e-hizketan

elkarrizketa digitalak

  • e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

    Jabi Zabala: Paperezko egunkariak oso gutxi irakurtzen ditut egun

    jabi zabala

    baga) Blogaria zergatik?

    Zer pentsatzen dudan, zer gustatzen zaidan, munduaz dudan ikuspegia… ADIERAZTEKO. 2007an ez naiz fanzine bat egiten hasiko, ezta? Interneten komunikaziorako ahalmenak hasieratik liluratu ninduen. Nire bozeramale ofiziala da bloga.

    biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?

    Lantegian komunikazio munduan nabil, Internetekin lotutako zereginetan gehienbat. Horrez gain, nire egitekoak harrikoa egitea, lagunekin, lagunarekin, familiarekin egotea, txakurra ateratzea… Blogak denbora asko kentzen dizu, apur bat hemendik, apur bat handik… Desorekak beti sortzen dira bati asko emanez gero.

    higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?

    Noski, bada euskal komunitate bat. Badira komunitate horretan sartuago dauden blogak baina baita aparteago daudenak ere.

    laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?

    Norabide anitzeko eta izaera anitzeko edukien komunikabidea, nik une honetan informazioa eskuratzeko gehien erabiltzen dudana. Paperezko egunkariak oso gutxi irakurtzen ditut egun. Komunikatzeko, argazkiak argitaratu, testuak, bideoak, e-posta asko erabiltzen dut, saretik telefonoz deitu…

    boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?

    Botere autonomo txiki asko, zentsuraren aurkako berme gehiago, hirugarren munduaren presentzia handiagoa, hizkuntza txikien presentzia handiagoa…

    sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

    Batzuk, bai. Esaterako, sarearen bidez lagun bat ezagutu eta haren etxean astebete pasatu nuen Holandan. Gehienak, baina, hurbilago ezagutu ditut eta euskaldunak dira. Hamar urte hauetan, Internet dela eta, dozenaka lagun interesgarri ezagutu ditut.

    zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

    Erlaxatu, deskonektatu egingo nuke, hori bai, edonon egonda ere. Akaso hondartza-mendi egun bat litzateke, egun osokoa ia, aspaldi egin ez dudan horietakoa. Kostaldeko haitzarte bakartian biluzik bainatu, bokata jan eta gerizpean zerbait irakurri… Gero herrira heldu eta zerbeza hotz batzuk edanda oso zoriontsua izango nintzateke. Oporrak behar ditudala igartzen da, ezta?

    zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.

    Garai batean egunero irakurtzen nuen alt1040.com, hain famatua bilakatu aurretik. Egunero blog, webgune eta hedabide zenbaiten bilan modukoa egiten dut. Ezagutzen ez duzun bat gomendatuko dizut: www.wsahara.net – ingelesez Mendebaldeko Saharari buruzko informaziogune bikaina.

    bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.

    kazetaritza, hizkuntzak, baroja, argazkiak, sareak

    arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.

    Noiz bueltatuko dizkidazu zor dizkidazun 30 euroak? …Broma da. Zein izango da zure hurrengo proiektu zoroa, duela hamar minutu bururatu zaizun hori?

    iPtx: Egia esan, aspaldion zer egin pentsatzen dihardut. Interneten jauzi bat eman beharra dagoela uste dut. Podcasting-a izugarri gustatzen ari zait, etxean egindako saio bat daukat aspaldian buruan, eta udagoienean horretan murgildu gura nuke. Baina galdera sorta hau, bidenabar, nire iparrorratza ez herdoiltzeko baliatu gurean nabil. Zer egin hobeto asmatzeko. Hamar minutu baino gehiago daroat horrekin bueltaka.

    tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.

    E-goitz Goikoetxeari, reggaezale, blogari eta Euskal SEO gizon bizkorrari

  • e-hizketan,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura,  teknologia berriak

    Idazle eskasek ez dute aitzakiarik Internetekin

    Duela ez asko Blogak eta literaturari buruz idatzi nuen. Literatura semantikoa, zelanbait esatearren. Idazle bitxia topatu nuen sarean, irakurri eta nabigatuz. Hernan Casciari. Orain, gehiago ezagutzeko parada izango dugu, beragaz harremanetan jarri eta elkarrizketa bat egin diogu Hernan Casciari sortzaileari. Asko idazten du, asko sortzen ari da. Egun, Bartzelonan bizi da argentinarra. Eta emailez trukatutako berbok euskarara ekarri ditugu.

    Nor da Hernan Casciari?
    Duela zenbait urte neska katalan batekin maitemindu zen idazle argentinarra naiz. XX. mendeko abenduaren 31an hegazkina hartu eta ozeanoa gurutzatu eta XXI. mendeko urtarrilaren lehenean heldu. Ezkondu, alaba bat eduki eta Internet euskarri moduan erabilita fikzio istorioak idatzen dituen hori da.

    Noiztik ari zara lanean, zer idazten duzu?
    Sarean duela bi urtetik hona nabil. 2003ko irailaren 26an Mujer Gorda blogeko lehen kapitulua argitaratu nuen. Aurten, irailaren 26an Plaza&Janes argitaletxeak liburua plazaratuko du. Tartean, espero ez nuen dibertimendu zorabiagarria bizi izan du. Zer idazten dudan? Istorioak, iritzi artikuluak, saiakerak, ipui laburrak. Monologoak, gidoiak eta antzerki lan laburrak. Beti ere, umore absurdoaren tranpolinetik egin ohi dut jauzi, edota umore kostunbristaren toboganetik, txirristatik.

    Zertarako idazten duzu?
    Jendea pozteko, maila baten. Eta beste maila baten berriz, alabaren gosea asetzeko, nire bizipoza.

    Zure blogak ezagutu izan ditugu orain arte, zure ustez zer eskaintzen du sareak orohar -eta blogek bereziki- literatura egiteko?
    Eskaintzen duena sarea bera da. Eta blogek eskaintza horretara modu erraz batean sartzea ahalbidetzen dute. Zer eskaintzen duen? Mundu guztiak hitz arraroak erabili ohi ditu hau azaltzeko, teoria postmodernoak sortzen ari dira, eta ebazpen inteligenteak. Nire ustez, Internetek idazle kaskarrei aitzakia kendu die, lehanago; idazle eskasek argitaletxeei botatzen zioten errua, sistemari, gobernuei. “Idazten dudana ez da jendearen gustuko, jendeak ez du hau irakurtzen” gogoeta hori ez zuen ia inork egiten. Interneten idazten baduzu, arrakastaren errudun bakarra eta galeraren arduradun nagusia zara. Oso ondo dago, besteei errua botatzeak ez duelako zure jarduna hobetzen.

    Zer da zuretzat blognobela terminoa?

    Lavavajilla, paracoche, radioteatro edo beste hitz konposatu bat bezala entzuten dut. Egia esan, hori besterik ez da, hitz konposatu bat.

    Zure irakurleak ezaqutzen dituzu? Baduzu harremanik beraiekin?
    Nire irakurleen %0,1a pertsonalki ezagutzen dut. Eta horrekin aski dut.

    Proposatuiguzu irakurri eta ondo pasatzeko nabegazio bat…
    Egia esan ez naiz Interneteko erabiltzaile sutsua. Goizero Argentinako Clarin egunkaria bisitaten dut, nire herrikideak zer irakurtzen duten jakiteko. Eta zelan ez, nire proiektuetan murgiltzen naiz, komentarioak irakurri eta bertan parte hartzeko. Interneteko bidaiarik aproposena, norberak bere faboritoetan dituena da, horregatik deitzen da horrela.

    Orain abentura berri batean zaude, blogak eta Telebista serie bat uztarturik. Nola doa Kliwoskyrena? Zelan erantzun dute telebistako ikusentzuleek, zelan irakurleek? Ba al dago beraien arteko harremanik?
    Klikowsky (seriea) oso ondo doa. Dagoeneko ia sinatuta dago bigarren denboraldi bat ETB-2an. Blogak, proiektu berritzaile baten oihartzuna izan du eta dauka. Bigarren denboraldi horretan, beharbada torloiu asko estutu beharko ditugu, eta telebistarekiko interaktiboagoa izango den zerbaitetan bihurtuko dugu. Eta ikusentzule eta irakurleen arteko harremana, zoratzekoa da: “Hau ez da egia, nik telebistatik ikusten dut”. “Bai egia da, Saul ene laguna da”. Eta horrelako gauzak.

    Eta Euskal Herritik kanpo, ikuslerik lortu al duzue?
    Bai, jende askok Latinoamerikan plataforma digitaletatik jarraitzen du telesaila.