Zapatu gaua Larrabetzun. Hurrengo zapatuan ospatuko da AEK Eguna, baina jaia aste osora luzatu da aurten, eta, Arrekikili Euskara Taldearen eskutik, zita aspaldi genuen egina: Ruper Ordorikak kontzertu akustikoa eman behar zuen Hori Bai gaztetxean. Ez zen galtzeko moduko zita, ez leku eta formatu horretan.

kantuok jartzen ditut

Lekuarena diot, Hori Bai gaztetxeak toki berezia lortu duelako belaunaldi zenbaiten bihotzean, eta, kontua pertsonalizatuz, gaztaroan ikusi nituen kontzerturik sentituenetako batzuk bertan bizi izan nituelako. Horrela eraikitzen dira geografia sentimentalak, horrelako arrazoiekin, nirea bai behintzat. Bestetik, lekuarena diot, zapatukoa Ruperrek Larrabetzun emandako lehenengo kontzertu izan zelako (hala esan zuen berak kontzertua hasi aurretik).

Eta formatuarena diot, kontzertu akustikoa zelako, kontrabaxuarekin. Berezia eta ez galtzeko modukoa, beraz.

Zer esan, adiskideok. Kontzertua hasi orduko, gauza jakina zen gertatuko zena: Ruperrek “gau giro ederra” eman zigula, berak kontzertuan hiru bat bider errepikatu zituen hitzak erabiliz.

Lehenengo sorpresa, Ruperren look berria, perillarekin. Une horretatik aurrera, kontzertu osoa izan zen sorpresa atsegin bat. Kantuei dagokienez, eta kontuan hartzen badugu rupertorioko kantu gehienak klasiko bihurtzen direla airea urratzen duten unetik, klasikoz betetako kontzertua izan zen, eta hori ondo igarri zen jendearen kantatzeko gogoan. Kantu berri pare bat ere eskaini zituen, eta azken aldian maiz entzun diogun Etxamendi eta Larralderen beste pieza zoragarri hori ere.

Baina sorpresak asko izan ziren. Niretzat, bi izan ziren ederrenak: Jon Piris kontrabaxu-jolearen lan bikaina, eta Ruperren hizjarioa abesti bakoitzaren ostean.

Bigarrenetik hasita, esan beharko dut sekula ez dudala Ruper hain berbati ikusi kontzertu batean, eta, zalantzak argitzeko, esango dut nik izugarri eskertzen dudala hori. Beharbada ez musikari guztiengan, baina Ruperrengan bai: zinez eskertzen diot abesti bakoitzaren sarrera egitea, nondik sortu zitzaion kantu horretarako harra, ze anekdota gertatu zitzaion batek-daki-noiz… Asko du kontatzeko, eta eskertzen diot zapatuan izan zuen patxada hori. Egia da, era berean, Larrabetzuko gaztetxea txikia dela eta giro beroa aise sumatzen dela eszenatokitik, eta horrek bidea errazten du. Egia da, era berean, kontzertua hasi eta gutxira, gitarraren soka bat apurtu zitzaiola eta, hori konpondu bitartean, kontuak esaten ibili behar izan zuela. Egia da gogorra izan daitekeela abeslari batentzat, bere abestien babespetik irten eta hizketaren (bakarrizketaren) saltsan sartzea, baina Ruper gogotsu zetorren zapatuan (zerikusirik izan ote zuen Gotzon Barandiaranen amak afaltzeko prestatu zion makailuak?), eta segituan lortu zuen publikoa kolkoan sartzea.
Soka berriak jartzen ditut Argi gorria kantariari Ruper gaztetxean
argazkiak:
gaztelumendi.org
Eta goxoa izan zen ikustea zelan joaten ziren harilkatzen Ruperren istorio horiek guztiak, beharbada sekula kontatu gabekoak mikrofono batetik eta publikoki. Stephen Rocherekin ateratako argazkiaren istorioa, Mungiako oroitzapenak, Gasteizko gazte-denborak eta Bilboko ikasle-garaiak, amamaren kontuak, Espumosos Gorbea txirrindulari-taldea… biluztu egin zen Ruper, Stephen Roche bezala 1987ko Euskal Herriko Itzulian.

Bigarren sorpresa nagusiena, esan bezala, Jon Piris kontrabaxu-jolea. Gustura aritu zen, kontzertuan sartuta eta gozatzen, dena ematen. Sekulako indarra eman zion kontzertuari, eta harrigarria izan zen konturatzea, itxuraz txikia zen formatuan, zelan betetzen zuen kontrabaxuak Ruperren doinua. Bai: Ruperrek berak bakarrik ere erraz beteko luke edozein eszenatoki, badu horretarako pertsonalitate, ahots eta presentzia nahikoa, baina kontrabaxuak ederto baino hobeto bildu zuen oñatiarraren musika, eta Pirisek argi erakutsi zuen zelako klasea duen.

Gero bisak etorri ziren, eta, publikoaren eskaeretatik tiraka, “Herdoilarena”, “Ene herrian”, “Baltsean” edo “Aspaldian” kantu beti ikaragarriak jo zituen.

Eta horrela joan zitzaigun denbora, konturatu orduko, ura bezala eskuetan. Zapatua domeka bihurtu zitzaigun bat-batean, zurito batetik bestera, gau giro ederrean. Baina asteak aurrera jarraitzen du, eta hurrengo zapatua ere hurbil dago. Larrabetzun zita.

Julen Gabiria