pasahitza

Bertsogintzaz

  • pasahitza

    Maletillen matxinada sagardotegian

    Larunbat gauez Lizeaga sagardotegian. Maletillen matxinada. Izen handiak: Egaña, Paya, Silveira eta Lujanbio. Eta beste ziento erdi baino gehiago maletilla. Maletillak dira, aurreko Gipuzkoako bertsolari txapelketaren karietara, GARAk asmatutako bertso jokoan aritu diren bertsozaleak. 300dik gora izan ziren partehartzaileak, eta batzuk saria ere jaso zuten.
    adi adi begira! maletillen bertso afaria sagardotegian

    Urteko lehen txotx gaua izango zen gutako gehienontzat. Sagardo berria genuen frogatzeko. Eta afariari ekin aurretik, kupel pare bat edo probatuko genituen. Menua betikoa. Makallo tortilla, makalloa piperrakaz, txuleta ezin gozoago batzuk, intxaurrak, gazta eta bestelako gozo batzuk. Baina ororen buru sagardoa. Gozoa, suabea aurtengoa Lizeagan.

    Eta orduek aurrera egin arren, inor ez zen bertsotan hasten. Eta halako batean, Egañak Iurretako Eneko Abasolo “Abarkas” bertsolariagaz hasi zen bertsotan. Hara hurbildu zen gero Xabi Paya. Zarauzko bertsolari gazte bat gonbidatu zuen Egañak. Inguruan zen Silveira ere, eta urrunago Maialen Lujanbio.
    Zaharrak berri

    Eta maletillak hasi ziren gero. Ioritz azpeitiarra izan zen lehenengoa. Azpeitiako zezenplazan dotore aritutakoa Ioritz. Txukun hasi zen Lizeagan bertsotan. Egaña bera ikaratzeko beste.
    Egañaren gazta Ioritz, maletilla aitzindaria

    Sagardoaren bila joan etorri batzuk. Eta jaiak jarraitzen zuen. Lehenengo hemen, eta gero harago. Ez zen geldi egoteko gaua izan. Silveirak batetik, Egañak asko, Maialenek batzuetan, eta Payak ahal zuen guztietan. Neurri ezberdinetan aritu ziren. Gai jartzaile barik, librean.

    Maletillen maila
    Eta apurka apurka bertsozaleak, tabernako bertsolariak, hasiberriak eta bertso eskoletatik hurbildutakoak gehitzen hasi ziren. Sagardotegi gaua. Giroa eta bertsoa, dena bat. Maletillak bertso gosez joan ziren, egiteko gogoz. Eta izan zuten aukera ederra. Hainbatek kantatu zuen, gogotsu. Eta bertsolariak harritzeko beste kantatu zuenik ere izan zen. Plazaz plazan asko dabiltzan lau bertsolari ziren han, baina maletilla bat baino gehiago ez zuten ezagutu ere egiten. Beste batzuk bai, bertso eskoletatik eta.

    Ariketa polit bat ere proposatu zuen Bertsozale elkarteko Asier Ibaibarriagak -Maletillen jokoan epaile izan denak-. Bertsolari bakoitzak puntuak jarriko zizkion maletilla bati. 5 puntu behar zutenak, asko izan ziren gero. Mordoa. Eta maletillek ondo eutsi zioten erronkari. Oso ondo. Eta txalo zaparrada luzeak joan ziren han.

    Gauak aurrera, sagardo kupelek apurka apurka behera eta giroa gora, zelan ez. Ni neu, goizaldeko 3etan abiatu nintzen etxerantz, sagardotegiko giro ederretik. Bertan utzi nituen lagun batzuk, eta ez dakit bertso gehiago izan zen edo ez… baina gaur, egunkaria erostean GARAko zuzendariak idatzitako kronika aurkitu dut, argazki eta guzti.

    Silveira, Egaña, Paya eta Lujanbio bertsolariak maletillei so

    argazkiak: patxi gaztelumendi cc lizentzia

  • larrabetzutik,  pasahitza

    lau ertz eta saio borobila

    Urteroko bertso saioa izaten da abenduaren 25ekoa. 1994an hasi ginen antolatzen. Ari naizela! Ari naizela! ekitaldietatik azkena izan zen ordukoa. 1994ko Euskal Herriko finalistak izan genituen orduan, Andoni Egañak lehen txapela jantzi eta astebetera. Frontoia bete genuen, eta hurrengo urtekoan pentsatzen hasiak ginen.

    Egin genuen 1995ekoa ere, frontoian. Baina hotza gogoratzen dugu ordutik, eta Sarasua eta Egañaren bertsoak, Areitiorekin. Leire Bilbao hasiberria ere gogotsu zetorren, ahots ederragaz.

    Hurrengo urtekoa gaztetxean egin behar zela zioskun Xabier Amurizak. Eta halan hasi ginen 1996an. Tartean eztabaidak ere izan ziren herrian, hobeto zela frontoian egitea, beroagoa gaztetxea, hau eta bestea. Kontua da 1996tik ari garela gabonetako bertso saioa Hori Bai gaztetxean egiten. Eta urtero betetzen da. Urtero berotzen da. Urtero gozatzen dugu bertsoagaz, aurten ere berdin, eta urtero ezberdin.

    Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Fredi Paya, Xabier Silveira

    Lau ertz zituen saioak. Lau bersolari ezagun. Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurditik, nor bere mahaitik jaiki, eta gurera bertsotara etorriak. Bertsolari handiak laurak. Beteranoak bere gaztetasunean. Zein baino zein.

    Etxahun Lekue aritu zen gai jartzaile. Ondo. Sartu egin zen saioan, sartu zituen bertsokideak be. Bertso eskolan atondutako gaiak ziren, aproposak. Lana ondo betea zuten gaztetxean astero batzen diren bertsozaleek. Ondo egindako lanak, hobeto eskertzen ditu gero bertsolariak bezala, entzulegoak ere.

    Entregatutako entzuleak.
    Iluntzeko zazpiretarako ondo beteta zegoen Hori Bai. Epel epel gaztetxea, eta bertsolariak hurbildu zirenerako txalo zaparrada. Eskenatokitik kantuan hasi eta atoan girotu zen saioa. Etxahunek agindu, bertsolariek erantzun. Puntuak jarri, ofizioka aritu. Paperean sartu eta saio elegantea egin zuten.

    Larrabetzu.org gunean atoan egongo da saioa entzungai, eta zaleak badauka orduterdi atsegin bat igarotzeko aukera.

    Entzun gura badozu:

    [audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai071225.mp3]

  • pasahitza,  teknologia berriak

    Bertsoak Interneten

    ilunbeko maletillaLehen iragarkia, spota, webgunea begiratzean, itzela begitandu zitzaidan. Asmo eder bat, jendearen partehartzearekin gauzatu behar zena. Eta denborak -laburra gainera- erakutsi du, posible dela. Jokoa, lehia, sustraituta daude gurean, eta maletilla.gara.net bada horren adibide.

    Adibide xumea da. Baina aukera asko zabaltzen dituena. Bertsolaritza, txapelketa giroa, Interneteko euskarriak aprobetxatu dituzte. Zezenketen irudiak ere, kalte baino on gehiago egin die gainera.

    Spota lehenbizi
    Gara egunkariaren edizio digitalean ikusi genuen spota. Youtuben euskaldunok zintzilikatu ohi ditugun bideoak baino landuagoa. Bertsolariak -Andoni Egaña, Xabier Silveira, Maialen Lujanbio eta Xabier Paya- zezenplazaren erdian. Zezenarena eginez. Maletillak ateratzen dira gero, aurre eginez, beraien bertso edo koplak abestuz. Hasiera ona, gonbidapena egina.

    Spot honek, harrera ona izan bide du sarean. Youtubekoak 1.000 deskarga baino gehiago izan ditu, EuskalTubekoak berriz, 300 inguru. Horrez gain, GARA.net gunean bertan ikusitakoak ere marka ona jarriko zuten, dudarik gabe.
    “Ondo pasatu dugu”
    Josebarekin hizketan, ondo pasatu dutela adierazi digu. Spota grabatzen, bertsolariekin elkalanean, kanpaina prestatzen. Eta areago, emaitzak ikusita, pozago egongo dira. Pozerako motiboak dira, dudarik gabe.
    Partehartze eredugarria
    Eta datuak ere eman dizkigu Josebak. 350 partehartzaile erregistraturik gara.net-eko joko honetan. 1500 bertso baino gehiago tarte honetan. Edukiak, partehartzaileek jarri dituzte. Internet eta partehartzea beraz, eskutik doaz, beste behin.
    Gauza jakina da, azken urteotan bertso foroek duten arrakasta, bertso forofoak ere gero eta gehiago diren neurrian. Baina ez da gauza bera, bertsolaritzaz iritzia ematea, edo bertsotan iritzia ematea. Gehiago pantaila aurrean, eta tabernatik kanpo. Horregatik, datu politak iruditu zaizkit niri ere.

    Sareko oihartzuna
    Kezkatu nau ordea, sarean ez duela horrenbesteko presentziarik izan gaiak. Saiatu ez direlako? Jaramonik egin ez diogulako? Komunikabideei beste begi batekin begiratzen diogulako? Zabaldun adibidez, erabiltzaileon 7 boto baino ez zituen eskuratu gaiak. Sustatu batek, ez aipatzeak ere atentzioa deitu dit. Albistegarri da, berez. GARA delako boikota egin dio baten batek? Zalantzak dauzkat. G puntuan berriz, oihartzuna ez ezik elkarlana topatu du Maletillen lehiaketak. Sikiera.

    elkarrizketa irratia.com emankizunean
    Guk, sarean gertatzen denari astero egiten diogun begirada horretan, gaia aipatu gura izan dugu. Interesgarria begitandu eta elkarrizketa egin. Datuak aportatuta, esperientzia ona izan dela ezin uko egin. Sariketa, eta bukaerako afaria ere ez da txantxa izango, maletillen matxinada eta lau bertsolarien partehartzearekin Astigarragako sagardotegi batean. Zer gehiago behar da ba, gure festa nazionala ospatzeko?

    Elkarrizketa entzun gura baduzu:
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom071212.mp3]

    Eta hara non, hemen eta han ari nintzela GARAko zuzendariaren post bat ere irakurri dudan. Datuak ematen ditu berak ere, eta ikusgai jarri du kanpaina honetako making off bat. Sarean eskuratu dut kodea, eta blogean jartzea erabaki dut.

  • larrabetzutik,  pasahitza

    Bizkaiko bertsolari txapelketa, bapatean?

    Bizkaiko bertsolari txapelketa
    Astelehenean aurkeztu zen gure herrian, Bizkaiko bertsolari txapelketa. Domekan hasiko da eskualde honetan bertan aurtengo txapela erabakitzeko lehenengo saioa. Orain hasi eta abendu erdirarte, badaukagu nora joan eta zer entzun. Bizkaiko bertsolaritzak, iazko BECtekadaren ostean, erronka berria dauka.

    Esan eta esan ari dira batean eta bestean Unai Iturriaga eta Igor Elortzarik gabeko txapelketa dela. Kontua da, modu naturalean aurtengoan izenik ez ematea erabaki dutela bi durangarrek. Eta horrek, finalari begira behintzat, txapelketaren interes maila areagotu egin dituela.

    bapateanGuk gure aldetik, astero bertso_afari_saio bat egingo dugu. Finalista izan daitezkeen lau lagun batuko dira eguaztenero gurean –Fredi Paia, Arkaitz Estiballes, Etxahun Leku eta Xabi Paia-. Txapelketa nagusirako prestatzen hasi ginen, eta laurak finalerdietara igarotzea lortu zuten. Orain laurak Bizkaiko finalerako txartela eskuratu behar dute. Finalean afariotako giroa izan dadin, eta txapelaren beltza dastatzeko. Afariotako kontuak ez ditugu blogera ekarriko, baina txapelketaren jarraipena egiteko asmoa badago gure inguruan. Bertsoak ere, mp3 formatuan eskainiko dizkigu, entzun gura dituenaren gozagarri.

    Azken oharra:

    Txapelketa Zamudion abiatuko dela eta, esan beharra daukagu, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, Larrabetzuko bertsozale batzuen eskariz, Larrabetzun saio hau egiteko tramiteak egin zituela. Baita baietza lortu ere. Baina alkateak, saioaren gastuak ez ordaintzeagatik, larrabetzuarrok ezin izango dugu txapelketa gure herrian ikusi. Tristea bezain lotsagarria da, eta inork salatu ez duenez, gaztelumendi.org blogean behintzat horren berri emango dugu. Tomas Ordeñana alkatea, hain da lotsabakoa, nahi dituen gauzetarako baino ez dago prest gauzak antolatzeko. Asteburuan herritarrei paella doan emateko ez dago arazorik, baina Bizkaiko kultura bultzatzeko, txakur txikirik bez.