Egitaraua
Ekainak 8, barikua
“Tristisima ceniza” nobela grafikoaren aurkezpena. Nobela
hau Robert Capa, gerrako kazetaritza grafikoaren maisua, 1937ko apirila
eta maiatzean Euskal Herrira egindako bisitaldian oinarrituta dago. Mikel
Begoña historialaria eta komikiaren gidoilariak hartuko du parte. Honek
lanaren sorkuntzaren prozesua azalduko die bertaratuko direnei eta Iñaket
marrazkilariak, historia-fikzio ariketa bat egingo du. Horretarako, hitzaldia
bitartean, Robert Capak borroka egunetan egin ahal izango lituzkeen Burdin
Hesiko borroken irudien zirriborroak egingo ditu. Edorta Jimenez idazleak,
euskaraz argitaratutako Robert Capari buruzko biografia bakarraren egileak,
ekitaldiaren sarrera eta amaiera egingo ditu.
Ekainak 10, domeka
Larrabetzuko Bolunburupean lurreratuta dauden Asturiar
soldadu errepublikarrei omenaldi eta lore eskaintza.
Ekitaldia herriko plazatik abiatuko da eguerdiko 12:00etan, herriko txistulari
eta trikitilariek girotuta, Bolunburu inguruan gauzatzeko.
Larrabetzuko auzotarren bitartez jakin izan dugu bertan, Bolunburupean,
gure herri inguruko Burdin Hesiaren tartea zaintzen zeuden Asturiar soldadu
errepublikarrez beteriko hilobia dagoela, zenbat gorpu egon daiteken
momentuz ez dakigun arren.
Aranzadi Zientzia Elkartea jakinaren gainean da hilobi honen existentziaz,
zientifiku hauek esku artean daukaten lan agendak aukera ematen diotenean,
gorpu horien desehorzketa egiteko.
Ekainak 11, astelehena
“Zerutik sua dator” dokumentalaren proiekzioa Larrabetzuko
Andra Mari elizan eta dokumental horretarako Larrabetzuko biztanleek parte
hartu zuten irudiekin osatutako DVDaren aurkezpena eta estreinaldia. Honekin
batera, gudari guztiei eta bereziki orain gutxi hil den gure herrikide eta Arana-
Goiri gudarosteko gudaria zen Sabin Oñarte-Etxebarriari omenaldi xumea
egingo diogu. Bere parte hartzea oinarrizkoa izan zen “Zerutik sua dator”
dokumentalean. Larrabetzun grabatu zen zatian bera izan zen istorioaren
haria.
Ekainak 12, martitzena
“Euskadi bonbapean” hitzaldia Jon Irazabalekin, historiagilea
eta Gerediaga Elkarteko partaidea. Baita Durangoko Euskal Liburu eta Diska
Azokaren zuzendaria izandakoa eta Durangoko bonbardaketaren aditu
nagusietariko bat.
Irazabalek orain urte batzuk hasi zituen Gerra Zibila Durangaldean
gaiari buruzko ikerketak eta dagoeneko horri buruzko bi liburu argitaratu
ditu: “Durango 1937 martxoak 31” eta “Gerra Zibila Durangaldean 1936-
1937”.
Ekainak 13, eguaztena
“Gerrako abestiak”. Gaztelumendi abesbatzaren kontzertua
Elezalde, Larrabetzuko auzoan.
Aurten 20. urteurrena ospatuko duen Larrabetzuko abesbatzak ziklo aranista
sasoiko euskara hutsezko errepertorioa interpretatuko du (Txeru, Itxarkundia,
Mendiko negarra, Eusko Abendaren Ereserkia…). Hauekin batera gerra aurreko
eta gerra denborako garrantzitsuak izan ziren beste abesti batzuk ere abestuko
ditu (Gernikako Arbola, Jaiki-Jaiki, Martseilesa, Internazionala, Eusko Gudariak,
Goazen mendirik mendi, Erbeste espetxean…)
II. Errepublika eta 36ko gerra garaiko kantutegi argitalpen eta grabazioetatik
aukeratu dira abesti guzti hauek, bere egileek sortu eta inoiz interpretatu
zituzten erara ahalik eta gehien hurbilduz. Haietariko batzuk erabateko lehen
emanaldiak izango dira, hala nola “Marsellesa”ren euskaraz ezagututako lehen
bertsioa, 1848an Jean Baptiste Arxu idazle zuberotarrak egina; euskaraz
ezagutzen den Internazionalaren lehen bertsioa, 1932an Odon Apraiz
euskaltzale gasteiztarrak egindakoa; Eusko Gudariak-en lehen bertsioa, Aita
Arraindiaga apaiz klaretiarrak egindakoa, zeinaren letra denok ezagutzen
dugunaren desberdina da; eta Erbeste espetxean, Santoñan preso izandako
gudarien himnoa.
Kontzertua aurrez prestatutako gidoi bat jarraituz burutuko da. Honen bitartez,
eta era labur batean, interpretatutako abestien historia azalduko da.
Ekainak 14, eguena
“Errusoak Euskadin”, Mikel Aizpuru UEUko zuzendari ohia eta
EHU-UPV-ko Historia Garaikide Sailaren Zuzendariaren hitzaldia.
Mikel Aizpuru “El informe Brusiloff. La Guerra Civil de 1936 en el frente Norte
vista por un traductor ruso” liburuaren egilea da, besteak beste. Lan honek
Gerra zibilaren alderdirik interesgarrienetako eta ezezagunetako bat argitzen
hasteko balio izan du: sobietikoen presentzia Euskal Herrian gerra bitartean.
Ekainak 15, barikua
“827 km. sin retorno” eta “El cementerio de las botellas”
dokumentalen emanaldia. Nafarroan izandako errepresio frankistaren, gutxien
ezagutzen diren bi aspektuen inguruan: Estatuko beste puntu batzuetatik
ekarritako preso errepublikarren erabilpena, eskulan esklabo gisa, eta San
Kristobal gotorlekuko presoen hilkortasun tasa handia (300 hildakotik gora),
jasaten zituzten bizi-baldintza ankerrengatik (hauei gehitu beharko litzaieke
ezaguna den gotorlekutik ihesaldian 200etik gora eraildako presoak).
Bi dokumental hauekin azpimarratu nahi dena zera da: zenbait erakunde
memoria historikoaren berreskurapenean egiten ari diren lan eredugarri eta
desinteresatua, hala nola, Memoriaren Bideak, Geronimo Uztariz Institutua eta
Aranzadi Zientzia Elkartearena. Halaber, nabarmendu nahi da, alde batetik,
erakunde hauen garrantzia burutzen ari diren hilobitik ateratze ekintzetan,
eta errepresio frankistak eraildako pertsonen gorpuen identifikazioetan, eta
bestetik, zeregin hauetan, biktimen familiarteko eta hurbilekoekin elkarlanaren
balioa.
Ekainak 17, domeka
Burdin Hesiaren aztarnetara bisita gidatua. Larrabetzuko
Eskolako Gurasoen Elkartearekin batera antolatutako ibilbidea.
Herriko Bertso Eskolakoek ere hartuko dute parte ekimenean.
Horretarako, ibilbidean bisitatuko diren lekuetan, horren garrantzia edo historia
kontatzen duen bertsoa botako dute.
Aste horretako ekitaldiak bukatu ostean eta urtea amaitu baino lehen azken
ekitaldia burutuko dugu.
Abenduak 14
“Trintxerako kantuak”. Gerra garaiko abestiez osatutako
kontzertua, herriko musikarien eskutik, Legutioko (Villarreal) gatazka 1936an
gertatutako datekin bat eginez.
Emanaldia prestatzeko, Larrabetzuko Musika-eskolako arduradunekin, zein
musika jotzen duten hainbat herritarrekin harremanetan jarri gara eta guztiek
elkarlanean osatuko dute emanaldia.
Aurreko gerrako abestien kontzertuan Gaztelumendi abesbatzak aranista
zikloko abesti klasikoak eta antzeko beste batzuk, interpretatu behar bazituen,
bigarren kontzertu honetan abesti mota arinagoa da edo moldaketa erritmiko
gehiago ditu. Abestien jatorria sektore politiko-ideologiko desberdinetan
dago (errepublikanoak, abertzaleak, anarkistak, katalanistak, sozialistak,
komunistak, nazioarteko brigadistak…), baita herri-musika ondarean ere
(tangoen moldaketak, txotisak, eta beste herri doinu eta orduko modako
kantak) zenbait hizkuntzatan abestuak (euskara, gaztelania, katalana, italiera,
frantsesera, ingelera…)
Hizkuntza, gaia eta estilo aldetik aukera zabala da, eta horrek gerra garaian
Euskadin sortu eta orain arte jendaurrean interpretatu gabeko abestiak
errepertorioan sartzea posible egingo du (Tango de la batalla Matxitxako,
Gudari soy del batallón de Acción- Himno de la Aviación, Canción de la carcel
de Saturraran…). Baita faxisten abesti moldaketa irrigarriak (Guadalajara
no es Abisinia, Cara al sol eibarrés, Por Dios por la pata de un buey…) edo
Internazionalaren eta Varsovianaren (A las Barricadas) euskal bertsioak,
Gabriel Aresti eta Luigi Anselmi, poeta famatuek, hurrunez hurren, egindakoak
ere.
Ekainaren 13ko Gaztelumendi abesbatzaren kontzertuan egingo den bezala,
abestiak aurreikusitako gidoi baten arabera interpretatuko dira. Abesti
bakoitzak bere aurkezpen testua izango du eta bere historia eta abestu zen
inguruabarra azalduko da.

2 comments