larrabetzu

Kultur asteburu konpletoaren ostean, Sanjuan sua

Ekaina 23rd, 2008

San Juan suaEkaina, ekitaldiz ekitaldi doa. Eguenean Castillo Suarez izan zan gurean, Souvenir poesia liburua aurkezten, arrekikili euskara elkartearen eskutik.

Barikuan Maixak jazz doinuak jo zituen Anguleri aurrean batutako ikusleen aurrean. Zapatuan koru ezberdinak batu ziran eleizan eta domekan bertso eskolak amaiera eman zion aurtengo ikasturteari.

Bertso eskola show
Kaletik koplatan ibili ostean, Hori Baiko saioagaz amaitu zan. Ekitaldi polita, jende asko entzuten, eta giro itzela. Bertsoa eta antzerkia, bertsoa eta asmakizunak, umorea eta koplak.. danetarik. Angulerin hasi, Andramari kalean jarraitu eta eleiz portalean izan zuen kalejirak momentu gorena, deabrua eta aingeruagaz kantau ostean, Hori Baien ondo antolatutako ekitaldia. Bertsoak eta txalo zaparrada. Ekitaldi polita aurten be.

Sanjuan sua

Hori Bai gazte elkarteak, urtero moduan aurten be sanjuan su ikusgarria antolatzen ibili da. Azken asteotan, prestaketa lanak, ensaioak, gidoia, kantak… beste urte batez be, ekitaldi ederra antolatzeko. Zubibarriko plazan egingo dan ekitaldia, gaua ondo sartutakoan hasiko da, gaueko 22:30ak aldera. Sorpresa ugari, baina giro ona ziurtatuta.

Urko Lasarte: “Ikusteko lehenengo begitu egin behar da”

Ekaina 17th, 2008

Urko Lasarte

Urko Lasarte argazkilari gaztea da. Flickr.com gunean kontua dauka, eta bertan argitaratzen ditu kamara digitalagaz egindako lanak. Mundu osoko ikusleak ditu, eta Larrabetzu 2.0 ekitaldien barruan argazki erakusketa atondu dogu Hori Bai gaztetxean. Egunotan ikusgai dauz bertan Urkoren 25 lan. Erdu.

Zure lehenengo argazki erakusketa da. Zelan?
Ba ondino ezin sinetsita nabil. Egia esan, ez zan nire ideia izan Patxi Gaztelumendik proposatu zidan eta Hori Baiko gazteen laguntzaz antolatu da dana; inprimaketatik hasi, erakusketa egiteko txoko egokiak topatzen, argazkiak atontzen…
Erakusketa bat egitea ez jata burutik pasatu ere egin, oso urrun ikusten nuen aukera hori…behar bada heldu ezin izango litzateeken aukera bat moduan ikusten nuen

Kontatu Urko eta argazkigintzaren arteko harremana.
Harreman laburra, behintzat kamara bat eskuan hartu nuen lehen egunetik gaur egunera… Larrabetzuko jai (2007) bezperan erosi nuen nire lehen kamera. Betidanik gustatu izan zaizkit argazkiak, National Geographic eta holango aldizkariak ikustean flipatu egiten nuen, baina inoiz ez nuen pentsatu argazkiak egiten hastea, bakarrik ikusi eta gozatu egiten nuen.
Harreman laburra baina oso bizia. Argazkiak egiten gauza asko ikasi ditut, eta ez bakarrik argazkilaritzaren inguruan. Argazkilaritzarekin gure inguruan dagozen gauza asko ikusten ikasi dut.. . eta ikusteko, lehenik, begitu egin behar da. Begiratzen ikasten dugunean gure ingurauan ikusi ez ditugun gauza asko dagozela konturatzen gara.

Batez be Interneten argitaratu dozuz orain arte, ezta?
Bai, Flickr.com-en kontu bat zabaldu nuen, batez be dohan dalako eta oso erosoa. Gainera beste pertsona batzuen argazkiek ikusi daikezuz eta ideiak aldatu; eta batez ere, asko ikasi.

Flickr-eko kontu horretan badirudi arrakasta dexente dekozule.
Bueno, uste baina gehiago bai. 8500 bisita inguru dekodaz gaur egun eta jede dexentetxu hurbiltzen da komentarioak egitera. Batez ere Flickr-eko nire kontaktuak dira, baina Larrabetzuko blogetan egin den propagandak ere asko lagundu du horretan.

Zer da zuretzat gaur egun argazkigintza?

Artea. Danok eskuragai, eta diru asko gastatu barik, dugun arte bat. Argazkigintzaren bitartez errealitatea erakutsi daikezu edo “zure errealitatea” adierazi daikezu. Mendira irteerak egiteko aitzakia da, edozein ekitalditara joateko aitzakia da… argazkiak ateratzeko mugitu egin behar zara, argazkiaren bila joan behar zara; ta hori “bizitzea” da.

25 argazki dauz Hori Baien, zelan aukeratu dozuz?

Nire gustukoak aukeratu ditut. Flickr-en komentario eta bisita kopuruak ere kontuan izan ditut. Behar bada argazki batek ez du kalitate minimo bat, baina niretzako esanahi berezia du, eta hori ere kontuan izan behar da, jende guztiak ez du zergatik argazki bat berdin ulertu (sentitu) behar.

Zeri begira egoten zara argazki bat egiterakoan?
Ez dakit. Azken aldian galdera hori pasatu jata burutik baina ez dut erantzunik topatzen. Adi egoten naiz ingurura begiratzen, eta zerbait ikusi dudala usten dudanean klik egiten dut. Lehengora noa, ikusteko begiratu egin behar da.

Ikasle Madrilen, oporretan herrian, eta argazkiak noz?
Edozein momentutan. “Argazkia” ikusten badut, eta kamera aldian badaroat, klik. Larrabetzura joaten naizen asteburuetan kamera hartzeko momenturen bat topatzen dot, nahiz eta 10 minutu badira ere. Edo edozein ekitaldira joateko aitzakia da, azkena Mungiako Rallya izan zen. Madrilen, lagunekaz egun pasa noanean ateratzen ditut. Kamera aldean eramaten dot eta noiz behinka begiratzen dut ea zerbait ikusten dudan, horretaz arduratu barik.

Kamara digitala erosi, eta handik gitxira lapurtu dotsuen, zelan bizi zenduen sasoi hori, kamara barik?
Ba gogortxue izan zan. Ezin nuen sinetsi. Orduan konturatu nintzen nire barruan zeuden ilusioetaz eta aurrera egin behar nuela. Hitz hauekaz erotzat hartu ahal nabe, baina mingarria izan zan.
Diru pixka bat lortu nuen Katamalokoei esker eta baita argazki bategaz irabazi nuen sariagaz, eta kamera digital txiki bet erosi nuen.
Horrekin atera ditut argazki gehienak, reflexagaz 3 hilabete inguru bakarrik egon nintzen eta.

Aurrera begira ze asmo?
Argazkigintzan ikasten, sakontzen eta hobetzen jarraitzea. Eta ointxe bertan, lana topatzea udan, reflex barri bat erosi ahal izateko.
Ea ba diru nahikoa ateratzen dudan, garestitxuek dira “jostailu” hauek, eta argazkigintza gustatzen zaidanez, aurreko reflexa baina hobea erosiko dot… ea posible dan.


Urkok aukeratutako 5 argazki.

lorea

Lorea

Inoiz ez nuen lore bat angelu horretatik ikusi. Lorategira urten nintzen etxean aspertuta nengoelako eta loreei argazkiak ateratzen hasi nintzen, orduan lorea ikusi eta klik egin nuen. Inguruaz zelan isolatuta dagoen gustatu zitzaidan eta baita lorea ikusteko angelua.

polizia

Polizia
Madrilen errekadu batzuk egiten ibili nintze eta eszena hori ikusi nuen. Polizia heldu eta tipoari dokumentazioa eskatu zion. Jarrera harroagaz hurbildu ziren poliziak eta gizonak ez zuen ulertzen, etorkina zen, orduan harroputzago pare ziren poliziak. Hartutako momentua asko gustatzen zait, polizia bat gizonagaz berbaz dagoelako eta bestea niri begira dago.

Umea Bilboko jaietan
umea Ikusi nuen zelan buru bat irtetzen zen jende artetik. Ume hori bere gauzetan pentsetan zijoan, ingurukoak arduratu barik. Umeak euren mundu partikularra dute, helduok ulertu ezin daikeguna.

Dadah

Dadah
Begirada horren barruan Sahara dago, eta hango bizitza gogorra. Niretzat, begirada errugabe horrek, gauza asko kontatzen dizkigu.

Txakurra gaixorik
txakurraKlasetik irtetzean egin nuen argazkia. Hamar (10) argazki inguru atera nituen eta hau bakarrik gustatu zitzaidan, txakurra (5 hilabete zituen) ez zen geldi egoten eta nigana hurbiltzen zen. Eskua eta kamararen objetiboa miazkatzeko hurbiltzen zen…eta klaro, ezin jarrita egon (argazkian eperdia altzeta deko). Prosezatua Photoshopegaz ere asko gustatu zitzaida, zuri-beltz interesgarria iruditu zitzaidan.

Ekitaldiz betetako asteburuaren ostean, euria

Ekaina 16th, 2008

San Antonio egunak zabaldu zeuen asteburue. Jende asko Eleizalden, giro ona antza. Ludotekako umeak joakeran, guraso asko be hurbildu zan uritik. Giro onean, jana eta edana, jolasak eta musika.
Zapatuan barriz, gauza asko Larrabetzun. Igerilekuak zabaldu ziren, Literatura Eskolak kurtsoko azken eguna, Uritarrak urteko batzarra -Jose Luis Sagastigordia Bolorio hautatu zeuren presidente barri- eta eskolako jaia.
Larrabetzu herri eskola
Urkulu bideoa

Egun osoko ekitaldiak eskola eta frontoi inguruan. Dantzak, gimnasia, pelota partiduak, nesken pala, euskal dantzak plazan, herri bazkaria. Kamiseta berde danak salduta… zer kontau asko emon deu guraso elkarteak itzel ondo antolatutako jaiak.

Bazkarian jantokia bete bete, umeak olgetan eta gurasoak berbetan. Kanpanalue antzerki, jolas, dantza eta musikan eta herri giroa kalean.

Domekan, pelota partiduak telebistan, Erreala eta Alaves segundan biak, eta Jone kantaria gaztetxean. Kantaldian jendea jezarrita, eta hormetan Urko Lasarteren argazki erakusketa.

Herrian udaberria ekintzaz loratu da, eta astebururo dago zeozer. Bizi bizirik dauen seinale. Herri kultura, partehartzea, antolaketa eta giroa. Zer gehiago behar da ba?

San Antonio Eleizalden, Eskolako jaia eta Jone kantari

Ekaina 13th, 2008

Barikuan San Antonio eguna. Urkiolara goizean joan ostean, arrastien ekitaldiek egongo dire Eleizalden. Arrastien umeentzako parkea egongo da, sardina jana guztiontzat eta erromeriatxoa Basajaun taldagaz.

Zapatuen barriz, Eskolako jaia izango da. Egun osorako, ekitaldi mordoa antolatu ditu Txispamendi guraso elkarteak. Kirolak, dantzak, bazkaria, antzerkia, musika, tailerrak. Programa aberatsa eta partehartzailea.

Jone

Domekan barriz, Jone kantaria izango da Hori Bai gaztetxean. Tolosako Bonberenea gaztetxeagaz diskoa kaleratu eta oin herriz herri dabil neska kantaria. Hori Baien iluntzeko 8etan izango da kontzertua.

Jone domekan kantari

Urko Lasarteren argazki erakusketa

Ekaina 12th, 2008

Argazki kamaragaz batetik bestera ibiltzen den mutikoa da Urko. Kanpoan ikasten egon arren, sareagaz beti dekogu bere berri. Nork ez ditu ba ikusi bere Interneteko argazkiak? Halan da be, Larrabetzu 2.0 ekitaldien barruan, bere argazki erakusketa jarri dogu Hori Bai gaztetxean.
urko Lasarteren erakusketa Hori Baien
Egunero zabaldik dago Hori Bai, jendea egongo da argazkia zugaz komentatzeko, trago bat zerbitzeko. Eta ganera, ikasleak erdi oporretan, erdi azterketetan dabizenez, Sanjuanetararte egongo da erakusketa erakusgai.
Gero, beste herri batzutara eroango dogu gure artista gaztearen lanak.
Zuen iritziak be batu gura geunkez hemen.

#basquecamp Hori Bai gaztetxean

Ekaina 7th, 2008

Herri ezberdinetatik hurbildutako 30 lagun inguru, teknologia berrien erabiltzaile eta garatzaileak, barcamp euskaldun bat burutzen.

basquecamp hori bai gaztetxean, Larrabetzun
argazkia: twitxr (telefono bidez zuzenean argitaratua)

Euskaraz gabiz egunerokoan, eta gaur be euskaraz gabiz gai interesgarrien inguruan berbetan.

Hitzaldi interesgarriak, partehartze zabala eta gehiago ikasteko gogoa.

#basquecamp Ukberri.net

UKberri.net albistegi digitalean, argazki gehiago eta kronika barriro.

Kronika, minutuz minutu
Wiki bat izan da orain arteko gure lotura. Editatu eta gaiak proposatu ditugu. E-posta be
baliatu dugu, jendea animatu eta gonbidatzeko.

Twitter asko erabili dugu, eta erabiltzen jarraitzen dugu. Erabilgarri zaigulako. Eta basquecamp honen ostean orain gainera, proiektu bakoitza aurpegi batzuekin lotuko dugu. Link.
Bestelako loturak.

Eta eleizako kanpaiek seirak zirela adierazten zutenean, jendea agertzen hasi zen Andra Mari kaleko 23an. Eta gaztetxera hurbiltzen, ordurarte ezezagunak zirenak, inoiz ikusitakoak, elkarri idatzitakoak zein post ezberdinetatik ezagutu izandakoak.

Gaitegia berriro adostu, metodologia partehartzaile bat proposatu eta ekin genion solasaldien tarteari.

Berbarako, hiru gai nagusi genituen. Herritarrak eta informazioa bloke batean, Mapen gaineko tartea eta azkenik tresna ezberdinak erakusteko berbaldiak.

Herritarrak+teknologia
Aurkezpenak egin ostean ekin genion topaketaren izenburu zen Informazioa = herritarrak+teknogologia atalari. Teketenekmashup azkarrak hartu zituen hizpide, eta berak prestatutakogarapen edo aplikazio pratikoak erakutsi zizkigun. Yahoo pipes baliatuta, herriak testuinguru informatiboan kokatu eta egunkarietako albisteak mapetan jartzeko baliatu zuen bere hitzaldia.

Ukberri.net atariko lagunek, beraien albistegi digitalaren berri eman, eta Uribe Kostako blogari,fotolog eta albisteen komunitatea aurkeztu zuten. Errekaz bestaldera, Barakaldotik Herrikolore.org gunearen berri izan genuen, herri mugimenduak, euskara, kultura, albiste alternatiboak, bideoak lagun gutxi batzuen artean eginda.
Ekimen profesionalagoa eta handiagoa da Goiena.net, eta presentzia izan zuen, gogoeta interesgarriak Iban
Arantzabalen eskutik. Eitb24.com atariak ere, laister kaleratuko duen proiektu berri baten zertzeladak
ekarri zituen gaztetxera. Partehartzea, herrietako informazioa eta Internet uztartuko ditu, eta horretarako erabiltzaileen iritzia jaso gura izan zuten. Aholku batzuk, zenbait akats eta proposamenak jaso
zituzten. Gaur8 eta Hitzari buruz ere hitzegin zuten zapatuan.
Larrabetzu.org anfitrioiko partaideek ere azaldu zuten proiektua zertan den, eta
aurrera begira dauden asmoak.

Mapak
Egungo gaia, dudarik gabe. Tagzaniako biztanlee, OpenStreetMap.org aplikazioa erakutsi ziguten; aukerak, tailerra egiteko posibilitatea, herriz herri gure auzo eta kaleak mapeatzeko argibideak eman zituzten
besteak beste. Arreta bereganatu, eta aukera berriak asmatzeko irrikitan entzuleak. Xabi Erkizia Audiolabeko kide, musikari eta soinu ikerlari adituak soinumapa.net erakutsi zuen. Herriek badute soinurik? galdetuz hasi zuen bere hitzaldia. Eta gauza berriak elkarrekin sortu eta garatzeko aukera plazaratu zuen.

Tresnak eta hitzaldi laburrak
Iñaki Berazategi kazetariak gerra zibila hartu zuen hizpide, eta sarean topatutako disko, kantu eta informazio iturriak azaldu eta erakutsi eta entzungai jarri zituen. Maite Goñik, Euskaljakintzatik,
wikikoadernoen esperientzia jorratu zuen eta Igor Santos informatikariak standar irekiak izan zituen berbagai. Solasaldiek entzuleen arreta piztu zuten. Ezagunak batzuk, eta esperientzia berriak
besteak. Ahotsak.com aurkeztera etorri ziren Badihardugu elkartekoak. Hizkuntzaren inguruko bideo grabazioak ikusi daitezke gune honetan.

Interakzioaz gogoeta_tzen

Orohar interesgarri suertatu zitzaigun lehen barcamp hau. Elkar ezagutu, nolabait sarean lanean ari den jendearen berri izan eta teknologia berrien inguruan intereakzioa sortzeko moduko topaketa izan
zen. Abiapuntu bat, beste behin. Etorriko diren saioen zain.
Interesgarria litzateke gainera, bertan egondakoen iritziak berton batzea. Euskarazko garatzaile eta erabiltzaileak batu dituen ekimenetik, sortu daitezkeen bestelako langintzetarako. Auzolan
telematikoak jarraitzen du. Sarean eta kalean. Hurrengoa noiz?

BideoKronika
Urkulu bideoak

Malen Bizkaiko bigarren eta Euskal Herriko finalera

Ekaina 6th, 2008

Bizkaiko eskolarteko bertso txapelketa
Bizkaiko eskolarteko bertso txapelketan, herriko bertso eskolako Malen Amenabarrek ia txapela lortu, eta Etxahunen antzera, hau be Bizkaiko bigarren. Hurrengo saioa Euskal Herriko finala izango da, Altsasun jokatuko dana, hilaren 21ean.

Juanjo Respaldiza bertsolari eta bertso irakasle dana Bizkaiko ikastoletan ibili da aurtengo txapelketa atonduten. Berak idatzitako kronika dakargu larrabetzu.org gunera. Zorionak Malen!

Bizkaiko eskolarteko bertso finala

Juanjo Respaldiza

Bizkaiko Ikastolen Elkarteak antolatuta, atzo, hilaren 5a, jokatu zen Bizkaiko Umeen eta Gaztetxuen Bertsolari Txapelketa, Bilboko “El Carmen” aretoan. Bertso lehia ohikoaz gainera atzokoak txapelketa antolatzen hasi zirenetik 25. edizioa izatea zuen berezitasun. Hala, bertso saioa amaituta, 25 urteen inguruko oroitzapen ekitaldia egin zuten, hasieratik gaur arteko bidean mugarri izan direnak gogoratuz, alde batetik, eta, bestetik, txapelketaren antolakuntzan laguntzaile izan direnak aintzat hartuz. Bertan egon ziren Astileku ikastolako ikasleak, bertsotan hasi berri-berriak; Iñigo Ibarra antzerkilaria, agertokietan “Ander Lipus” izenagaz dabilena, bera izan baitzen txapelketa honetan lehenengo parte hartzaileetariko bat, orain dela 25 urte; Xabier Payá bertsolaria, hainbatetan txapeldun umeen eta gazteen mailan, eta gaurko egunean Bizkaiko txapeldun nagusi; eta han zegoen Jon Lopategi bertsolari-irakaslea, hasiera urteetako eragile nagusi izan zena. Erakundeen artean Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko udala, Euskaltzaindia, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea eta Bizkaiko Bertsozale Elkartea izan ziren bertan.

SARIDUNAK
Nerea Ibarzabal markinarra 14 urte artekoetan eta Jone Uria algortarra 15-18 bitartekoetan izan ziren txapeldun. Malen Amenabar larrabetzuarra eta Miren Amuriza berriztarra batuko zaizkie hilaren 21ean Altsasun jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko finalean. Eurak laurak izango dira Bizkaiko ordezkari Altsasun.
Bertso maila oso dotorea agertu zuten El Carmenera etorri ziren finalistak. Inoiz baino gehiago erantzun zioten elkarri ofiziotako lanetan. Bat-batean erantzuteko gaitasunak erakusten du bertsolariak bere buruaz duen konfiantza neurria, eta jokabide horrek asko bizitzen du saioa, eta bertso kalitatea goratu ere bai.
Aurten ere neskak izan dira nagusi txapelketan, bai parte hartze kopuruari dagokionez bai saridunei begira. Ohiko xehetasun bihurtu zaigu hau gazteen arteko bertsolaritzan Bizkaian bezala beste herrialdeetan ere.
Malen Amenabar

Saiorako gaiak Zuriñe Iarrituk prestatu zituen eta bera izan zen atzoko saioko aurkezlea. Epai-mahaian Gorka Intxaurbe, Igor Meñika eta Arkaitz Estiballes egon ziren bertsoak puntu bihurtzeko lan nekosoan.

Petti eta Gose asteburuan

Ekaina 5th, 2008

Musikagaz hasiko dogu asteburua. Nafarroako Beratik hurbilduko da Petti. Aspaldian musika egiten, bakarlari moduan be hainbat disko plazaratua. Larrabetzun aspaldi egondakoa, ondino be diskorik argitaratu barik euki zeuen sasoian.

petti ON
Anguleri aurreko tokitxoan emongo dau kontzertua bariku iluntzean, eta jendeak jezarrita entzuteko aukera izengo deu, Anguleritik plazara dauzen eskailera eta zintarrien.
Arrekikili euskara elkarteak antolatutako emanaldien artean, barikukoa izango da lehenengoa. Gero etorriko dira Jone, Maixa eta Txuma Murugarren. Larrabetzu.org guneak emanaldion barri emon, argazkiak argitaratu eta kronikak eskainiko ditu: emanaldion laguntzaile moduan.

GOSE domekan
goseLarrabetzu 2.0 ekitaldien barruan, GOSE taldearen emanaldia izengo da domeka arrastien. Trikitixa eta elektronika uztartzen dituen Arrasateko taldea da Gose. Esku soinua, kitarra elektrikoak eta erritmo programatuak eszenario gainean, irudiz ondo lagunduta.

Gosek orain arte bi disko plazaratu ditu, baltza lehenengo eta zurie iaz. Tartean Eutsi pelikularako soinu bandako kanta nagusia egin ostean, arrakasta handia lortzen dabil Euskal Herrian.

Tartean Carlinho Brownegaz jo, Fangoriagaz batera eta hemen han aritu dira euren doinuakaz. Gurean asteburukoa izango da lehenengo biderra.

Aikoemen Eutsi pelikulako bideoklipa:

Malen Amenabar Bizkaiko bertso finalean

Ekaina 3rd, 2008

bertso kartela 08 Aste honetan, egunean jokatuko Bizkaiko eskolarteko bertso txapelketaren finala. Eta finalean Larrabetzuko Bertso eskolako partaide bat be egongo da, Malen Amenabar. Sailkapen saio oso ona egin ostean, heldu da finalera Malen.

Bilboko “El Carmen” aretoan, Indautxun, ekainaren 5ean, eguenez eta goizeko 11etan izango da finala. Larrabetzutik eta Txorierriko institutotik jende mordoa joatekoa da finalera. Honek dira, datorren eguenean Bilbon arituko diren finalistak. Gazteenen maila da hau.

  • Nerea Ibarzabal (Markina)
  • Josune Aramendi (Markina)
  • Malen Amenabar (Larrabetzu)
  • Beñat Iturbe (Zornotza)
  • Maria Gorriño (Zornotza)
  • Sarai Goitia (Lekeitio)
  • malen amenabar bertsotan

Aipatzekoa da, finalean izango diren bertsolari guztietatik bakarra dala mutila. Gainontzeko danak eskolartean bertsotan dabizen neskak dira. 18 urtera bitartekoen artean berriz, honek dira finalera sailkatutako bizkaitarrak.

  • Maialen Markaida (Berango)
  • Imanol Uria (Algorta)
  • Jone Uria (Algorta)
  • Aitor Beitia (Bermeo)
  • Miren Amuriza (Berriz)
  • Xabier Iturrazpe (Lekeitio)
  • Irati Erkizia (Bilbo)
  • Pello Ormazabal (Arrigorriaga)

Bertsoa.com gunean bideoan Bilbotik zuzenean eskainiko deure bertso saio osoa.

Koleos 4×4 barria aurkeztu du Renaultek Larrabetzun

Ekaina 2nd, 2008

renault koleos 4x4
Larrabetzu Renault uria bihurtu da egun pare batez. Astelehen eta martitzenean Larrabetzun, mahats artean erakutsi deure Renault kotxe enpresako nagusiek. Astorekan auzoko mahastietan, pista berezia prestatu eta Azurmendi jatetxean batu dira Renaulteko langile, arduradun eta adituak.
Bi egunez Larrabetzu, Renault markako kotxeen uri bihurtu da. Kaletik be, behin eta barriro pasatzen dira kotxeok.
koleos 4x4 larrabetzun
Bideo bitxia egin du Renault markak 4×4 barria aurkezteko. Merezi deu ikusteak.

Larrabetzuko aurkezpenari buruzko xehetasun gehiago eman asmo dogu larrabetzu.org gunean.

Hurrengo orrialdea »
Itxi
Bidali postaz