• Elikadura Burujabeta,  ikusi eta ikasi

    Ardoari buruz hizketan Ludger Mees historia irakaslearekin Errioxan, Lantziegon

    Ardo ona gaur egun ardo txikia da, paisaiari eta inguruari lotutakoa

    Arratsaldea eman genuen elkarrekin Lantziegoko bodega berri baten. Berria eta berritzailea. Ludger Mees irakasleak “El Medoc Alaves” liburua plazaratu eta elkarrizketa egitea otu zitzaidan. XIX. mendean Arabar Errioxan izan zen ardoaren inguruko iraultza aztertzen du historiaren ikuspegitik. Eta elkarrizketan, orduko iraultza eta egungo ardogintzaz aritu ginen.

    txioka, topa!

    Elkarrizketa argitaratu ostean, afari atsegina izan genuen Ludgerrek eta biok Zarauzko elkarte batean. Ardogintzaz eta bizitzaz hizketan jarraitu genuen. Ederto baten.
    GAUR 8 euskarazko astekarian argitaratutakoa hemen daukazue irakurgai:

  • Elikadura Burujabeta,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    TxG euskal garagardoaz PREST! aldizkarian

    Deustuko PREST! aldizkarian aspaldiko partez erreportajea idatzi dut.
    Lantalde berria eta gazteagoa du Deustualdeko aldizkariak. Bertako berriak, erreportajeak eta elkarrizketa zinez interesgarriak ditu orain ere. Eta aspalditxoan, hilero hilero jasotzen dugu etxean. Guk eta beste hainbat deustuarrek. Gure etxeko paisaian, elkarrizketetan, erropetan, animoetan… leku berezia du PREST!-ek. Hori asko da.

    Txorierri garagardoa hartu dugu hizpide azken alean, eta garagardogintzaz aritu gara gozo gozo.

  • agit/prop,  Elikadura Burujabeta

    10 urte Euskal Herriko laborantza sustengatzen. LURRAMA

    Asteburuan Miarritzen Lurrama burutu da. 2006ko udazkenetik antolatzen da Ipar Euskal Herriko laborantza sustengatu, erakutsi eta dastatzeko gune hau. Erakustazoka handia da Lurrama. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako laborariak, gazteak asko ezagutzeko parada ederra. Oraingoan ere milaka lagunek bisitatu eta bizi dute laborantza zuzenean.

    Les enfants a Lurrama 2015 a Biarritz, Vendredi 6 Novembre 2015. (Photo Bob Edme)
    Les enfants a Lurrama 2015 a Biarritz, Vendredi 6 Novembre 2015. (Photo Bob Edme)

    Bertatik bertara ezagutzea izaten da onena horrelakoetan, baina Iparraldearen Orena telebista saioan biziki ondo egin dute lan hori.

    Euskal Herriko laborantza ezagutu, erakutsi, dastatu eta bizitzeko parada ederra. BiBA ZUEK Euskal Herriko Laborantza Ganbara, euskal laborariak (ELB) eta inguruan lanean ari zareten guztioi.
    Euskal Herriko Laborantza Ganbara
    www.ehlgbai.org Euskal Herriko Laborantza Ganbara.

  • Elikadura Burujabeta,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Euskal Herriko Laborantza Ganbarak 10 urte

    2005eko urtarrilean sortu zuen ELB sindikatak EHLGEuskal Herriko Laborantza Ganbara-. Behe Nafarroako Ainizan du egoitza nagusia Laborantza Ganbarak, eta bertatik Lapurdi, Behe Nafarroa eta Xiberuako laborariekin elkarlanean laborantza iraunkorraren gune estrategikoa bilakatu da.
    Urteurrenaren karietara, urteroko bilkura bereziagoa izango da aurten. Besteak beste Kanaldude telebistak dokumental berezia prestatu du Laborantza Ganbararen egoitza nagusian eskaintzeko.


    mixel
    Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortu zen 2005eko urtarrilaren 15ean, helburu bikoitzarekin : Iparraldeko kuadro instituzionalaren eraikuntzan parte hartzeko eta laborantza herrikoia garatzeko, laborarien, naturaren eta kontsumitzaileen errespetuan.

    Hamar urte berantago, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak laborantza mundua azkarki aldatu du ; hortaz edonor ohar daiteke.

    Bere indarrak eta gaitasunak laborarien eta kolektibitate publikoen esku eman ditu. Hainbat alorretan lan egin du, gazteentzat erakargarria, kalitate eta balio-erantsi sortzailea den laborantza sostengatuz.

    2015eko urtarrilaren 17an, urtebetetze berezia dugu elgarrekin ospatuko Ainiza Monjolosen:

    Harrera: 9ak eta laurdenetan ongi etorria eta kafea

    Biltzar Nagusia: goizeko 10 ak laurden gutitan ttanko:

    – Euskal Herriko Laborantza Ganbara 2014an, Iparraldeko laborantzaz estattistika lanaren aurkezpena, debatea

    – EHLGren Lagunak elkartearen bilana, 2014 urteko konduak

    – Euskal Herriko Laborantza Ganbararen 10 urteen filmaren proiektatzea, Aldudarrak Bideo-k eginik

    – Eztabaida, hitz hartzeak eta azken hitza

    Zintzur bustitzea: eguerdi eta erditan,

    Bazkaria: ordu 1ak eta erditan

    Barazki salda,
    Oztibarreko axuria suan errea ilharrekin,
    Ossau-Irati sormarkako ardi gasna,
    HERRIKO irinarekin egindako bixkotxa eta ogia,
    Irulegi sormarkako arnoa, kafea eta ondokoa.

    bildotsa
    Animazioneak: 5-etatik goiti, ostatua eta ogitartekoak :

    – KLIK-K Itsasu/txaranga

    – KANTUZ Gamarte/dantzaldia

    – BOB XATAR, Ziburu/rock (hemen entzungai)

    – BORROKAN, Bera/rock (hemen entzungai)

    – DJ XA2 Oztibarre, erori ta lokartu arte !!

    Elkarrizketa eta Loturak:

    • EHLG 10 ans Jakes Abeberri Enbata.info
    • Mixel Berhokoirigoin: “Ainitz laborari etxen bezala, konfiantxan, senditzen dira EHLGnLaborari / ARGIA
    • Euskal laborantzaren nortasun agiria, etorkizunari so Kazeta.eus
    • Euskal Herriko Laborantza Ganbara euskarazko Wikipedian
    • Mixel Berhokoirigoin INFO 7 irratian
    • [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2015/01/20150114_45810.mp3]

  • agit/prop,  Elikadura Burujabeta,  Elikadura burujabetza,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Ondasun komunen tradizio berritzailea

    Baserritar eta nekazari gazteen nazioarteko topaketa bat burutu da ez oso aspaldi Gernikako Astran.
    Elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduko kide eta partaide ugarik bertan ikasi eta eztabaidatzeko aukera eta parada polita izan du, horrelakoetan ia beti gertatu ohi den moduan.
    Mugarik Gabe erakundea eta EHNE Bizkaiaren arten antolatutako egitarau aberatsaren laburpen bilduma polita egiten du iraupen ertaineko bideo honek.

    Ondasun komunak

    Lurra, ura, haziak, jakintza eta zaintza. Funtsezkoak eta berebiziko garrantzia dutena arlo ekonomikotik zein sozialetik begiratuta. Horren sakontzean dago etorkizuneko erronka. Jagon, zaindu, defendatu, liberatu, askatu, zabaldu, hedatu… Ingurugiroaren defentsan, iraunkortasuna bermatuz, jakintza librea bultzatuz eta eztabaida sustatuz.
    Software librearen mugimenduarekin alderatu izan ditugu maiz beste gatazka hauek, eta elkarrekin zer ikasi -elkarikasi- asko dago. Partekatuz, hausnartuz eta eztabaidatuz.
    Elikadura burujabetzaren bidean, baserritar berriek, arazo zahar ugari dituztelako.

    wikipedian:
    Bien común
    Commons


  • agit/prop,  baserritik mundua,  Elikadura Burujabeta,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Eskoletako jantokien ikasgaia

    Baserri Bizia

    Ikasturte bukaerako jaia antolatzen ari gara eskolan. Aurten ere, egun osoko egitarau aberatsarekin batera, bazkaria izango da eskola komunitatearen elkargune nagusia. Ikasle eta ikasle ohiek bazkalduko dute lehenengo, eta gero kalean eta patioan olgetan dauden bitartean, jantoki bete guraso batuko da, ezin menu ederragoa dastatzen.

    Urte guztiko asmo, gogo eta nekeen gailurra izaten da eskolako jaia, gurean bezala Euskal Herri osoko eskola, ikastetxe, ikastola eta abarretan. Eta gurean, egia esan, oso giro positiboa,baikorra, emankorra eta aberatsa bizi dugu, jantokiaren inguruan batez ere.

    Badira urte batzuk -seigarren ikasturtea irailean- Eusko Jaurlaritzak eskoletako jantokien dekretua inposatu zuela -Wert legea baino txungoagoa dela komentatzen dugu patioan- EAko Tontxu Camposen esku zegoen orduan Gasteizko Hezkuntza saila. Osteko bi kontseilariek ere; Isabel Celaa (PSE) eta Cristina Garmendiak (PNV) ez dute zirkinik egin egunero Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletan jaten duten 100.000 haurrek jantokian zeozer ikasi dezaten, elikaduraren garrantziaz ohar daitezen, osasunaren aldeko neurri gutxi somatu ditugu, dena esan behar bada.

    Gure eskolan, erabakia gure esku zegoela pentsatu genuen. Eta erabakia hartu genuen, guk geuk antolatzea jantokia, sukaldea eta elikaduraren inguruko ardura guztia. Dekretua bete barik, egunero egunero sukaldean herriko denda eta baserritarren artean erositako elikagaiak izan dira, herriko ogia, arraultzak, okela… dastatu, gozatu eta jan dituzte gure neska mutikoek.

    Jaurlaritzak diru laguntza oro ukatu zizkigun hasieratik. Ehundaka mila euro ukatu dizkigute azken 5 ikasturteetan. Baina guk herriko produktuekin, Gipuzkoako jogurrekin, Nafarroako olio, arroz eta lekaleekin ikasi dugu jaten. Sukaldatzen. Bizitzen. Herriko baserritarrak egunero etortzen dira eskolara, sasoian sasoiko produktuak ekartzera. Sukaldariek bihotz guztiarekin prestatzen ditzute gero. Eta ikasle eta irakasleek jan. Gure haurrak maiz joaten dira herriko soloetara, baserrietara, ikusi eta ikastera. Eskolan bertan solo bat daukagu.Sasoian sasoikoa. Berdin letxugak landatu edo marrubiak dastatu. Egunero mahaia ikasleek jartzen dute, batu ere bai, eta konpostaren ardura daukate. 2 tona konpost egin genituen iaz. Solorako baliatu dugu gero.

    Jantokia ikasteko leku bilakatu da. Gure baserria, gure elikadura, gure etorkizuna bertan lantzen dugu. Jaten duguna garelako, gure herriko tokiko garapena bultzatzen ari gara, herriko dendak -harategia, komertzio txikia, arraindegia-, ogitegia, soloak, hezitzaileak… guztia guk kudeatutako sistema libreago batean lantzen ari gara. Herriko ekonomian motore ere bada eskola eta guraso elkartea. Eta etorkizunean horrela jarraitu gura dugu.

    Erabaki garrantzitsuak hartu behar dira orain. Jaurlaritzan Hezkuntza sailak eta Nekazaritza departamenduak urratsak eman nahi dituzte. Gu laguntzeko eta egiten jarraitzeko prest gaude. Baserritarrekin, sindikatuekin, gizarte eragileekin, eskola komunitatearekin batera. Elikadura burujabetza lantzeko aukera aparta daukagu, eta guztia gure esku dago. Baliatu dezagun aukera historiko hau.

    Baserri Bizia 54. aldizkaria osorik:
    Baserri Bizia 54