gogoeta.org

Eztabaidak Autodeterminazioa eta Sezesioa Nazioartea

  • gogoeta.org

    Gogoeta eguna(k)

    Pentsatu duzue? Hartu duzue atseden? Irakurri dituzue egunotan banatutakoak?

    Gogoeta eguna deitzen diote gaurkoari. Sarriago beharko genituzke, horrelako atseden egunak, nolabaiteko etena, baina ez hauteskunde makinariari zuzenduta bakarrik, gogoeta egunak edo uneak beharko lirateke lantokietan, kalean, ikasketetan… dena gelditu, eta pentsatzen jartzeko.

    Beharbada, gauzak hobeto etorriko zitzaizkigulakoan nago. Geldirik nagoen honetan, mundu guztiak lotan jarraitzen duen artean, euria atertu barik  dabilen bitartean. Izan be, euria ari du aspaldion, euria gogotik. Euria gogoetarako.

  • gogoeta.org

    -zu espainola zara?

    Bukatzeko, –zu espainola zara? galdetu berri dio Arantxa Iturbek Joxe Azurmendiri. Elkarrizketa mamitsua egin diote euskal pentsalariari. Erantzun argiak, maisuarenak eman ditu idazle, irakasle eta pentsalari aparta den Joxe Azurmendik.

    Ez. erantzun du Joxek. Labur labur, eta elkarrizketa bukatu da. Bejondeizula, eskerrik asko.

    Pentsakor geratu naiz, baina kantua amaitu aurretik hau bera galdetzea otu zait. Espainolak gara? Espainola zara? Zergatik? Gure jardunean, gure irakurketetan, gure ohituretan, gure ametsetan, gure hizkeran… espainolak gara?

    Ez esango dugu erraz, bai hau irakurtzen duzuenok, ez agian, hau idazten duzuenok, ez esan arren, bai pentsatuko dut nik.

    Joxe AzurmendiBaina Espainaren arima liburua irakurri barik be, zeozer badakigu espainoletaz. Euskaldunok eta espainolak ere idatzi zuen Azurmendik. Espainolek baino gehiago daki Espainiaren gainean, eta hori kritikatzen die gainera.

    Baina, orain egin dezagun gogoeta; -zu espainola zara?

  • gogoeta.org

    Ni ez naiz Graham Greene

    Iñaki Soto adiskideak, aspaldian irakurri dudan zutabe onena idatzi zuen aurreko astean Berria egunkarian. Beragaz komentatzen egon ostean, blogerako aproposa zela aitatu genuen. Hemen eskaintzen dugu berriz ere, eztabaida pizteko asmo zintzoagaz.

    Graham Greene (1904-1991) idazle britainiarra zen. Garaiko politikaren behatzaile zorrotza izan zen eta, batzuetan, auzi politiko horietan engaiatu zen. Adibidez, II. Mundu Gerraren testuinguruan, MI6ko espioi gisa aritu zen. Esperientzia horrek isla izan zuen bere liburuetan. Ironia handiz, egoera latzei buruzko kontakizun barregarriak idazteko dohain berezia zuen. Film bihurtu diren idazlan ugarien autore da. Azkenekoa, The Quiet American. Aipagarrienak, niretzat, The Third Man eta Our Man in Havana dira.

    Tregoatik hona Euskal Herriko politikaren errepide mapa Greenek idatzitakoa dirudi: Norvegiako goi-bilerak, baserri bateko azpi-bilerak, disidentziaren aurkako epaiketak metropolian… Azken hilabeteetako gertakizun hauen guztien artean badago bat bereziki greenedarra iruditzen zaidana: Pablo Muñoz, Gorka Agirre eta Julen Madariaga ETAko kidetzat jo dituzte.

  • gogoeta.org

    Montenegron bizitakoa

    1992tik egun honen zain zeudela esan zigun atzo, edo herenegun, Andrej Nikolaidis idazleak. 1992an erreferenduma izan zuten montenegroarrek, eta %20ak bozkatu zuen independentziaren alde. Geroztik, burrukan jarraitu dute, bere erara, atzoko eguna etorri eta heldu arte. Eskuratu arte.

    Montenegroarrak independentzia ospatzen

    Ikusgarria zen, zelan ospatu zuten gaueko 10:00etatik aurrera independentziaren aldeko erreferendumaren garaipena. Itzela izan zen benetan. Inoiz ez nuen nire burua horrelako egoera batean ikusi. Milaka lagun kalean, bandera gorriak eskutan, autoetan zein oinez, furgoneta kamioi eta kale bazterretan. Denak pozik, denak kontent… eta gu ere hunkitu eta poztu egin ginen. Zelan ez.

    Egun batzuk daramatzagu herri zoragarri hau ezagutzen. Iparraldetik, hegoaldeko hondartzadun herrietaraino zeharkatu dugu. Mendiak daude hegal guztietan, mendi itzel politak, eta hiriburua Podgorica atsegina egin zaigu. Egunotan bizitakoa intentsitate handiarekin joan da… eta zaila izango da hau ahaztea.

    Ez dugu Internet konexioa erraz eskuratzen, telefono mobiletik igortzen ditugu gure kronikak. Baina benetan diotsuet… aspaldian ez nituen artikuluak eta albisteak horrelako intentsitatearekin idazten. Hunkituta, oso hunkituta idazten ditut berbok. Oraindik, jende guztia ospakizunetan ari da… eta euskaldunak garela entzuten duten bakoitzean, hurrengoak gu garela gogoratzen digute.

    Gogor egin beharko dugu horren alde, zinez, gogoz. Mereziko du. Europan dagoeneko autodeterminazio prozesu interesgarriak jarri izan dira abian, eta XXI. mendeko hau bertatik bertara bizitzeak, gure herrian Euskal Herrian independentziaren alde jarraitzeko adorea, gogoa eta indarra eskaini digu.

    Zuek lekuko.

  • gogoeta.org

    Esloveniatik Montenegrora

    15 urte beteko dira ekainean Esloveniak independentzia lortu zituenetik. Eta hona etorri gara, Ljubljana hiriburura.

    Bart gauean iritzi, eta hemen eman dugu goiza. Bertan irakasleko irakasle soziologo baten laguntzarekin ibili gara batera eta bestera, hiria ezagutzearekin batera historia hurbilean murgiltzen. Asko ikasi dugu beragaz, eta biharko elkarrizketa eder bat egin diogu, Gara egunkariak argitaratuko duena. Gaztea da, jantzia. Soziologian ari den arren, Nazionalismoari buruzko nazioarteko aditua da, bere gaztetasunean. Asko erakutsi digu, eta bere etxera ere gonbidatu gaitu lanera. Bertatik idatzi dugu, mezuak jaso, elkarrizketak egin eta bere wifi konexioa baliatuta informazioa igortzen ari gara, batera eta bestera.

    Gogoeta XXI think tank hau hemengo herrialdeetara etorri dela eta, interesa piztu da Euskal Herriko komunikabide batzuetan. Euskadi Irratia, Bilbo Hiria irratia, Bizkaia irratiak eta Info 7k kronikak eta elkarrizketak eskatu dizkigute. Gara egunkarian publikatuko ditugu hemen bizitakoaren inguruko kronika eta iritziak… eta bideoz ere grabatzen ari gara hemengo une batzuk.

    Montenegro | garai berri bat

    Esloveniako egoera ezagututa -15 urteko bidea jada- asko ikasi dugu hemengo egoera orokorraren gainean. Kroazia, Kosovo, Bosnia, Makedonia… asko daukagu oraindik sakontzeko. Duela 15 urte baino lehenago, Berlingo harresia erori ostean Esloveniakoa izan zen lehen autodeterminazio prozesua Europan. Garrantzitsua da horregatik horretan sakontzea. Gutxi dakigu beraz, hemengo prozesuen gainean. Gutxi begiratzen dugu Euskal Herritik Europako alde eder honetara. Eta orain, Montenegro dugu jomuga.

    Autodeterminazioa XXI. mendeko hasieran. Lehena da, eta bide horretatik jarraitu gura genuke euskaldunok ere, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatuz. Montenegroko hiriburua, Podgorica izango dugu horren lekuko. Kostaldeko herrietara -independentziaren aldeko jarrera nagusi da han- ere joateko asmoa daukagu. Independentziaren aldeko aldarrikapena gertutik jarraitzeko. Bertan bizitzeko.

    Euskaldunon begirada

    Une garrantzitsua da hau, hemen bezala gure herrian ere, eta hemengo bizipenak, harremanak eta esperientziak Euskal Herrira eroan gura ditugu. Konpartitu, azaldu, erakutsi eta bat egin. Independentzia prozesu bat hain gertutik bizi dugun lehen aldia da gutako askorentzat…. eta hoiek Euskal Herrian hedatzen saiatuko gara. Interneten ere prestatu ditugu zenbait egitasmo. Euskalherria.com atarian dosier handi bat prestatu dugu, bide honi buruzko bloga atondu dugu mundua.com zerbitzarian… eta laister ekimen gehiago jarri beharko ditugu martxan.