizanak bere horretan jarraitzen du. Beharra dago, eta espazio hori edukiz, kulturaz eta jendez nola bete berrasmatu beharra dago. Hemen eta orain. Beste behin.
    Lokalaren jabetza -duela 20 urte baino askoz balio gehiagorekin, bidenabar esanda- Durangoko udalarena da. Plateruena kooperatiba -eta bere zorrak- desagertu egingo dira.
    Eta pliego berri bat, eredu berri bat, kafe antzoki berri bat bersortu beharko da hemendik laisterrera. Eta horrek ematen dit baikorra izateko esperantza. Orain arte ikasi den guztiak ekarri dezakela Durangorako alternatiba berri eta on bat. Behar beharrezkoa.

    Antzokien eredua: Ostalaritza eta kultura

    Bilboko kafe antzokia sortu zenean, eztanda egin zuen gure kulturgintza osoak. Eredu eder bat sortu zen Bizkaiko hiriburuan. Hiria, gaua, kultura, hizkuntza, ostalaritza… funtzionatzen hasi zen. Lehertzen. Ikaragarria izan zen hastapena eta osteko garapen guztia. Eredu berri bat kulturgintza osorako. Euskaratik abiatuta gainera. Hiriaren basamortua. Panorama kulturala -batipat musikala- gogor astinduz.
    Eta hainbat kafe antzoki sortu ziren han hemenkda. Ondarroa, Elgeta, Durango, Bermeo…. eta proiektuak ere ugari, han hemenka.
    Itsasoa baretu da. Hainbat ekaitzaldi izan ditu. Bilbokoa, gaur gaurkoz itxita dago COVID 19 gaitzaren erdian. Noiz zabaldu ahal izango duen zain gaude guztiok. Besteen garai onenak joan ziren.
    Ostalaritzak sustengatu behar izan du kulturaren zama. Eta egiturarena. Langileak. Lanpostuak. Egunak ta gauak. Inbertsioak. Krisiak bata bestearen atzetik, eta azken pandemiarena… itzela.

    Publikotik haratago, ez dago beste eredu iraunkorrik?

    Gure herrian egitura publikoetatik landa, instuzioetatik haratago, hainbat eredu landu izan dira. Baina orain eredu hauen iraunkortasuna bilatu behar da. Ekonomikoa batipat.
    Kulturgintzan egin den ekarpena izugarria izan da. Ekonomian ere ez dira txarto ibili ahal izan duten luzaroenean.
    Baina agian eredua ahitu da. Soziala, kooperatiboa, partehartze publikoa, ehun sozialaren babesa, kulturgintzaren inplikazioa.. oraindik formulatu beharra dago. Berrasmatu. Eta ekin.

    Unai Iturriaga Euskadi irratian: Orain arte heroi batzuek mantendu dute kulturaren ikusgarritasuna

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Horrelakoa da bizitza! #blacklivesmatter

    Errealitatea berria, nazioarteko mobilizazioak arrazakeriaren kontra, beltzen aldarrikapenak, Spike Lee zuzendariaren lanak, Negu Gorriak taldea sortu zela 30 urte. Koktel kultural izugarria da. Egunotako pentsamenduak, kantuak, mobilizazioak eta irudiak sailkatu eta gogoeta txiki bat egiten saiatuko naiz.

    Do the right thing!

    Spike Lee zuzendariaren filma ikusi eta biharamunean guztia berrosatzeko beharra ikusi dut. Filmea ikusi aurretik, azken egunotan Spike Lee beraren mezuak, iragarpenak, bideoak ikusten aritu naiz. Eta gogoa piztu zait filmografia osoari ekiteko. Duela bi urteko Zinemaldian, bere azken lana ikusi nuen, Harkaitz Canok gomendatuta. Kasualitatea edo ez, Black is Beltza Fermin Muguruzaren lana jaialdi berean estreinatu zuten.
    Do the right thing pelikula berezia da. Beltzen auzoko errealitatea irudikatzen du. Eguneroko bizitza. Italiar-amerikar (zuri) batzuen pizzeria. Familiak. Harremanak. Polizia. Musika. Irratia. Liskarrak. Eta Radio Rahim maitagarri bat tartean, bigarren plano baten hasieran, baina zurrunbiloaren eta gatazkaren erdigunean gero.

    Negu Gorriak 30 urte

    Aste honetan bertan Fermin Muguruzak gogoratu du efemeridea. 1990an beraien orduko proiektu musikal berriari eman zioten hasiera. Rap musika euskaraz. Public Enemy Parisen zuzenean ikusi ostean suspertutako sukarraldia. Kortatu itxi eta hurrengo proiektuari ekin zioten Muguruza anaiek, besteak beste. 90ko hamarkadako hasierako kantu hoiek narratiba eta estetika berri bat eskaini zioten gure kultur panoramari. Hiru harmakada beranduagoa nabarmena da guzti hori.


    Urtebete lehenagokoa da Spike Lee zuzendariaren Do the right thing filma. Estetika hori, sanpleak, dantzariak, maitasuna eta gorrotoa… isladatzen ditu Irungoen proposamenak, Euskal Herrian berritzailea izango dena.


    George Floyd gogoan

    Blacklivesmatter mugimendua nazioartean

    Poliziaren eskuetan hil zen George Floyd. Irudiak mundu osoan ikusi ditugu. Bere lekukotasuna mugikorrek grabatu zuten. Ikusgarritasun globala izan zuen bere heriotza ankerrak. Poliziaren kontrako oldarrialdia abiatu zen, bere hiritik mundu osora. Beltzen eskubideen alde ez ezik, faxismoaren kontrako mugimendua antolatu zen nazioartean. Trump bera izutzeraino. Blacklivesmatter mezuak, ozenki adierazi du beltzen bizitzak duen garrantzia.
    Euskal Herrian ere mobilizazio potenteak egitea lortu da. Iruñean Gora Herria! mezuarekin eta hiriburuetan beltz eta afroeuskaldunek deitutako mobilizazioak jendetsuak eta ikusgarriak izan ziren.

    View this post on Instagram

    Euskal Herrian arrazakeriarik ez!! #blacklivesmatter

    A post shared by Kirruli (@kirruli_libre) on

    3 brothers

    Hiru anaia ekarri gura izan ditu gogora Spike Lee zuzendari eta aktibistak ere. Film labur bat osatu du atoan. George Floyd hil berriaren heriotzak, Radio Rahim nola hil zuten gogorarazi digu bapatean, baina filmea egiteko, antzeko beste egoeraren bat ere ezagutzen zuen zinema zuzendari konprometituak. Lan honetan, Radio Raheem. Eric Garner eta George Floyd gogoratu eta omendu gura izan ditu, fikziozko irudiak eta errealak parekatu eta partekatuz.

    (oharra: txio hau eta Spike Leeren irudiak ondo ikusteko, twitter bidez zabaldu)

    Zinema, musika, kalea, artea, sarea, mezuak…



    Musika eta zinema, aldarrikapenak eta kaleko kartoizko mezuak, beltzen eskubideak eta arrazakeria. Atzo eta gaur. Gogoeta, kontakizun eta narratiba koloretsu bat faxismoa eta arrazakeriaren kontra. Guztien eskubideen alde.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    Fermin Muguruza musikariaren playlist eta artikulu ederra osatu du Roberto Herreros aktibistak

    Roberto Herreros ezagutuko duzue beharbada. Musikaria, aktibista, idazlea ere bai. Oso tipo fina. Ez dut pertsonalki ezagutzen, baina aspaldi idazten diogu elkarri, eztabaidaren bat ere izan genuen berak eta Isidro Lopezek plazaratu zuten liburuaren pasarte batzuei buruz. Noizbait egingo dugu El estado de las cosas Kortaturen diskoaren inguruko solasaldi eta entzunaldi bat. Liburua irakurtzeko ederra izan zen, duda barik. Eztabaidagarriak ere bertako edukiak.

    Baina oraingoan, eta konfinamendu garaia dela baliatuz, Fermin Muguruzaren bakarkako proiektuetako abestiekin osatutako playlist bat sortu du Robertok. Eta testu eder bat jarri sare sozialetan. Irakurtzeko eta musikaz gogoeta egiteko.
    Berari eskatuta, testua hona euskaraz ekarri dut. Mila esker Roberto.

     



    El estado de las cosas de Kortatu: lucha, fiesta y guerra sucia
    (Lengua de Trapo, 2013) liburuan, non Isidro Lópezek eta biok euskal rock erradikala garatu zen testuinguru historikoaren azterketa proposatzen genuen, azaltzen genuen zaila dela ez pentsatzea azken hogeita hamar urteetako gure testuinguru kulturalean Kortatu etengabe agertzea ez dagoela lotuta Fermin Muguruzaren adar politiko eta musikal ezberdinekin.

    Ferminek, Kortatutik haratago, ikuspena irabazten jarraitu badu, Kortaturen historiako beste protagonista batzuekin batera (Iñigo anaia hil berria kasurako), une egokian urratsak egiten jakin duelako da. Beharbada, Negu Gorriak-en aldaketa izan zen bide horretan egin beharreko urrats erabakigarria, Kortaturen ospearen gailurrean, hain zuzen. Gero, Negu Gorriak taldetik bere bakarkako ibilbidera igaro ondoren, Dut taldearekin ‘Ireki ateak’ diskoa egin ostean.

    Bi talde handien parean dago bakarlari bezalako egindako bide hau? Hori zalantzan jarri da. Behin Isidroren lagun belgikar batek, Fermin Muguruzaren irudiarekin interes handia duenak, galdera mamitsua egin zion: “Uste duzu egunen batean Muguruzak maisulan bat sinatuko duela, ‘Clandestino’ bezala?“. Nire ikuspuntutik, agian ez, baina baita –agian oker egongo naiz– Manu Chaok, bakarka, ‘Clandestino’-n eta, neurri txikiagoan, ‘Siberie m’etait contéee’-n dauden kantak baino askoz gehiago emango ditu.

    Esperimentu gisa, playlist bat egin dut Fermin Muguruzaren kantuekin; hiru bertsiorekin eta hainbat lankidetzarekin. Azken horien gainean, a priori deigarriagoak diren batzuk utzi ditut kanpoan, hala nola Mala Rodríguezekin Esne Beltzaren Gora! diskorako egin zuena, ahaltsuagoa iruditzen zaidalako Ari rap abeslariarekin egindako Armagideon tenoreko aztarnak, Muguruzak bere hirugarren albumean bakarka egindakoa. Irizpide berari jarraitu diot beste lankidetza batzuekin, hala nola Zebdak Ferminen bi kantutan egin dituenekin, ez baitira zerrendan sartu.

    Era berean, kasu batzuetan, estudioan grabatutako grabazioen ordez, Rob Smith (Smith & Mighty), Peter D. Rose (More Rockers), Toy Selectah edo Zion Trainen kantuak jarri ditut, jatorrizkoak gainditzen zituztenak —eta batzuetan hobetzen ere bai—. Urrun-ekin, aldiz, biak sartu ditut, jatorrizkoa eta Mad Professorek egindako erremixa.
    Harritu egin nau, neurri batean, 40 korte batzeak. Hain zorrotza ez zen irizpide batekin, agian, 50ra iritsiko litzateke nire zerrenda.

    Hain zorrotza ez den irizpide batekin, agian, 50era iritsiko litzateke.

    Fermin Muguruzak Negu Gorriak-en ostean egin duen ibilbidea desberdina da, eta ez dago hanka sartzetik salbuetsita (Zuloak proiektua buruan), baina ez dago horrelako bilduma batez harro egoteko moduko artista askorik. Kontuan hartzen badugu, gainera, Muguruzak The Suicide of Western Culture lanarekin duela hiru urte baino gutxiago argitaratu zuela B-Map 1917 + 100  ahaltsua, ziurrenik bere albumik onena ‘Borreroak milaka aurpegi hartatik, agian zentzuzkoena ez gutxiestea izango da.

     

    MUGURUZA

    Fermin Muguruza: Kortatu eta Negu Gorriak baino haratago

  • agit/prop,  covid19 | koronabirusa,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    [ leihotik mundura ] 20:20

    Komunikazioa.
    Komunitatea.
    Gure leihoek hori erakutsi digute. Krisi sakon honetan, leihoak eta balkoiak bilakatu dira komunikazioa eta harremanen ordezko. Nola gauden ikusteko, arnasa hartzeko, lagun eta auzokideekin hitz egiteko, eta munduari gure berri emateko.

    Leiho teknologiko bat ireki dugu, sarean. Komunikazioa lantzeko, teknologia berriak (bideoak, streaming-a, txatak, sare sozialak) baliatuko ditugu.
    Gorka Julio Teketen eta biok hizketan hasiko gara, baina elkarrizketak ireki eta gonbidatuak izango ditugu gure kanal honetan.
    Ekonomia, kultura, krisi honi buruzko kontuak, kezkatzen gaituzten gauzak hartuko ditugu hizpide.

    Osteguna, apirilak 16
    arratsaldeko 20:20ean
    [ txaloen ostean ]

    leihotik mundura 20:20

    Zu ere gonbidatuta zaude.
    Komunitatea.
    Komunikazioa.

    etzi.pm